Barriketan  III. urtea // 75. zenbakia

Kepa Junkera: 'endredu handietan sartzea gustetan jat'

Folk disko onenaren Grammy Latinoa jaso dau musikari bilbaotarrak igazko martian Bilbaoko Arriagan grabautako 'K' zuzeneko disko bikotxagaitik.

Iruñean, aurtengo Nafarroa Oinezerako egindako kantuaren aurkezpenean jaso eban barria eta deskantsua hartzeko astirik barik dabil behar eta behar, Athletic taldearentzat diskoa grabetan dago, Bizkaiko kopla zaharrakaz disko bat preparetan Xabier Amuritzagaz batera eta Etxak, Euskadiko Txalaparta Konpainiagaz be disko bat atarako dau laster. Horrezaz ganera, beste burukomin batzuk be badaukaz eta horreek danak jorratzen ahaleginduko gara.

Zamudion, Athleticentzako diskoaren grabazinoan atrapau dogu bete-betean eta, hona hemen, Kepa Junkerak kontau deuskuzanak:

1.- Zorionak ezer baino lehen Kepa. Grammyaren barri izan zenduanean, zer izan zan burutik pasau jatzun lehenengo kontua?

Eguaztenean, Ibon Koteronegaz kolaboretan egon nintzan Getxoko Folk jaialdian eta udan Busturiako baserrian egon banaz be, gau horretan Bilbaon geratu nintzan bakarrik, hurrengo egunean Iruñeara osterea egin behar nebalako Nafarroa Oinezeko kantua aurkezteko. Zortzirak bueltan nire managerrak, Aitor Narbaizak telefonoz deitu eta barria emon eustan. Hasikeran, zur eta lur geratu nintzan, mutu baina jaubetu nintzanean, amagaz, emaztegaz eta seme-alabakaz berba egin neban, pozez zoratzen nengoan. Beti aurrera begira bizi banaz be, sariak urteetan egindako beharra saritzen dauala pentsau neban eta asko poztu nintzan nire talde osoak be merezi ebalako holako sari bat. Lehenengo momentuan, danak etorri jatazan burura, taldekideak, nigaz behar egin dabenak, trikitilari klasikoak, nire aitita, Oskorri...

Ganera, Grammyak euskal kultureari be on egin leikiola uste dot nahiz eta barriak oihartzun larregi euki ez estaduko komunikabideetan...

2.- Zuzezean grabautako 'K' diskoa mimo handiz landutakoa izan zan eta DVD bat be atara zenduan. Zure ibilbidean, etapa baten amaiera legez hartu zenduan proiektu hori?

Bai. Edozelan be, dana dago lotuta eta etapak bereiztea ez da erraza izaten. Akaso, trilogia baten amaierea izan zan 'K' diskoa 'Bilbao 00:00:00 ordua' eta 'Maren' diskoen ostean. Bilbaoko Arriaga Antzokian, lagunartean, zuzeneko kontzertuagaz emon gura izan neutson amaierea proiektuari goi mailako kolaborazinoakaz eta Grammy saria amaiera ederra izan dala pentsetan dot. Hori bai, zabaltzen eta zarratzen dozuzan ate horreek badaukie euren artean zeozelako komunikazinoa eta, jakina, urteetan metatutako esperientzia beti apliketan dozu behar barrietan.

3.- Grammy honek zeozelan zure ibilbidea saritzen dauala uste dozu?

Bai. Musika komertzialagoetan Grammyak salmenta eta momentuan momentuko arrakasteari emondakoak izaten dira baina gure kasuan urteotako ibilbidean egindako beharra saritu gura izan dabela esango neuke.

Hori bai, 'K' diskoa berezia da ze ez ahaztu 'Oliene' kantuak Musikearen saria jaso dauala aurten eta disko osoa Grammy Latinoagaz saritzeak be zeozer esan gurako dau.

4.- Sariak beharrean atrapau zinduzan. Grammyen saribanaketa egunean, Getxon izan zinan Folk Jaialdian Ibon Koteronen kontzertuan eta hurrengo egunean Iruñean aurkeztu zenduan aurtengo Nafarroa Oinez jaialdirako egin dozun kantua...

Ibon Koteron lagunagaz kolaboretea, hurrengo egunean Iruñean, Nafarroako Ikastolen aldeko jaialdirako kantuaren aurkezpena eta grammya nahastau jatazan denpora tarte txikian eta oso momentu ederrak izan dira, ahaztuezinekoak. Ibon Koteroni zorterik onena opa deutsat alboka doinuak zabaltzeko hartu dauan konpromiso horretan; lagun handiak gara eta alkar laguntzen jarraituko dogu.

Ganera, Grammya ospatzeko Iruñea oso leku aproposa izan zan, urriaren 17an, Lizarran egingo dan Nafarroa Oinezerako kantua ikastolako umeakaz batera aurkeztea zoragarria izan zan.

5.- Sariak baztertu barik, eguneroko beharraren alde egin dozu beti. Dana dala, Grammya ez da edozelako saria. Sariak bihar-etziko beharretarako inspirazinoa ekarriko ete deutsu?

Jakina, sariak ondo hartzen dodaz baina niretzako anekdota hutsa dira. Lagun batek esan eustan: "Bilbaokoa emoten dozu: Grammya anekdota hutsa...?". Anekdotea esan gura dot saria jaso eta ez daukazulako zertan aldatu beharrik, izan be, lanean jarraitu behar dozu. Sariak beharra aintzat hartzeko eta indarra hartzeko balio dabe baina sariakaz burua nahastetan hasi ezkero, akabo. Ondo zein txarto egindakoetatik, sarietatik eta porrot eta huts egiteetatik beti alde positiboa ataraten ahalegintzen naz. Arriskuetan sartu eta aurrera begiratzea, besterik ez dago.

Inspirazinoarena aitatu dozu eta egia esan behar deutsut ilusino handia egin deust sariak eta Grammya jaso osteko kontzertuak bereziak izan dira: Zestoa, Palentzia, Ourense...; inspirazino edo motibazino berezia igarri dot eta jentearen berotasuna eta euren jarrerea be desbardina izan dala esango neuke.

6.- Badakigu Athleticzale amorratua zarana baina kontaiguzu Athleticentzako diskoa egiteko aukera zelan sortu zan, zelako diskoa izango dan eta noiz kaleratuko dozun.

Athleticen mendeurrenaren harian etorri jatan ideia bat da 'Athletic Bihotzez' proiektua, Natxo Ugartetxeren taldeak bultzatu ebana. Diskoa 13 kantuk osotuko dabe baina DVD bat eta liburu bat be atarako doguz. Athleticen filosofiaren omenezko proiektua da, balore jakin batzuen aldeko proiektua zeozelan esateko. Athletic kapaz da sensibilidade asko batzeko eta, esangura horretan, kantuak bereziak izango dira, berbarako euskerea eta bereberea nahastauta gauza ederra egin dogu eta ahotsetan, Athleticeko jokalari eta zuzendaritzako kideez gan, euskal musikariak, Senegal, Ginea zein Filipinetako etorkinak parte hartu dabe, Kempes, Guardiola, Tommy N'Kono, Osasuna, Real, Alaves, Real Madrid, Bartzelona zein Deportivoko jokalariak, Inglaterrako abeslariak...; espero dot proiektu hau eredugarria izatea, mugak gainditzea eta futbola batzen gaituan zeozer izatea eta ez, ostera, indarkeriaren eta gorrotoaren iturri.

Oso pozik nabil, proiektu edo endredu handietan sartzea gustetan jat, erronka handiek motibetan nabe eta zorionez jente asko dabil laguntzen, kolaboretan; barriro, nire eskerrona adierazo gura deutset danei, holako beharrak lantaldean atara behar diralako.

Ezustekorik ezean, 'Athletic Bihotzez' proiektu osoa Durangoko Azokarako prest egongo da.


7.- Aspaldian 300 urtetik gorako Bizkaiko kopla zaharrak ikertzen be bazabiz eta Xabier Amurizagaz batera disko bat ataratea da asmoa. Prozesua zelan doa?

Amurizaren ikerketea lan potoloa da, Durangaldeko eta inguruetako koplen harian. Alkarlanean gabiz eta datorren udabarrirako diskoa kalean egotea espero dot. Kontuan hartu, musikea sortzen, trikiaren, albokearen edo txalapartearen munduan ibili nazala orain arte eta baneukan gogoa koplakaz zeozer egiteko, ahotsak gehiago lantzeko. Erronka handia izan da niretzako eta emozionauta nabil beharrean.

Gauza handirik ezin deutsut aurreratu baina koplei emongo deutsegun tratamentua barritzailea izango da, hemengoa ez dan jenteak kantauko ditu koplak eta elektronikeak eta erritmo barriek be euren protagonismoa eukiko dabe.

8.- Etxak, Euskadiko Txalaparta Konpainiagaz be disko bat preparetan zagoz. Txalaparteari aire barria emon guran?

Bai. Diskoa eta ikuskizun berezia preparetan gabiz. Oreka TX taldeagaz produkzino lanetan ibili ostean, Txalaparta Konpainiagaz, Musikenetik pasetan diranakaz be zeozer egin gura izan dot eta horretan gabiz. Kasu honetan be, konposizino barritzaileak izango dira protagonista baina orain arte landu bako sonoridadeak, sensazino eta bereizgarri barriak jorratuz.

9.- Udal Musika Bandeagaz be kolaborauko dozu zemendian...

Bai. Zuzenerako kolaborazio zehatza izango da. Orkestreagaz be kolaborau neban eta ni beti prest nago; jentea ezagutzeaz gan, gauza barriak ikasten dozuzalako; oso pozik nago musikeak eskaintzen deustan guztiagaz.

10.- Aurtengo abuztuan makinatxu bat kontzertu emon dozuz eta irailean be Palentzia, Ourense, Salamanca eta Madrilen ibili zara. Irailaren 15etik urriaren 2ra, barriz, AEBra zoaz Chicago, Bloomington, Reno, Elko eta Washingtonen kontzertuak emotera. Beharbada Los Angelesera be osterea egin beharko dozu Grammya hartzeko...

Grammya etxera bialduko deustie oso oker ez banago. AEBetako kontzertuen harian, 'K' diskoa aurkeztuko dogu munduko musiken jaialdien zirkuitoan sartuko diran kontzertuetan eta holakoetara hurreratzen dan jentearen interesa sekulakoa izaten da.

11.- Oraintsu aita izan zara hirugarren aldiz. Aitaren egitekoak zelan beteten dozuz?

Hirugarrenez aita izatea, horrek bai daukala meritua eta horrek bai mereziko leukela Grammya (barreak). Aitaren egitekoak betetea ez da erraza gure martxan baina nire musikea eta nik egiten dodana nire bizitza da, bananduezina naz, gure ofizioak ez dauka ordutegi finkorik; onerako eta txarrerako, bolada batzuetan gitxi ikusten nabe etxekoek baina beste batzuetan, barriz, 24 orduak egiten dodaz eurekaz. Ez daukat ez ahaztuteko igaz Estadu Batuetatik heldu nintzanean, alaba nagusiak, Marenek emon eustan besarkadea. Zorionez, ondo konpontzen gara eta etxekoek badakie ondo zertan nabilen; zuztarrak hemen eukitea eta familia niretzako bizipoza dira.

Dana dala, eskuartean daukadazan proiektu danak amaitu eta denporea hartu gura dot niretzako, familiari kasu gehiago egiteko eta gustetan jatazan gauzak lantzeko: pianoa, euskerea...

12.- Kepa Junkeraren disko barria, noizko?

Dana ondo badoa datorren urtean atara gurako neuke baina, bien bitartean, aitatu doguzan proiektuak aurkeztuko doguz, beti be, ilusino handiagaz eta alkarlanean gabiltzan danon ekarpenakaz.

Koldo Isusi Zuazo