Euskerea berbagai  III. urtea // 75. zenbakia

Elebitasunaren kalteak


Erkidegoetan egin diran ebaluazinoen emoitzak aintzat hartzen badoguz, Euskal Autonomia Erkidegoan, gaztelaniaren ezagutzeari jagokonez, emoitzak Estaduko bestelako erkidegoetan baino hobeak dira, halan da ze, gaztelania ez dago desagertze bidean, osasuntsu dirau. Hagaitik, Espainiako Erret Akademiako zuzendariordeak Estauan ez eze, gaztelaniaz ari diran ganerako herrialdeetan burua altzau guran eta ezinean ari diran hizkuntzez arduratu daiten eskatuko neuskio. Bada garaia horretarako! Izan be, Espainiako zein gazteleraz mintzo diran ganerako herrialdeetako eskoletan gertu dituan hizkuntzak ezagutzera emotea, zabaltzea garrantzi handikoa izan daitekeelako, mendeetako injustiziari iges egitea litzateke hori, errealidadeari lepoa emoten ez segidutea eta ... alkarbizitzea ... alkarbizitzea benetan bultzatzea eta eregitea.

Erramusn Osa

Espainiako Erret Akademiaren zuzendariorde Gregorio Salvadorren esanetan, erkidego batzuetan elebitasunak gaztelaniari kalte egiten deutso, izan be, bere eretxiz, hizkuntzek personak alkar ulertzeko izan behar dabe, ez, ostera, personak bereizteko. Ganera, asmautako jazoera historikoetan oina hartuta eregitako identidadeen mundu txikien eraginez, gaztelaniaz ondo berba egiten eta idazten eben tokietan txarto berba egiten eta idazten hasi ei dira. Munduan gehien erabilten dan bigarren hizkuntzea ezin ei da bazterrean itxi hizkuntza txiki baten alde, eta hizkuntza komunak ezagutza komuna ahalbidetzen dauanez, bestelako hizkuntzak identidade zeinu gisa bada be ezin ei dira erabili.

Emondako arrazoien logikeari segiduko bageuntso, ostera, bestelakoa litzateke atara beharko geunken ondorioa. Izan be, munduan berba egiten ei dan bigarren hizkuntzea zabaltzen, berba egiten zergaitik horrenbeste ahalegindu? Zergaitik ez hori bazterrean laga, lehenengo hizkuntzea –ingelesa– eskuratuta guztiok hizkuntza bakar horretan alkar ulertzeko modua egin bageinke? Ze, holakoak gitxiagotutako hizkuntzei buruz aritzean eurei trabak jarteko baino ez dira erabilten. Beste testuinguru batzuetan be antzeko arrazoiak erabilten dira. Euskal abertzaleek zaharkitua dan Estaua eregi guran ari ei dira eta hori antxinako eredua, atzerakoia dala esan ez eze, bazterrean laga beharreko xedea dala dinoe euren Estaduari muzin egiten ez deutsen espainiar nazionalistek, bada, sasoi bateko medikuaren esana jatort: egizu nik dinotsudana; ez, ostera, nik egiten dodana.

Gaztelania munduko bigarren hizkuntza izatera helduko zan, bai, halaxe da, baina, inperioaren izana zein irautea hizkuntzearen bidez gorpuzten zala/dala uste izan dabenen eraginez, hizkuntza hori askotariko herrien esistentzia ezabatzeko baliatu dabela, ordaina hori izan dala ez dago ezkutatzerik. Zenbat hizkuntza eta kultura desagertu dira, hil zorian geratu identidadeak ezabatuz izakera bakarra eregi gura dabenen eraginagaitik? Baina, hizkuntzak bazterrean lagateko motiboa, besteak beste, hiztun kopurua ezin izan daiteke, hizkuntza batek ez dauka beste baten aurretik jarteko ezelako eskubiderik, izan be, hizkuntza batean edo bestean ari diran hiztun alkarte guztiek ditue eskubide berberak, hagaitik, euren hizkuntzan aritzeko eta, neurri handi baten, hizkuntzeagaz batera datorren kulturea be jagoteko eskubidea ... konplexu guztiak gaindituz, jaso dabena belaunaldi barriei transmitiduteko obligazinoa be ganeratuko neuke nik. Ezen, hizkuntza eta kultura bat desagertzen dan bakotxean, bide batez, mendez mende eregi dan munduaren ikuskerea be desagertzen da, eta munduko herritarren ondare kolektiboa eskastu egiten da.

Ez dot elebakartasunean sinesten, ez eta mendeku eta antzeko jokabideetan, kolore bakarreko mundua ez dot gustoko, aitortzen dot, ez hizkuntza handien kasuan ez eta, hizkuntza txikiak babestu behar diralakoan, txikien kasuan, horrek ez dauka etorkizunik, gure errealidadera etorrita are gitxiago. Izan be, XXI. mendean, gitxiengo baten hizkuntza gitxitu bat –euskerea– mantentzea eta indarbarritzea testuinguru eleaniztunean kokatu behar da, baina, planteamentu horrek, besteak beste, eskola eremuan hizkuntza nagusia euskerea izatea eskatzen dau.