Zinea  III. urtea // 75. zenbakia

Mar adentro

Veneziako Zine Jaialdian: Epaimahaiaren Sari Berezia (Mar adentro) eta aktore onenaren Volpi Saria Javier Bardem aktorearentzat


“Niretzat, zuregana ailegetako eta zu ikutzeko metro bi eskas horreek ezinezko bidaia dira, kimera bat, amets bat... Horrexegaitik gura dot hil”

Duda barik, Alejandro Amenábarrek itzelezko doeak daukaz zinegile modura; oraingoan, behinik behin, ondo be ondo frogatu deusku “Mar adentro” lan bikain, eder, zintzo eta, batez be, burutsu honetan. Amenábar gauza izan da ikus-entzuleak sentsibilidade handi eta finez biaje izugarri batetik zehar eroateko, Ramón Sampedrok bizi behar izan eban heriotza trokearen ertzetik zehar, hatan be.

Ganera, Amenábarrek eta beraren ohiko laguntzaileak, Mateo Gilek, tetraplegiko honen ibilbidea kontau deuskue ikuspunturik argi eta zentzudunetik: itaunak eta zalantzak pilatzen diran ikuspegirik gizatiarrenetik, hain zuzen. Horrek pelikulea eutanasiaren aldeko apologia gordina bihurtzeko arriskua ebitau dau eta, aldi berean, honen alde agertzeko filmak hartzen dauan jarrerea indartu da. “Mar adentro” filmeko personaiek egiten daben barruko bidaia eta ikus-entzuleek ibili beharreko tartea maila berekoak dira, arian arikoak, libreak eta, batez be, manipulazino eta apologiatik urrutikoak.

Horri guztiorri, Javier Bardemen antzezpen zoragarria gehitu behar jako; behar besteko sakontasuna eukiteaz ganera, keinu bakarretan dramatismoa, ironia eta barregarritasuna ederto buztartzen jakin dau. Haregaz batera, Mabel Riverak koinata langile eta sufridu modura bete dauan beharra guztiz txalogarria da, bai eta Lola Dueñasen xalotasun alaia be. Belén Rueda, beharbada, ez da maila berera heldu, baina behintzat enbidoari eusteko kapaz izan da.

“Mar adentro” zeregin artistikotik harantzago doazen lan horreetariko bat da; zine aretotik at luzatzeko gaitasuna daukan filma da. Esperientzia ederra, benetan.

Joseba Terreros


- Zuzendaria: Alejandro Amenábar.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 110 minutu.
- Antzezleak: Javier Bardem (Ramón Sampedro), Belén Rueda (Julia), Lola Dueñas (Rosa), Mabel Rivera (Manuela), Celso Bugallo (José), Clara Segura (Gené), Joan Dalmau (Joaquín), Alberto Jiménez (Germán), Tamar Novas (Javi), Francesc Garrido (Marc).
- Gidoia: Alejandro Amenábar eta Mateo Gil.
- Argazkigintzea: Javier Agirresarobe.