Phyllosera
Jules Planchon zientzilari frantsesak ipini eutson Philloxera izena parasito honeri. XIX. mendearen amaieraraino Europa osoan zabaldu zan, arin ganera, eta gaur egun mahastiak landatzen diran herrialde ia danatan dago. Salbuespena Txilen topau geinke, bertako lurraldean orain arte ez da inoiz filoxera kasurik emon eta.
Filoxerak mahastien sustraiak kaltetzen ditu, sikatu egiten ditu. Begetazinoa makaldu egiten da eta hostoek kolorea galtzen dabe. Mahastiak, orduan, ezin ditu behar dituan substantzia nutritiboak hartu eta normalean gaixotu eta handik bi edo hiru urtera hil egiten da. Gaur egun, ikerketa asko egin eta dirutza itzelak gastau arren, oraindino ez da tratamentu kimikorik topau gatxari aurre egiteko.
Parasito honek landarea kaltetu ez dagian urte asko dituan antidotoa erabilten da: txertaketea. Hau da, lur azpian filoxerak kalte egiten ez deutson mahats muetea ipinten da (vitis riparia, vitis rupestris edo vitis berlandieri), eta goiko aldean guk gura dogun mahats europearra (vitis vinifera). Goiko aldean kalidade onekoa ipinten da, europearra hain zuzen be, eta beheko aldean ipinten dan mahats muetea kalidade txarragokoa da. Azken honek egur gogorragoa dauka eta gaixotasunak ez deutso kalterik egiten. Halan da be, mahastiaren bizia laburtzen dau.
Gaur egun gaixotasun hau ez da desagertu eta landare txertatuei be egin leikio kalte. Berbarako, 1960an, Ameriketako Estadu Batuetako California estaduan erabilitako amerikar mueta batek (A x R1) ezin izan eutson izurriteari aurre egin, muetea nahiko motela zan eta. Hori dala eta, Californiako mahasti gehienak barriro landatu behar izan ebezan eta horrek dirutza handia izan zan mahastizainentzat.
Ardaogintzako zientzilariek lan nahikoa daukie gaixotasuna geldiarazoteko antidotoa lortzen. Batzuen ustez, antidotoa genetikan egon leiteke, hau da, filoxereak vitis vinifera landareari kalte egin ez dagion, urtenbidea landarea bera genetikoki modifiketea dala pentsetan dabe.
Mikel Garaizabal,
Enologoa eta Sommelierra
Irakurle batek baino gehiagok entzungo eban mahastia landatzerakoan kontu handia euki behar dogula landarea txertatuta egon behar dalako. Hau da, lur azpian doan tartea amerikar muetakoa izan behar da, eta goiko aldean edo lur ganetik doana europearra (europearraren barruan Tempranilloa, Hondarrabi zuria, Gracianoa... dagoz) izan behar da. Txertaketearen arrazoia filoxera izurritean dago.
Filoxerea, mahastien gaixotasun asko legez, Ameriketatik heldu zan Europara 1860. urtean, lehenengo Erresuma Batura eta handik hiru urtera, 1863an, Frantzian agertu zan, RĂ³dano hegoaldean hain zuzen be. Euskal Herrian, 1876. urtera arte ez zan sartu. Askok baietz uste daben arren, parasito hau ez zan Pirineotatik sartu, mendikate hau babes naturala dalako. Espainiako peninsulan Malagatik sartu zan 1874. urtean. Askok galdetuko dozue orain: zelan izan leiteke Malagatik sartzea? Sasoi hareetan Frantziara mahatsa batzera joan ziranen abarketatan topauko dogu erantzuna. Izan be, Andaluziatik urtero joaten zan jentea mahatsa batzen Frantziara eta itsasontziz bueltan etorkeran euren oinetakoetan mahastientzat hondamendia izango zan gatxa ekarri eben.