Jan-edanak  III. urtea // 75. zenbakia

Nutrizinoaren eta ardaoaren inguruko datu zientifikoen bankua

Fivin, Nutrizino eta Ardaoaren Ikerketarako Fundazinoa da bankuaren sortzailea


Gaur egun, Fivin-ek ardaoaren alde egiten dau nazinoarte mailako kongresu askotan. Erakunde honen helburu nagusienak bi dira:

- Ardaoaren zentzuzko konsumoak gizakiokan daukan eragin ona probau, beti be zientzian oinarrituta.
- Ostean, medikuntzan eta herritarren (batez be gazteen) artean ardaoaren zentzuzko konsumoaren onurak ezagutarazo.

Datu ezaguna bada be, oraintsuko ikerketek aitatzen dabe ardaoaren zentzuzko konsumoak % 30-40 bitartean gitxitzen dauala gaixotasun koronarioak eukiteko arriskua.

Imanol Sarasola,
enologoa


Fivin, Nutrizino eta Ardaoaren Ikerketarako Fundazinoak, Espainiako edozein inguru geografikotako ardaoaren eta nutrizinoaren ganeko datu zientifikoen munduko bankua sortuko dau. Neftali Isasi, Fivin-eko presidenteak esandakoaren arabera, edozein erakunde edo kontseilu arautzaileren esku egongo da bertan batutako informazinoa.

Garagarrilean presidente kargua onartu eban Isasik sektore honek sufritzen dauzan erasoak salatu dauz. Izan be, destilazinotik eratorritako edari alkoholikoak sortzen dauzan beste sektore batek, etekin ekonomikoen izenean, ardaoaren sektorea kaltetzen dau bere ustez. Aurrerantzean, Fundazinoak erasook Europako erakundeen aurrean salatuko dauzala ganeratu dau Isasik. Horrez gan, ardaoak gizakiakan daukazan onuren aldeko defentsa aldarrikatu beharra azpimarratu dau, ezaugarri zientifiko eta medikoak tarteko.

Neftali Isasik beste ekimen barri batzuk be bultzatu gura dauz autonomia erkidego desbardinetan. Holan ba, Fivin Clubeko delegazino sare bat sortzeko asmoa dauka. Momentu honetan bertan zortzirehun mediku baino gehiago dagoz, gehienak kardiologoak, eta euren eskutik jakingo geunke uritarrok nazinoarte mailan egiten diran ikerketa eta azterketen barri.

Presidente aukeratu barriak ganeratu dau ardaogile diran herri nagusietako udalak proiektuan sartzea nahitaezkoa dala, helburuak oinarritzat hartuta ardaoaren zentzunezko konsumoaren eta osasun ezaugarrien alde egiteko.

Nutrizino eta Ardaoaren Ikerketarako Fundazinoa, Fivin, 1992an sortu eben estaduko ardaogintzako enpresa nagusienek. Helburuetako bat ardaoaren zentzunezko konsumoak gugan, gizakiokan daukazan onurak ikuspuntu medikotik ezagutarazo eta azpimarratzea da.

Ikerketa lan etenbakoa egiten dau fundazinoak eta osasuna eta ardaoaren inguruko datu-batze lana be bai. Nazinoarte mailako mediku eta nutrizino arloko teknikoz osotutako komite zientifiko batek (Daniamarka, Estadu Batuak, Frantzia, Espainia eta Erresuma Batuako kideakaz), ganera, hurretik segiduten dau Fivin-ek egiten dauan lana.