Euskaldunok munduan  III. urtea // 75. zenbakia

Argentina: azken egunak, Che!


Okupatzaileak orain lehenengo mundutik datoz. Benetton eta Hard Rock Cafe enpresetako jaubeek eremu handiak erosi dabez, erreka, mendi eta guzti. Bestaldean, maputxeak, lur barik geratu dira, nahiz eta mapu berbeak lurra esan gura dauan, eta txe berbeak, personea, jentea. Jakin izan dogunez, Benetton enpresearen jaubeak erosi dauan lurraren zati bat maputxeena da, eta maputxeek lurra aldarrikatu dabe. Halanda be, Argentinan maputxeen ganean dagoan museorik zabal eta handiena Benettonek zabaldu dau…

Eta Esqueletik San Carlos de Barilochera. Barilochen paraje zoragarriez gozetako aukera ederra izan dot: lakuak, mendiak eta egurrez egindako etxetxuak. Hori dala-eta, Barilocheri Suitza txikia esaten deutsie. Mendira joatea seriotzat edo hartu dot eta mendira joan naz, aterpetxean ezagutu dodazan Italiako mutil bategaz eta Alemaniako bategaz. Bidea benetan polita izan da. Basoan sartu baino lehenago Barilochen ezagutu dodan gizon bategaz akordau naz: sarri mendira joaten da, eta baso batean sartu baino lehen basoari baimena eskatzen deutso.

San Carlos de Barilochetik San Martin de los Andesera. Bidea ezin politagoa izan da: zazpi lakuren ertzetik joan gara, mendien artean. Zoragarria, benetan zoragarria. San Martinen jente atsegina topau dot. Bikote bategaz egon naz berbetan eta esan deustie Menem agintean egon zanean, eurek baekiela eukien bizi-mailea lar altua zana. Izan be, pesoa dolar batean egoan. Azkenengo urteetan pobrezia zabaldu egin zan. Eurak maila erdikoak ziran eta irabazten eben diruagaz atzerrira egin ahal ebezan biajeak, Europara eta AEBetara berbarako. Argentina barruan ibiltea ezinezkoa jaken. Egia ez dala emoten badau be, merkeagoa zan AEBetara joatea, Patagoniara baino; eta AEBetan erropea erostea Buenos Airesen bertan baino. Krisiaren ostean, gauzak asko aldatu dira, dolarra hiru pesotan dago gitxi gorabehera eta. Bizi-maileak behera egin dau gizarte osoan eta pobrezia ikaragarri zabaldu da herrialde osoan. Gauza asko aldatu jakez urte gitxitan argentinarrei, eta oraindino be egokitze prozesuan dagoz.

Ekaitz joan egin jat. Orain bestelako biajea daukat aurrean: bakarkakoa. Hegoamerikara etorri nintzanean, lau hilebeterako izan zan. Bete dot epea. Esperientzia itzela da, eta ezin deutsat aukereari joaten itxi. Pozarren nago, nebea faltan izango dodala jakin arren. Argentinan azken egunak egin eta gero, iparralderantz joango naz, Brasil aldera…

Iratxe Ormatza

Egon garan herrialdeetan, indioek euren herriei jatorriko herriak esaten deutsie, zer eta nor diran hobeto azaltzen daualako. Esquelen maputxeen ganeko museora joan gara. Txikia da eta ia ez dauka informazinorik, bertako museo gehienen moduan: txikiak eta eskasak. Argentinan ezagutu dogun jenteak ez daki ia ezer indioen ganean, eta atzera begiratzen dabenean, Europako arbasoei begiratzen deutsie.

Gaur egun maputxeak bananduta dagoz, Argentina eta Txile artean. Orain dala gitxira arte arazoak egon izan dira Argentina eta Txile artean muga dala-eta. Patagonian, indioez gan, jente gitxi bizi zan, eguraldia sano gogorra da-eta. Mugan arazo gitxiago izateko, Argentinako gobernuak beti gura izan dau argentinar zuriz bete ingurua, eta orain urte gitxira arte, Patagonia aldera etorten ziranek lurra hartu eta okupau eikien ezer pagau barik.

Zuriak hona etorri, eta lurra, kulturea, bizimodua eta hizkuntzea hatzamarren artetik joan jaken indioei, uraren moduan. Ia igarri barik, ia ur barik geratu ziran arte. Gaur egun kulturea berreskuratu guran dabilz, asko eta asko urietan bizi eta oso bestelako bizimodua egiten dabilzan arren. Zeregin gatxa daukie, zer oratzeko ia ez daukie eta. Indioek mespretxua jaso dabe, eta hori da galzorian iminteko erarik iraunkorrena. Izan be, horren bidez kanpotarrek ez dabe ezer behartzen. Menpean sentitzen diran herriek kultureari eta hizkuntzeari uko egingo deutsie mespretxua ez jasoteko. Batzuetan, baina, ez dago mespretxurik be, jakin-min eza baino. Zuriek ez dabe jakin gura nortzuk ziran hemen bizi ziranak edo euren odolik daukien. Holan, herria isiltasunean gordetan dabe, eta gordeta dagoana ez bada ataraten ahaztu egiten da. Iraun daben gauzak gitxi dira, gehiago dira gauzak eta gitxiago talde memoria, edo kulturea bere osotasunean.