Oporren osteko sindromea
Sintomak
Estresa sentiduterainoko irudipena handitu eta larridura hori bestelako adierazpideen bitartez azaltzen da. Sabeleko eta hesteetako gorabeherak izaten dira, digestinoa egiteko zailtasunak, meteorismoa. Beste batzuetan arnasa falta dala emoten dau eta bihotz taupaden erritmoa bizkortzen da. Larridureak eta artegatasunak eguneroko zereginei eragiten deutsee. Beharrean blokeo egoera batera heldu daiteke, egindako ahaleginak gitxi dirala pentsetan dalako eta bete beharreko zereginak pilatzen doazelako.
Traba honeek guztiek hartu-emon personalei be eragiten deutsee eta, ondorioz, hasarretzeko eta sumintzeko aukerak handiagoak dira, eztabaidak sortuz. Laneko giroa eta hurreko personen artekoa be okertzen da. Prozesu honen ondorioz, isolamendu handira heldu eta aldartearen gorabehera handiak sortu leitekez, kasurik okerrenetan egoera depresiboetarako oinarriak finkatuz. Aditu askoren eretxiz, azken jokaera horixe da sindrome honen ardatz nagusia.
Hobe hamabostaldi bi
Arazo hau aurrejagoteko belu izanagaitik be, ohiko bizimodura moldatzeko erreztasuna oporrez gozetako moduaren araberakoa izango da. Arazo mueta honeek ebitetako, oporrak behar dan moduan eratzea gomendatzen da. Ondorioz, gero eta ohikoagoa izaten da oporraldia hamabostaldi bitan banantzea. Epe bi horreek udan tartekatuz, ohiko bizimoduagazko loturea ez da guztiz galtzen eta biorritmoak be ez dira hainbeste aldatzen.
Oporrak tartekatzeko erarik ez badago, azken egunak gorde behar dira normaltasunetik hurrago dagoan erritmo batera itzultzeko. Onena beharrari ostera be oratzeko arian ariko entrenamentua da. Horretarako aditu batzuek uste dabe lanera bueltetako eguna astelehena izan beharrean hobe dala eguazten edo egunera arte itxarotea.
Begiluzea
Osagile gehienek ez dabe oporren osteko sindromea gaixotasuntzat hartzen, bizipen desatsegintzat baino; dana dala, ezin da ukatu ohiko lan bizimodura itzultzeak osasun gorabeherak ekarten dauzana, bai arazo psikologikoak bai estresari jagokozanak. Oporretatik bueltaukeran, gure bizimoduaren erritmoa agiriko moduan aldatzen da, hainbat kasutan, ganera, bat-batean.
Gauzak holan, ordutegi zorrotz bati ostera be egin behar deutsagu aurre, gehienetan goizean goiz jagiz, etxeko ohiko zereginei barriro oratuz eta beharlekura itzuliz. Horrek makina bat zeregini eustea dakar. Bizimodua korapilatu egiten da eta derrigorrean bete beharreko ordutegia dago. Aldakuntza honeetara moldatzea zeregin gatxa izan ohi da eta horrek desoreka handia sortarazoten deutso biorritmoari. Lo egin eta jateko orduak guztiz aldatzen dira.
Lanean pilaturiko makina bat gai daukaguz begira eta ahalik eta arinen konpontzen ahalegintzen gara. Horrek, ordutegi gogorregia dakar eta atsedena albo batera ixten da. Jokabide honek lantzean-lantzean nahiko zirkulu arriskutsuan sartu eragiten gaitu.
Laneko errendimentua gero eta txikerragoa da, nekea arian-arian pilatzen doalako eta horrek larritasun handia dakarrelako. Era berean, errendimentu faltearen ondorioz, zereginak gero eta metatuago dagoz eta horrek hasikerako arazoa larriagotzen dau. Kasu honeetan, eguneroko bizimodua gatx-gatxa bihurtzen jake sindrome hau eukiten daben personei, ez dirala egunerokotasunaren eskakizun mailara ailegetako gauza sentiduten dabelako. Ganera, ondoeza areagotzen da oporrez barriro be gozetako falta dan tartea oso handia dala pentsetan bada.