Zinea  III. urtea // 74. zenbakia

Montxo Armendarizek Obabakoak Atxagaren lana eroango dau zinema aretoetara


Montxo Armendarizek Nafarroako Erronkari ingurua aukeratu dau film hau grabetako, Uztarrotz eta Izaba herriak, hatan be. 1996an be bertan grabau eban “Secretos del Corazón” film arrakastatsua.

Azken hilabetean herri biak preparetan hasi dira filmaren grabazinoari ekiteko. Irailaren 13an hasiko dira zeregin horreetan. Hamar aste beharko dabez Obaba filma grabetako.

Joseba Terreros

Filma grabeteari udagoienean ekingo deutsie Nafarroan, Izaba eta Uztarrotz herrietan. Montxo Armendariz zinemagile nafarra hasi da daborduko Obaba izena eukiko dauan fikzinozko bere zazpigarren film luzea preparetan. Bernardo Atxaga idazlearen Obabakoak nobelea moldatuko dau Armendarizek, kontakizuna zinemara eroan ahal izateko.

Armendarizek berak idatzi dau film honetarako gidoia, eta, oraingoan be, haregaz sarritan behar egin daben antzezleek jardungo dabe, Mercedes Sampietrok eta Juan Diego Bottok, besteak beste. Edozelan be, pelikula honetako personaia nagusia, Lucia, Pilar Lopez de Ayala izango da.

Obabakoak euskeraz idatzitako nobelarik ezagunenetariko bat da. 1989an Atxagak Espainiako Literatura Sari Nazionala irabazi eban eleberri honi esker. Ordutik hona, gaztelaniara ez eze munduko makina bat hizkuntzatara be itzuli da. Hogeita sei istoriok osotzen dabe nekazaritza eta baserri munduan girotutako kontakizun zabal eta bakarra. Literaturearen erreferente bihurtu da “Obabakoak” euskal literaturan, eta, hortaz, oinarrizko lana.

Atxagaren liburu hau zinemara eroango dan lehenengoa izango da; guztiagaz be, nobelea kontakizun klasikoak eta umeentzako ipuinak buztartzen dauzan literatura lana dan ezkero, Armendarizi ez jako erreza izango horreek guztiak zinemarako lan baten biltzea.