Grammy saria Kepa Junkerarentzat
Musikearen sari ezagunak ‘ezustean’ atrapau dau Junkera. ‘Ez neban espero, Grammya jasotea, inoiz bete ezin izango zan amesa zala uste neban eta’, adierazo eban musikariak sariaren barri izan eta ordu gitxira, aurtengo Nafarroa Oinezerako egindako kantearen aurkezpenean.
Igazko martian, Bilbaoko Arriaga antzokian egindako hiru emonalditan grabau eban musikari bilbotarrak ‘K’ zuzeneko diskoa. Kontzertu hareetan giro berezia sortu gura izan eban, ezagun dituan doinuakaz entzulea gustura egoteko. Junkeragaz batera, nazinoarteko hainbat taldek eta musikarik be hartu eben parte, hareetako asko aurreko lanetan musikari bilbaotarraren laguntzaile izandakoak, berbarako: La Bottine Souriante, Ibon Koteron albokaria, Bulgariako Bulgarka Junior Quartet taldea, Patrick Valliant, Alos Quartet eta Donostia abesbatza. Hareei guztiei eskaini deutse Junkerak lortu barri dauan Grammya.
Saria jaso ebanean, lanean egoan Junkera, eta holan segiduteko asmoa dauka musikariak. Athleticerako kanta barria preparetan dabil, baita Bizkaiko kopla zaharrak ikertzen be, Xabier Amurizagaz alkarlanean. Ez dago geldi, ez, Grammyaren jaube egin dan trikitilari euskalduna.
Bizkaie!
Kepa Junkerak folklore disko onenaren Grammy Latino saria eskuratu dau ‘K’ zuzeneko disko bikotxagaz. Pasadan astean egin zan sarien banaketea Los Angelesen (AEB), baina konpromiso batzuk eukazala eta, Junkera ez zan bertara joan, eta Euskal Herrian jaso eban trikitilari bilbaotarrak ‘barri pozgarria’.
Junkeraren esanetan, ‘Grammy sariak on egingo deutso euskal musikeari eta, oro har, euskal kultureari’. Eskusoinuagaz eta antzeko musika tresnakaz euskal musikariek be Grammyak eskuratu leikezala azpimarratu dau, pozik, Kepa Junkerak, barria jakin eta segiduan. Grammyagaz saritutako diskoaren egilearen berbetan, ‘sariak anekdota hutsa baino ez dira; halan da be, hainbat ordutako lana autortzen dabe. Jaso barri dodan Grammyak azken urteetan musikari talde zabal batek egindako lan gogorra goraipatzen dau, eta hori beti da pozgarria’.