Bertsotan  III. urtea // 74. zenbakia

BoDeGaRa


ZAZPIAK BAT

Doinua: Euskal Herritik aparte

Bizkaitarrak gara izan,
eta bertsozale gisan
etorri gara Errioxara
batasun peskisan.
Orain ez ibili prisan
eta entzun non gabizan,
bakotxak beste danen kontuak
ikasi dagizan.

Arratian, ikusi lez,
talde bat jatorku bidez,
Gorbeiapeko aire freskoaz
bertsotan eginez.
Hauspo ederrak daukiez
eta arduraz dabiltzez,
Bilbora doan bertso-tranbiak
ez dagien iges.

Lea-Artibairi adi,
zelaxeko erreka bi!
Oiz inguruko errekartea
bizi da kantari.
Urak bidea badagi:
bertsolariak ugari...
Segi emoten urtenbidea
datorren urari.

Busturialdera goaz,
Urdaibai gora denporaz,
biosferean erreserbea
neurtzeko asmoaz.
Begiratu bat emonaz
garriko bete ganoraz,
bertsogintzean sustrai sakonak
bertan topau dodaz.

Durangalde, Durangalde,
ezin dogu egin alde,
kantatu barik paper usaindun
bertsoaren alde.
Bazkaloste zein goizalde,
zenbat bertso-orrialde!
Gailur zarie, eta bestela
Anbotori galde!

Heldu gara Botxoraino,
eta mila demonino
topatu barik ez da agertu
santutxu bat baino.
Baina ikusita, joño!
zer egin dauen gaurdaino,
heldu leiteke mirarietan
sinistuteraino.

Hor dago Ipar Uribe,
haundia dogu hori be:
lantzarretako sasi artean
egin dabe bide.
Imini lei, adiskide,
etorkizun-adibide:
han txupetea kenduta laster
plazaratzen dire.

Ibaizabalez harago
Kolitxa mendia dago
eta azpian eskualde bat
datorrena brabo.
Enkarterri dogu, klaro,
esan dau “hiru gehiago”,
baina helduko jake ordua
joteko “ordago”!

Zazpi eskualde horra,
bateratuz bertso-jorra,
buruzagiak onak daukoguz,
badabil danborra.
Bakotxak bere alorra,
baina sena orokorra,
arpelik gabiz altxorran bila...
geu gara altxorra!

Joseba Santxo

BoDeGaRa bai. Bertsotan errimetako oinarrizko araua hoskidetasuna izanda, bodegara berbearen kontsonanteak errima berekotzat joten dira eta hortik dator errima-erregela horren izena. Baina bertsolari eta bertsozaleek Errioxako bodegaren batera osterea egin dabela esaten badeutsuet, ulergarriago egingo jatzue izenburua.

Zapatuan izan zan. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzakideek ia urtero egiten dabe bodegetara bisitea, eta aurton bertso-eskoletako eragileak konbidau dabez urteerara. Beren beregi jarritako autobusak Gernikan, Zornotzan eta Bilbon bidaiariak batu eta berrogei bat lagunek abiatu genduan Errioxarako erromesaldia. Trebiñon lehenengo geldialdia, kafetxuoa hartu eta Moises Enbeita bidaiko kapitanak preparautako planaren barri hartu:

Eupada bat danori Trebiño, Samaniego,
ezer baino lehenau, Leza, Biasteri,
Trebiño erdian gauz, bazkaldu eta gero
ez gorau ez beherau, Bastidara segi,
burue zaindu eta baso luzeak eta
egun on bat pasau kontue ugeri.

Samaniegon urteroko geldialdia egin genduan Iñaki Izaren bodegan, mokaua hartu, ardaoagaz lagun egiten hasi eta aurton jarritako bodega barria bisitau. Lezara jarraian eta han bigarren bodegea ikusi orduko eguneko lehenengo momentu gorena. Bodegako ateak itxita egoazala eta gu santaeskean hasi! Xabier Amuriza koplari nagusi, eta makilarik ezean hankakaz eroan genduan zintzo-zintzo erritmoa. Behin bodegara sartuta, ardaoarako eta bertsotarako gogoa agirian egoan, eta balkoi luze batean bilduta gengozala guztiok, bigarren saio inprobisatua egin zan berton, zelan ez, Amuriza gidari zala. Orduan ez eban espero, ez, bazkalostekoa.

Bastidan poteoa egin ostean inguruko jatetxe batera hurreratu ginan bazkaltzera. Bazkari gozoa, ardaoa hobea eta giroa espeziala. Bazkalosterako sorpresea egoan gordeta. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertso-eskoletako eragileak batuta, alkarregaz egon ziran eguna aukeratu eban Amurizari omenaldi txiki bat egiteko. Izan be Xabierrek 80ko txapela irabazi ostean, bertsolaritzearen iraultza handiena eragin eban: bertso-eskolen sorrerea. Bilboko Arte Ederretan emondako lehenengo ikastaro harek Santutxu, Algorta eta inguruko beste bertsozale askori bidea erakutsi eutson. Xabierri “Zugaz bai bertsolari” idatzita eroan Elkartearen makilea emon eutson Kristina Mardarasek.

Ostean bertso jarriak kantau ziran eta bat-batekoak Biasterirako itxi genduzan. Bertako plazan ziran hainbat euskaldunen harridurarako Amurizak berak eta Igor Elortzak buruz buruko saioa inprobisau eben eta segidea emon eutsien gero Herrikoan. Azkenerako han ziran beste bertsolari gehienek hartu eben parte lagunarteko saioan, parrandeari erabateko kolorea eta errimea iminiaz. Gauerdiak ondo jota hartu genduan autobusa bueltarako, eta bidaiarien azken parte etilikoak sekretupeko sumarioan gordeta egonda, bazkalostean kantau genduzan bertso sorta bategaz konformau beharko dozue, hain zuzen be Joseba Santxok egunerako propio jarritakoak Bizkaiko eskualdeak gogoan.

Iñaki Aurrekoetxea