Eretxia  I. urtea // 7. zenbakia - 2002ko abuztuaren 1a - Hamaboskaria

Butroiko gaztelua, denporearen erlojua gelditzeko bidaia


Gaur egungo gaztelua

Asaotik adituta, Butroik munduko beste edozein tokian irudikatzeko moduko koloreak eta ezaugarriak hartzen ditu. Beharbada, Alemanian, Rhin-aren ondoan egoteko moduko eraikina da, edo Frantziako Benelux-ean. Gaztelura hurreratu orduko, historiaren erlojua gelditu egin dala emoten dau. Eta behin sarrerako atea igarota, kanpoan lagatako mundutik aldentzen garala igarten dogu. XIII. mendeko butroitarrek egindako jatorrizko gaztelu horretatik, egurrezko torreak euki ei zituan horretatik, maitasunez gordetako formak daukazan eraikin dotore batera pasetan gara. Barruan, denporan zeharreko ibilbidea ondo be ondo islatzen daben irudiek sasoi horretako historia hobeto ulertzen laguntzen deuskue.

Butroitarrentzat esanguratsuak izan ziran une eta sasoietan mobiduko gara eta Erdi Aroko ohiko bizimodua be buruan jira-biraka ibiliko jaku. Talaietan, itsu leihoetan edo torre nagusietan paretan ziran soldaduak ikusiko doguz. Butroiko jauna edo gazteluko damak irudikatzen dituen margoak be ez dira faltan izango. Ziegek, armez jositako gelak edo jagoletza gelak oraindinokarren be bertan butroitarren espiritua dagoala sinistu eragingo deuskue.

Joseba Terreros

Harriak erromantizismoz janzten dira Butroin eta aparteko erakarpen misteriotsua darie. Inguruko mendietara ailegauta, gazteluaren itxurearen ahalmen hipnotikoak txunditu eta beste sasoi baterako bidea hartzen dogu. Beharbada, lehenengo muxikar eta butroitarren espiritua buruan sartu eta denporeari irabaziko deutsagula uste dogu; halan, Bizkaiko Erdi Aroko gerrearen jaube eta jauntxu boteretsu horreek aurre-aurrean ikusterainoko bidea egingo dogu.

Butroiko jaubeek, orube horretako gerlari entzutetsuek eta oinaztarren aldeko sutsuek, burrukan egin eben jo eta ke, harik eta gure historiaren zati garrantzitsua odolez bete eban bandoen arteko gatazka zentzunbakoaren azken eguna izan arte. Jauntxuen zeregina gerran jardutea zan, eta joko odoltsu honen gakoa arerioak baino handiagoak izatean eta gehiago eukitean zetzan. Lehia sutsu horretan helburuak bitarteko guztiak justifikau eta zuritzen zituan.

Baina, XV. mendeko azken laurenera helduta, 1469. urtera hain zuzen, gatazka hau azkenengoz amaituko zala iragarri eban jazoerea izan zan. Enrique IV.ak Pedro Fernández de Velasco Haroko kondeari Bizkai eta Gipuzkoako erregeordealdia emon eutson, foruaren kontra joz eta bizkaitarren eretxia kontuan hartu barik. Ganera, estrategia bihurri bati jarraituz, gortea erbesteratu eban eta horregaz batera kontrakorik boteretsuenak: Alonso Muxika eta Pedro Abendaño. Era berean, Haroko kondea Bizkaian sartu zan gudaroste handiak lagunduta.

Bien bitartean, Trebiño kondeak Muxika eta Abendañotarrak komentzidu zituan, jaurreriko etorkizuna norberaren interesen aurretik ipinteko. Halan, gortetik alkarregaz iges egin eta euren lurretan ezkutuan sartu ziran, Mungiatik hur segada bat antolatuz. Burrukea 1470eko apirilaren 27an izan zan, eta Haroko kondearen porrota goitik beherakoa. Butroi eta Abendañotarrek garaipena alkarregaz ospatu eben.

Handik urtebetera, Isabel Katolikoa erreginatzat hartu ostean, Enrique IV.ak Haroko kondeari ostera be agindu eutson Bizkaian sartzeko; bigarrenez irabazi eutsien, leinuen eta jauntxuen arteko batasuna agerian ipiniz eta bandoen arteko gizaldietako gatazkea amaitutzat emonez.

Jatorrizko gaztelua

Bandoen arteko burrukak eta gatazkak amaituta, gazteluak defentsarako erabilerea galdu eta jaubeek Plentziako jauregi eroso eta barriagoetara jo eben. Butroiko gaztelua apurka-apurka laskitzen hasi zan; bien bitartean, hirurehun urteko bide horretan izandako gatazken ondorioz, gaztelua nahikoa hondatu zan. Ganera, ez da ahaztu behar eraikina eta alboko lurrak olagizonei errentan emon jakezana.

Lehenengo Karlistadearen amaieran, liberalek gazteluaren torreak behera bota zituen. Geroago, alboko baserritarrei alogeran emon jaken eta horreek eraikinari baserriko itxurea emon eta harresiaren zein torrearen arteko tartean gelak eta gortak eregi zituen.

XIX. mendearen amaieran, barriz, beharrak amaitu eta gaztelua guztiz barriztauta itxi eben. Narciso de Salabert y Pinedo Torrecilla-ko markesak 1849an Butroiko lurrak eta tituluak hartu zituan oinordetzan; markes hau 1857an Josefa de Arteaga y Silva Valdemiako markesen alabeagaz ezkondu zan. Andrearen omenez, Cubasko markesa zan Francisco de Cubas y González Montes arkitektoari agindu eutson gaztelua goitik behera barriztutea. Beharrak 1879an hasi ziran, eta hasikerako amesa jatorrizko formei eustea bazan be, sasoiko estiloa eta arkitekturako jokaerak nagusitu ziran. Halandaze, gaztelua XIX. mendeko erromantizismoaren ideiakaz bat etorriz eregi zan, forma klasikoen ganeko arkitektura interpretazino lar erromantiko bati jarraituz, hatan be.

Cubasko markesak gazteluari makina bat torre, txoko eta edergarri erantsi eutson eta horrek Butroiko gaztelua behin betiko urrundu eban eraikin honek jatorriz izandako kontzeptu militarretik. Askozaz itxura legun, gizatiar eta erromantikoagoa emon jakon.

Cubas persona jantzia eta ikasia zan, Europan zehar sarritan ibilitakoa, eta Frantziako Eugéne Emmannuel Viollet Le Duc arkitektoaren jarraitzaile sutsu eta zintzoa. Ez da harritzekoa, beraz, gazteluaren areto nagusia eta jantoki pribatua arkitekto horren obren kopia zehatzak izatea.

Era berean, gazteluaren beste eragin batzuk be ageri-agerikoak dira. Kasu baterako, sarreran itsu-lehioz josita agiri dan torrea Frantziako Erdi Arokoa da, Poitierseko kondeen jauregian edo Neverseko gazteluan ikusi daiteken legez. Kaperea guztiz neogotikoa da, Segoviako Alkazarrean inspirautako Omenaldiaren Torrekoaren modukoa.

Torrecillako markesa gazterik hil zan, 1885ean. Semeak, Alfonso XIII. erregearen gaztelu nagusiaren etxezain eta ugazabak, aitak jorratutako bideari eutsi eta gaztelua edertzeko lanei jarraitu eutsen. Halan, gazteluaren ondoko lurretan parke ederra egin eban, bertan mundu osoko espezie exotikoak landatuz. Geroago, 1925ean gaztelua Medinaceliko dukeak hartu eban oinordetzan. 1936an gudariek okupau eben eta, gerrea amaituta, museo bilakatu zan, baina 1953an zarratu egin eben, bisitari bat putzu baten itota hil zalako.

1956ean Cardonako dukesearen eskuetara pasau zan, hau da, Medinaceli dukearen hirugarren alabearen eskuetara.

Seirehun urteko tartean, 1989ko urtarrilean, gazteluaren jaubetza lehenengoz aldatu zan. Jaube barriek gaztelua berreskuratu eta baliabide turistiko modura erabilteko amesa izan dabe hasikera-hasikeratik. Halan, 1994ko maiatzean autogidaturiko lehenengo zirkuitu turistikoa inaugurau zan, eta 1995eko maiatzetik hona solairu nagusia gidari baten laguntzinoaz ikusteko aukerea dago.