Seve Calleja: 'lider eta heroiek be euren kalbarioa bizi dabe'
Akilesen ganeko antxinako elezaharrak oinarrian hartuta eta 'Aquiles y la tortuga', Zenon greziar filosofoaren argudio edo argumentua ironia edo umore puntuagaz erabilita, helduentzako eleberria dakar Seve Calleja idazleak.
Gaur egun, Bilbaoko Miguel de Unamuno institutuan literatura irakaslea da. Literatur sormenari jagokonez, poesian eta ipuingintzan emon ebazan lehen pausuak eta Zurgai poesia kolektiboko kide izan zan. 1981ean, 'Ignacio Aldecoa' saria irabazi eban. Geroago etorri ziran, besteak beste, ipuin arloko 'Gabriel Aresti' saria eta haur literaturako 'Lizardi'.
Hainbat argitalpenetan kolaboretan dau eta Zurgai poesia aldizkariko idazketa kontseiluko kidea da. Hogeita hamarretik gora liburu daukaz argitaratuta Zamoran 1953an jaio baina azken urteotan Bilbaon bizi dan idazleak.
1.- Orain arte ume eta gaztetxuentzat idatzi dozu gehienbat. 'Aquiles y la tortuga' helduentzako nobela legez saldu deuskuen arren, nerabeentzat be aproposa izan daitekela pentsetan dot...
Idazteko orduan, benetan gatx egiten jat edade tarteak edota mugak zehaztutea; umeentzako idaztea errezagoa da, hizkuntza, egitura eta gai zehatzak erabili behar dozuzalako, baina nerabe eta helduen arteko mugarik nik ez dot sekula ikusi. Literatur ibilbideari poesia eta ipuingintzeagaz ekin neutson eta lehen saria be arlo horretakoa izan zan, 'Iganacio Aldecoa' hain zuzen, neure burua idazle legez sentitzeko balio eustana. Hurrengo pausua nobela bat idaztea zan eta edukien aldetik nahikoa sakona egin neban, aniztasunaren eta tolerantziaren ganekoa, neurriz laburra izan bazan be, nobela historikoa. Hortik aurrera, irakaslea nazanez, ogibidez eta zaletasunez, beti landu izan dodaz ume eta gazteentzako testuak. Irakurle amorratua be banaz eta ia-ia gura barik, literatur kritika arloan be gustura nabil, egunkarietan, aldizkari espezializatuetan eta.
Itaunari erantzunez, 'Aquiles y la tortuga' gazteentzat egitea zan nire hasierako asmoa, baina gero gaiaren aldetik gauzak korapilatzen joan zirala ikusita, helduentzako nobela legez hartu dabe argitaletxean. Dana dala, zer da haur eta gazteentzako literatura? Danok gara ume eta gazte.
2.- Liburuak 110 orrialde daukaz eta hasi eta amaitu saio bakarrean egin daiteke, izan be, estilo zuzena, alkarrizketa biziak agiri dira eta behin hasita atrapau egiten zaitu kontakizunak...
Bai. Piropo ona da hori niretzat. Kontuan hartu trama edo argudioa oso laburra dala. Txikitan nik ez neban aitzen Akiles eta dortokearen paradoxea (Akilesek ez dau inoiz atrapauko dortokea, azken honeri abantaila txikia emon ezkero), denporea eta lekua nahastau egiten dirala...; kontuak kontu, ulertzen ez dozunagaz jolastu egin behar da, literatura bera be niretzako jolasa da eta horixe egin eban.
3.- Liburuaren oinarrian Akiles eta dortokearen arteko maitasun istorioa dago, ala zeozer gehiago?
Laguntasuna, konplizidadea, maitasuna, gizakion arteko hartu-emonak buztartzea zan asmoa eta, bestetik, heroien izakerea lantzea, zer dan heroia izatea, irabazlea, liderra...baina heroien bakardadea nabarmentzea be gura neban, heroien barruko burrukea persona arrunta izateko...; horrezaz ganera, bigarren aukerearen kontua be nabarmendu gura izan dot, ze bizitzan danok behar doguz bigarren aukerak.
Liburuaren oinarrian, Akiles heroiaren eta dortoka jakintsuaren arteko burrukea edota 'persona normala' izateko ikasbidea dago, badaezpada dortokearen atzean nor dagoan ez dogu aurreratuko...
Jakina, norberaren gustuak be agiri dira eleberrian, mitologia klasikoa, ipuinak, legendak...; mitologia eta argudio filosofiko bat oinarrian hartuta, ipuin bat da zeozelan esateko, baina konturatu barik luzatu egin dan kontakizuna. Lehenago be, 'Esther erreginaren baraua' eleberria ikertzen, zirriborroak egiten, idazten bost bat urte pasau nebazan baina 100 orrialde baino ez nebazan atara. Gura barik, nobela laburrak sortzen jataz, ze sakonean ipuingilea nazala pentsetan dot. Dana dala, ipuinen eta eleberrien arteko mugea non dagoan zehaztutea be falta jaku.
4.- Akiles heroi basatia persona arrunt bihurtzen da liburuan. Zeozelako ikasbidea topau leike irakurleak liburuan?
Bai. Danon erreferentziak dira liderrak, txapeldunak, irabazleak; beharlekuetan be lehia handia dago onena izateko, heroiak behar doguz, abeslari, futbolari, politiko ospetsuak...; baina lehen be esan deutsut liderrek eurek be euren kalbarioa bizi dabela, dudak, makalaldiak, arazoak eukiten dabez, bakarrik, bakartuta, euren oroimenetan bizi dira, eta uste dot gizon-emakume arrunten bizimodua behar eta gura dabela. Akilesek be ikasi egiten dau liburuan persona 'normala' izaten eta zeozelan hori nabarmendu gura izan dot.
5.- Zenon filosofoak aparteko ahaleginak egin ebazan errealidadea aldaezina eta mobimentu guztiak ilusino hutsa dirala erakusteko. Akiles eta dortokearen argumentua erabili eban eta, horren arabera, gizonik azkarrenak (Akilesek) sekula ez leuke animaliarik motelena (dortokea) atrapauko, azken honeri abantaila txikia emon ezkero. Kontu honeek ironia eta umore puntu handiagaz tratau dozuz...
Niri Akiles eta dortokearen arteko hartu-emonak baino ez jataz interesetan, eta ganerakoa artifizio edo apaingarri hutsa da; Zenonen argumentu filosofikoa edo aporia bera ez dot sekula ulertu eta jaramon larregi be ez deutsat inoiz egin. Horregaitik, liburuan zehar agiri diran filosofoak eta jakintsuak karikatura hutsa dira. Ironiaz jorratu gura izan dot batzuek dana neurtzen, hausnartzen dabenen jarrerea.
6.- Dana dala, argudio filosofiko asko erabili dozuz liburuan. Filosofia maite dozu?
Oro har, ulertzen ez dodan guztia, misterioa maite dot eta niretzako filosofia misterio hutsa da. Filosofia gustau bai, baina kostau egin jat beti barruratzea. Gauzak holan, liburuan agiri dan filosofia misterio hutsa da eta primerako 'dekoratua' istorioaren haria ulertzeko. Beste alde batetik, danok gara filosofo; pentsetan dogun neurrian, geure ideiak ezagutuarazoten doguzan neurrian, filosofia egiten gagoz; jakina, pentsamentu horreei marko teorikoa jartea beste kontu bat da.
7.- Txoritxu batek esan deusku datozen egunotan beste liburu bat argitaratuko dozula eta bien bitartean beste proiektu bat daukazula eskuartean. Aurreratu zeinke zeozer?
'Ipuinen zorroa', gazteentzako idatzi dodan azken liburuan, hortik eta hemetik batutako herri-ipuinak, munduko ipuinak hariagaz josita agiri dira. Datozen egunotan helduko da liburudendetara, Durangoko Azokan egongo da eta ikastetxeetan be zabalduko da.
Orain, barriz, oso lanpetuta nabil beste proiektu bategaz. Bilbo eta inguruetako ipuin eta elezaharren bilduma bat preparetan nago, besteak beste, Aresti, Zarate, Unamuno edo Anselmiren testuakaz; beraz, euskeraz zein gaztelaniaz agertuko dira ipuinak jatorrizko bersinoetan. Mikel Alonso argazkilariak be parte hartuko dau proiektuan. Liburuaren hitzaurrea egitea IƱaki Azkuna Bilbaoko alkateari proposatu neutsan eta proiektuaren nondik norakoak ezagututa, baiezkoa emon eustan. Gero, liburuaren etekinak gobernuz kanpoko erakunde bati emotea erabagi dogu, eta Caritas izan da aukeratutakoa, Caritasen menpeko Coopera eta Gazte Enpresa. Proiektu honegaz oso pozik nabil, besteak beste, Zamoran jaioa izan arren, bilbaotartzat daukadalako neure burua eta Bilbao maite dodalako. Orain urteak Bilbaok hartu ninduan eta nik orain Bilbao hartu dot erregalu bat egiteko. Bildumarako ipuinei esker, Bilbao beste modu baten ikusten dot, literatur ikuspegiagaz hain zuzen be.
Beti ibili behar da zeozertan ze, kontuan euki mundua oso azkar doala, erabili eta botateko produktuak konsumitzen doguz eta, salbuespenak salbuespen, liburuen bizitzea be oso laburra da, argitaratzaileek katalogotik kanpo ixten dabez sarri eta, akabo.
Koldo Isusi Zuazo