Bidaide  I. urtea // 7. zenbakia - 2002ko abuztuaren 1a - Hamaboskaria

Singapur (I)

Ekialdea eta mendebaldea aurrez aurre


Bizkaieren hurrengo zenbakian, herrialde honetako gizartearen eta berenberegi gazteriaren ikuspegia aztertuko doguz.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.

Azken 30 urteotan, ekonomian lehenengo moteltzea bizi dau uri-estadu txiki honek, eta egoera horren eraginez, krisia sortu da, batez be gazteenen artean. Antxinako baloreak eta kapitalismoa aurrez aurre dagoz, eta mila zatitan banatutako gizartea bildur da azken urteotan pilatuz joan dan aberastasuna eta ongizatea atoan ez ete diran desagertuko. Bien bitartean, uri erakargarri honetara milaka turista joaten dira urtero. 'Bidaide' atalean, oso interesgarria eta garrantzitsua dan Singapurreko gizartea, ekonomia, kulturea eta bestelako arloak hiru zati edo kapitulutan azaltzen ahaleginduko gara.

Atarikoak

Singapurrek 618 kilometro koadro baino ez ditu, eta aberastasun oasi galanta da garapen bidean dagoan Asiako hego-ekialdearen erdian. Bartzelona baino sei aldiz handiagoa dan lur-azaleran lau kultura desbardinetako lau miloe biztanle bizi dira, bakea nagusi dala, eta horreei guztiei esker, Singapur Asiako lau Dragoietako bat da gaur egun (Hong Kong, Hego-korea eta Japoniagaz batera).

1819an, Sir Thomas Stamford Raffles jaunak Malaysiako Johor Inperioagaz negoziau eban Singapurren erosketea India Ekialdeko Konpainiarentzat, eta, hasikera-hasikeratik, argi eukan ingurualdeko eredu sozioekonomikoa zein izango zan: portu erraldoia Britainiako inperioaren Asiako hego-ekialderako merkataritzea ahalbideratzeko. Alkarregaz nahastau barik, europarrak, txinatarrak, indiarrak eta malaysiarrak bizi izan dira bertan. Uri koloniala eregiteari berehala ekin eutsien eta kultur talde bakotxerako 'ethnic quarter' edo auzo etniko bana egin eben. Uste baino arinago, oparotasun edo onura ekonomikoaren bila, etorkin asko hurreratu ziran, batez be txinatarrak eta indiarrak. 1930eko hamarkadan txinatarren etorrerea sekulakoa izan zan, eta nahikoa arin lortu eben biztanle multzorik handiena izatea; halan da be, britainiarrek jarraitzen eben inperio ekonomikoa kontroletan. Munduko bigarren gerraren eta japoniarren inbasinoaren ondorioz, Singapur uriaren norabidea goitik behera aldatu zan: britainiarrak kanporatu egin zituen eta japoniarren kontrolagaz Singapur hilzorian gelditu zan; ekonomiaren porrota nabarmena izan zan, eta herritarrak goseak hilten eta miseria gorriak eta garbitasun eta botika ezak eragindako gaixotasunek jota egozan. Zorionez, gerrea amaitu eta japoniarrek Singapurretik alde egin ebenean, britainiarrak barriro onartu zituen, nahiz eta lehenagoko egoerea berreskuratzea ezinezkoa izan: britainiarren aldi koloniala azkenetan egoan, eta kolonialistentzako arazo nagusiena ondokoa zan: kokaleku estrategiko garrantzitsua eta gerrearen ondoko nazinoarteko egituraketa barriak ekarren boterearen ikur zan urian, kontrola galdu barik kolonietatik alde egitea. Konponbidea ez zan erraza izan; lehenengo eta behin, Singapur Malaysiako Batasunaren esku gelditu zan, eta geroago, gizarte mailako gatazka larrien ondorik, independentzia lortu eban 1965ean; orduantxe jaio zan Singapurreko Errepublikea.

Singapur gaur egun

Independentzia lortu ostean, sekulako hazkunde ekonomikoa, egonkortasun politikoa eta munduan bakarra dan modernizazinoa izan dira ugartean. Dana dala, hogeita hamabost urteko loraldi bikainaren ondoren, ekonomia eta gizartea krisi larrian dagoz orain.

Gizarte mailako egituraketea, orain pare bat gizaldi Rafflesek pentsautakoaren antzekoa da. Etnia bakotxak bere auzoa dauka, eta kasu bakan batzuk kenduta, etniak ez dira alkarregaz nahastetan. Indiarrak eta malaysiarrak gehienbat behargin arruntak dira gaur egun, etorkin pobreak diran thailandiarrakaz batera. Singapurren dagozan mendebaldeko herritarrik gehienak ekonomia arloko maila handiko personak dira. Giro honetan, txinatarrak gehiengoa dira gaur egun (% 80) eta, ganera, nahikoa estatus ekonomiko eta politiko ona lortu dabe. Erdi mailako herritarrak asko ugaldu dira eta, era horretara, gizarte orekatua, klaseen arteko desbardintasun gitxikoa dago gaur egun.

Ganera, lau kultur taldeak baketan bizi dira, euren artean hartu-emon handirik izan ez arren. Esan leiteke Singapur gizarte-desintegrazinoaren eta arraza-bereizkeriaren adibide ona dala, baina, halan da be, herritarrik gehienak pozik bizi dira. Singapurreko kriminalidade indizea sano da txikia, zerbitzuak ezin hobeak, eta ongizate mailea uritar guztientzat bardina ez bada be, orekatua dala esan daiteke. Datu legez baino ez bada be, Singapur Asia hego-ekialdeko herrialde bakarra da per capita errenta altua dauena (20.767 dolarrekoa hain zuzen be), Espainiakoa baino % 25 handiagoa, Thailandiakoa baino hiru aldiz handiagoa eta Laosekoa baino bost bider altuagoa. Kontuak kontu, 1997an hasitako krisialdi ekonomikoagaz, gauzak asko aldatu dira, eta herritarren segurtasuna, esperantzak eta etorkizunerako aurreikuspenak kolokan gelditu; emoten eban krisialdia konponbidean egoala 2001eko irailaren 11n musulman amorratuek kapitalismoaren ikurretako bat eraso eta nazinoarteko ekonomiaren egoera ahula desegin ebenean. Danok zuzenean jarraitu genduan eraso hori kolpe gogorra izan da esportazino eta inportazinoen pentzura bizi dan Singapurreko ekonomiarentzat, eta gaur egungo atzeraldi ekonomikoa gogoan hartzekoa da. Herritarrek produktuak eskuratzeko ahalmena galdu dabe, langabezia gazteen mamu bildurgarria da, enpresen onurak gero eta txikiagoak dira eta gobernuak darabilen politika ekonomikoak ez dakar gauza onik. Gizarte ia perfektua kolokan dago eta oparotasun ekonomikoari eustea gero eta gatxagoa da, neurri handian dinamika kontsumistan bete-betean sartuta dagozalako.