Bost piercingetariko batek arazoak sortu eragiten dauz ahoan
Infekzinoen iturburua
Literatura medikoan gaixo europar baten kasu bitxia jasoten da; izan be, persona honi larrialdiko ebakuntzea egin behar izan eutsien, mihineko giharrak apaingarri horreetariko bat oso-osoan iruntsi ebalako. Azken hilabeteetan, Europako Batasuneko batzordeak, gitxien-gitxienez, heriotza bi izan dirala adierazo dau; arrazoia baldintza higieniko txarretan ipinitako metalezko apaingarriak. Beharrezko ardura higieneko barik jarritako eraztunek eta tatuajeek ekarri leikiezan arriskuak dirala eta, Europako Batzordeak gai honetan esku hartzea erabagi dau; gauzak holan, batzordeak agindutako txostenen arabera, piercingen erdiak baino gehiagok tratamentu medikoa behar daben infekzinoak sortarazo leikiez.
Osasunaren profesionalek zuhurrago jokatu eta kopuru hori % 20 ingurukoa dala uste dabe. Zenbateko bera agertzen da gai honen inguruan Estadu Batuetako “Mayo” klinika ezagunak egindako lehenengo azterlanean. Edozelan be, batzuk zein besteak bat datoz piercingaren estetikeak infekzinoak eta mikroorganismoak kutsatzeko dakarzan arriskuak handiak dirala aitatzean. Txarto ipinitako piercing batek bakterioen infekzinoak, urtikaria edota erreakzino alergikoak sortu eragin leikez.
Azaldutako guztiaren ondorioz, apaingarriok ipinikeran, ahal dala, preparazino medikoa daukien profesionalakana joteko gomendioa emon ohi da. Ganera, espezialistek behin eta barriz adierazoten dabe moda honen kalteen ganeko informazinoa eukiteaz ganera, baldintza higieneko eta sanitarioak be oso kontuan hartu behar dirala. Piercingaren abantailea zera da: problema larririk emon ezean, apaingarria kendu eta problemea konpontzen dala. Baina jakin behar da hainbatetan moda honek arazo arinak edo larriagoak ekarri leikezala.
Begiluzea
Dentistek piercingaren kontrako burrukeari ekin deutsie. Arrazoi estetikoen ondorioz ezpanetan eta mihinean ipinten diran eraztunek osasunari arazo handiak ekarri ahal deutsiez, egin barri diran hainbat ikerlanek dinoena kontuan hartzen badogu. Britainia Handiko odontologoen “British Dental Journal” aldizkari ofizialean ondorioztatzen da gazteen artean hain ohikoa dan jokaera honek ahoko hemorragia eta ebagiondokoak ez eze infekzino, agin hausturak eta sistema nerbiosoaren kalteak be sortarazo leikezala. Espezialisten esanetan, ahoa zulatzen daben bost personetariko batek ezaugarri horreetako osasun arazoak eukiko dauz.
Leku delikatua eta eten bako kolpeak
Ahoa piercingak ipinteko oso leku delikatua da. Mihina itzel handitzen da eta, zuloa egiten dabenak adituak ez badira, bezeroek odol kopuru handia galdu leikie. Haginlariak nahiko arduratuta dagoz mihina zeharkatzen daben metalezko bolak dirala eta. Ipinteak berak dakarzan gorabeherez ganera, mihineko arrakada honeek osasun arazoen sorburu bihurtu daitekez.
Mihineko apaingarri horreek eten barik emoten dabezan kolpeak haginen esmaltea apurtzen dabe eta, azkenean, hortz piezen galera dakarre. Mihinak hagin eta hortzak kolpatzen dauzan mailu baten antzera jarduten dau.
Piercingaren moda honek Estadu Batuetako gazteen erdiari eragiten deutso eta, Euskal Herrian horren ganerako azterlanik ez dagoan arren, osasunaren profesionalak jakitun dagoz gero eta jente gehiagok belarria, zila edota mihina zulatzen dauana.