Zinea  III. urtea // 74. zenbakia

I, robot


Alex Proyas-ek pelikula barri honetan albo batera itxi dauz “Belea” filmaren iluntasuna eta “Dark City”-ren esperimentazinoa, efektu bereziez jositako lan arina eskaintzeko. Jakina danez, film mueta honetako antzezlerik distiratsuenak robot protagonistak dira, hau da, efektu bereziak eurak. Will Smith-ek, luzemetraiako protagonista bakar eta nongurakoak, nahiko lan txukuna egin dau, baina, hainbeste eszenatan azalduta, azkenean ikus-entzuleak gogaitzerainoko beharra egin dauala emoten dau.

Bestalde, filma bera nahiko entretenigarria da, baina ez deusku ezer barririk ekarten; edozelan be, zientzia-fikzinoaren genero honek opetsi deuskuzan “Terminator” eta “Matrix 3” azkenengo bitxien aldean, behinik behin lan freskotzat hartu geinke.

Hori bai, Proyas-ek eginahalak eta bi egin dauz ikus-entzule guztiek, lar nekatu barik, filmean jazoko dan guztiari aurre hartu daioen. Ganera, eten bako ekintza zorabiagarria eskaintzeko gauza izan da. Bidean ideia interesgarri gitxi lotzen dira. Bitxikeria modura, esan behar dogu, "I, robot" filma Asimov-en kontakizunen erakusgarri bada, martxa militarrak musikearen paradigma ezin egokiagoak izan daitekezala.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Alex Proyas.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 123 minutu.
- Antzezleak: Will Smith (Del Spooner), Bridget Moynahan (Susan Calvin), Bruce Greenwood (Lawrence Robertson), Chi McBride (John Bergin), Alan Tudyk (Sonny), James Cromwell (Alfred Lanning), Adrian Ricard (Granny), Jerry Wasserman (Baldez).
- Gidoia: Jeff Vintar eta Akiva Goldsman, Isaac Asimov-en kontakizunetan oinarrituta.