Javier Agirresarobe argazki zuzendaria, Zineko Sari Nazionala
Euskal zinearen argazkilaria
1977tik 80ko hamarkadako erdialdera arte bete-beteko konpromisoa hartu eban euskal zinematografiagaz. 1977an Imanol Uribegaz batera jardun eban “EZ” laburmetraian eta urtebete geroago Fernando Colomoren “¿Qué hace una chica como tú en un sitio como éste?” filmearen argazkiaz arduratu zan.
Sasoi honetan ostera be egin eban behar Uribegaz batera gurean guztiz ezagunak diran ondoko titulu honeetan “El proceso de Burgos”, “La fuga de Segovia” eta “La muerte de Mikel”; larogeiko hamarkadako bigarren erdialdean hainbat proiektutan hartu eban esku, berbarako Javier Rebolloren “Golfo de Vizcaya”, Montxo Armendarizen “27 horas”, Gonzalo Suárezen “Remando al viento” edo José Luis Cuerdaren “El bosque animado” pelikuletan.
Lau Goyaren irabazlea
Pilar Miróren “Beltenebros” filmagaitik argazkigintzarik onenaren Goya saria irabazi eban lehenengoz; horren ostean, Víctor Ericeren “El sol del membrillo” pelikulan hartu eban parte edo Juanma Bajo Ulloa gasteiztarraren “La madre muerta” filmean. Imanol Uriberen “Días contados” filmeko ikutu hotzetan edo Julio Medemen “Tierra” pelikulako tonu apaletan ondo be ondo jardun eban.
Modu honetara, guztiz estilo personala garatu dau eta hori agiri-agirian dago Miróren beste film bitan: “Tu nombre envenena mis sueños” eta “El perro del hortelano”; azken behar hori zala eta, bigarren Goya emon eutsien; hirugarrena eta laugarrena “Antártida” eta “Los otros” film ezagunetan egindako lanakaitik emon eutsiezan. Beraren azkenengo beharra Amenábarren “Mar adentro” filmean ikusi ahal izan dogu.
Joseba Terreros
Kultura Ministerioaren menpeko Zinematografiaren eta Ikus-entzunezkoen Institutuak 2004ko urteko Zineko Sari Nazionala emon deutso Javier Agirresarobe Zubia argazki zuzendari eibartarrari. Epaimahaiak aho batez emon dau saria, argazki zuzendariaren maisutasuna eta azken sasoiko lan profesionalen kalidade handia kontuan hartuz.
Agirresarobe Eibarren jaio zan 1948an eta gaztetan Zineko Eskola Ofizialean sartu zan; bertan, besteak beste Juan Ruiz Anchía, Ángel Luis Fernández, Imanol Uribe edo Julio Madurga ezagutu ebezan eta 1972an graduatu zan. Zine profesionalean egindako lehenengo lana José Luis Borau zuzendariaren “Hay que matar a B” filmean bete eban 1973an, kamerako laguntzaile modura. Urte horretan bertan, bere lehenengo lana gauzatu eban argazkigintzako zuzendari legez, Antton Merikaetxebarriaren “Rumores de Furia” laburmetraian.