Bidaide  III. urtea // 76. zenbakia

Asiako gozamenak (II)

Mezu berezia:

- Labezomorro erreak (Cambodia): 1 € dozenea.
- Kobra (Vietnam): 200 € inguru lau lagunentzako.
- Izokina gordinik sushi erara (Japonia): 3 € anoa.
- Ahatearen mihinak (Txina): 4 € anoa.
- Txakur errea (Vietnam): 2 € anoa.
- Saguzarrak (Indonesia): 2,5€ pieza bakotxa.
- Harrak (Tailandia): 60 zent. € kukurutxoa.
- Ahatearen 'hankatxuak' (Txina): 3,5 € pare bat lagunentzako.

Bon appetit

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama
Bideoa: Demelsa González

Jateko mueta guztiak aprobetxetako jokerea azken muturreraino daroe Asiako Hego-ekialdeko gastronomietan eta, batez be, Tailandia, Cambodia eta Vietnamen. Herrialde horreetan, jateko onak dira mantenugaiak daukiezan eta pozoidunak ez diran izaki bizi guztiak eta, kasu batzuetan, goi sukaldaritzan preziatuak, animaliak zein landareak izan. Halan da be, Tailandia iparraldeko Chiang Rain ohikoa dan jatekoa mahai gainean ikusi nebanean, susto ederra hartu neban: labezomorroak, har-saltseagaz. Phnom Penh, Canbodiako uriburuko azoka nagusian be zur eta lur geratu nintzan tarantula errea, txirri-txirriakaz horniduta jateko arrunta zala ikusita. Edozelan be, aurreretxiak, bildurrak baztertu, aurrean daukazuna zer izan daiteken larregi pentsau barik eta, gitxieneko interesagaz, posible da jateko eta gusto barrien munduan sartzea, izan be, suetean landu osteko jateko tradizionalen etxurea eta aurkezpena platerean nahiko polita izaten da.

Vietnamen momentu berezienetarako ixten dabe sugearen okelea eta zenbat eta pozoidunagoa izan, hobea da euren esanetan. Kobra bat preparetea erritual berezia izaten da: bizirik dagoala kutxiloa sartzen jako odola atarateko; odola likore bategaz nahastau eta oraindino bero-bero dagoanean edaten da. Odola edan eta bihotza gordinik jan ostean, sugearen okelea preparetan hasten dira. Sugearen zati guztiak aprobetxetan dabez (azala, kartilagoak...) eta prijiduta, egosita eta gordinik be jaten dabez. Kobra baten okelea lehenengoz Vietnamen probau neban eta Txinan pozoidunak ez ziran sugeak be jan nebazan; okelearen gustoa arrainarena lakoa da baina ez da bape samurra izaten...

Aitatutako errezeta horreek danak edozein jatetxetan topau zeinkiez: kaleko saltoki txikietan, ugerrak jandako karrotxuetan erreta zein kategoria handiko jatetxeetan; sugea, barriz, jatetxe espezializatuetan baino ez dabe preparetan, batez be, sukaldari adituen egitekoa dalako. Dana dala, Asiako Hego-ekialdeko herrialdeetan edonon topau daiteke sugearen okelea, baita kaleko saltokietan be; leku batzuetan, jarleku txikiak be ipinten dabez bidaiariak 'eroso' egon daitezan eta, beste batzuetan, barriz, zutunik jan beharra, besterik ez dago. Kontuan hartu, herritar gehienen ekonomia ez dala oso indartsua eta aukera gitxi daukiela jatetxeetara joateko.

Cambodiako uriburuko, Phnom Penheko azoka nagusian harrituta geratu nintzan eskola ume batzuk papelezko kukurutxoetan eukena amorru handiz jaten; gurean txurroak emoten deuskuez holakoetan baina kia! Hurreratu eta kukurutxoetan har erreak eukiezala ikusi neban, gure gusanitoen antzera. Nire harridura aurpegia ikusi ebenean, euretako bat nigana etorri eta “do you like?” esan eustan. Sentitzen dot baina ez nintzan ausartu.

Txakurra eta katua Asiako Hego-ekialdeko herrialde askotan jaten dabez, besteak beste, Vietnamen eta Txinan. Vietnameko Saigonen, kaleko edozein txiringitotan topau daiteke txakur errea, batez be, Choloneko txinatar auzoan. Otordua bizkor egiteko jatetxe horreetan egiten dan antzera, arduradunarengana hurreratu, gustoko dozun txakur zatia eskatu, eta berehala eroan zeinke mahaira edo kaleko edozein bazterretara platertxuan hartuta. Hori bai, gura izan ezkero, txakur okelea freskotan be erosi daiteke kaleko edozein dendatan.

Japonia

Herrialde aurreratuenetakoa izan arren, gastronomia berezia dauka eta orain arte aitatutakoak baino ezagunagoa eta onartuagoa izan gure artean, zeozelako errezeloa euki geinke. Salmoia arrozagaz nahastean errezeta arrunta da baina salmoia gordinik, sushi edo sashimi erara preparauta ipinten dabe Japonian. Horrezaz gan, olagarroa be asko jaten dabe japonian baina ez gordinik, bizirik baino zotz batean sartuta. Bestetik, munduan bakarrenetakoak dira Japonia eta Norvegia balearen okelea miresten dabenak eta, jakina, kritika gogorrak entzun behar izaten dabez.

Herrialdean oso karu dagoz elikagaiak eta, berbarako, meloi batek 60 eurotik gorako prezioa euki leike; ondorioz, gero eta indar handiagoa dauka zabor-jatekoak. Gauzak holan, turisteak ez dau jateko arazo larregi eukiko hanburgesa kloniko izoztuak edo granjako oilo-hankak jan gura badauz behintzat.

Edozelan be, herrialde bakotxeko jateko tradizionalak probetea oso interesgarria da, besteak beste, gureagaz zerikusirik ez daukan kulturea ezagutzeko. Hasieran, gatx egingo jatzue baina jateko eta gusto desbardinak probetako ahalegina egitea gomendatzen deutsuet, jakina, ezelako presino barik. Esperientzia zoragarria izan daiteke, sentsazino desbardinak bizi eta gastronomia arloan asko ikasi daiteke.