Azken Arzalluzkadak zer pentsau emoten dau
Ez dakigu benetan (edo nik behintzat, ez dakit) Espainiako gobernua eta ETA erakundea berbetan badabilzan ala ez. Baina jakin badakit ETAk indarkeria bertan behera itxi dagian nonork nonogaz berba egin beharko dauala. Eguneroko ogia dira diskurso ofizialak, Madriletik etorri eta buru barruan sartu jakuzanak: “Berbarik ez indarkeria dagoan bitartean”. Baina diskurso honeek ez dira praktikoak arazoa konpontzeko.
Nire ustetan, indarkeria ez da 'beste barik' amaituko gure herrian. Zelan edo halan, mahai ganean edo mahai azpian, berba egin beharko da armakaz dabiltzanakaz. Indarkeria zelan amaitzen dan eta indarkeria kontuetan ibili diranak zelan bueltauko diran bizitza zibilera mahai baten inguruan adostu beharko da. Zoritxarreko kapitulu honeen amaierea alkarrizketearen ondorioa izan beharko da. Aznarren garaiko mentalidadea, hau da, irabazle eta galtzaileena, atzean itxi beharko da.
Era berean, ETAkoek barruratu egin beharko dabe Espainia armakaz menperatzeko agertu daben ezintasuna. Herri honek ez dau merezidu sufrimendu gehiagorik. Momentu honeetan urtenbide duina topetako aukerea emon behar deutsagu alkarri. Bitarteko politikoek zibilei bide emon behar deutsee, batek baino gehiagok, ahopeka, bidea zabalduko dauan erabagia hartuta dagoala esaten deuskun arren. Ez neuke gura frustrazino gehiagorik izan, baina ahopeka eta itxaropenez erantzuten dot: hala bedi.
Batzuei eta besteei galdera bardina egin behar jake: prest zagoze egoereari bueltea emoteko? Eta aldaketeak eskatzen dauzan sakrifizioei aurre egiteko? Hauxe da benetan ardura deuskuna eta ez antolatzen diran saltsa mediatikoak.
Iñaki Atxutegi
Euskal politikagintzeak faltan bota dau Xabier Arzalluzen presentzia erretiroa hartu ebanetik. Halanda be, lantzean behin komunikabideetan agertu eta oraindino “hor” dagoala erakusten deusku. Euskal politikeari gatza eta piperra botaten maisuetan maisu da azkoitiarra.
Espainiako Gobernua eta ETA erakundea berbetan dagozala esan eta danak asaldatu dira. Honek ukatu, besteak bere haserrea agertu... Nork ez dau balorau Arzalluzek esandakoa?
Aurreko artikulu batean esaten neban faltan botako gendula “rockero zaharra”, mihinaren artistea. Bazterrak nahasteko erraztasun parebakoa agertzen dau Arzalluzek. Gogoratu daigun urteetan Madrileko prentsarako “Mamu Baltza”ren papera jokatzea egokitu jakola. Baina komunikabideen eskandaluen atzetik zer pentsau emon beharko leuke Arzalluzek esandakoak. Sarritan azalean geratzen gara, esandakoari kasu egin barik.