Bidaide  III. urtea // 73. zenbakia

Asiako gozamenak (I)


Txina

Sinistuko ez badozue be, Txinako gastronomia munduko onena eta aldaera gehien daukana da aditu askoren esanetan; jakina, gure inguruetako jatetxe txinatarretan ez dogu Txinako benetako gastronomia ezagutzen eta gure gustoetatik hur dagozan gauzak eskaintzen deuskuez. Txinan gustu eta usain desbardin asko dagoz eta ahosabairik adituenarentzat be ez da lan erraza izaten danak bereiztea, pikante zein pikanterik bako gusto gogorrak edo zaporerik delikatuenak. Herrialdea oso handia da eta probintzia bakotxean espezialidade eta lehentasunak dagoz, jakina: Sichuanen berbarako oso ezagunak dira plater pikanteak eta espeziakaz ondo hornidutako jatekoak. Inguru horretan, ia-ia likidoakaz bakarrik ibili nintzan ze nire gorputzak ez dau pikanterik onartzen.

Duda barik, ikuskizun ederra da txinatarrak pasino handiagaz jaten ikustea, pikanteagaz aurpegia zelan gorritzen jaken eta minaren.minez negarrez zelan hasten diran ikustea. Shanghain, ostera, gusto apalagoetako sukaldaritzea lantzen dabe eta ezagunak dira bertan jateko gazi-gozoak, Euskal Herrian ezagutzen doguzanen antzekoak.Guangdongen (Cantón), herriualdearen hegoaldean, errezeta exotikoak lantzen dabez eta mendebaldeko herritarrentzat ez dira bape interesgarriak. Edozein modutan, jateko orduetan be sekulako gorabeherak dagoz. Asia erraldoiak jatorduak maite ditu eta mahai baten inguruan eta makinatxu bat plater aurrean dirala sendotzen dabez hartu-emonak eta negoziorik onenak be giro horretan egiten dabez. Txinan edonon topau zeinkiez jatetxe erraldoiak eta bete-beterik ganera eguneko edozein ordutan. Etxuraz behintzat, lekurik ilun eta eskasenetan topauko dozuez jatetxeak eta leku horreetan be nahitaezkoa izango da aldez aurretik ereserbea egitea jan barik geratu gura ez badozue behintzat.

Guangzhou-ko Quingping izeneko merkatura egin neban osteratxua be ez daukat ahaztuteko; salgai egozan bertan, txakurrak, eskorpioiak, sugeak, katuak...; kale ilun eta estuenetan be milaka jateko leku exotiko topauko dozuez eta han ikusiko dozuezanak ez dira ez arin ahaztutekoak. Airean, usain asko nahastetan dira hatsa jasanezina da askotan. Askorentzat gogaikarriak dira era horretako merkatuak baina egia da globalizazinoaren gainetik, kulturen berezitasunak erakusteko balio dabela. Txinatar batentzat jateko gozoenetakoa da ahatearen mihina eta hasieran nahikoa gogorra egin bajatan be, onartu egin behar dot jateko gozo-gozoa deskubridu nebala.

Txinako gastronomian jateko gitxi baztertzen dabe; berbarako, usoaren kasua hartuta, dana jaten dabe mokoa kenduta nahiz eta azken hau garbi-garbi itxi platerean. Kontuak kontu, Txinan azken hiru hamarkadetan aldaketa handiak izan badira be, iraultza kulturalaren oroimena hur dago gehienentzat eta ez dogu ahaztu behar txinatarrak aparteko ahaleginak egin dabezala beti bizirik irauteko eta euren ohiturei eusteko; era horretara, natureak eskaintzen deutsiena miresmenez onartzen dabe eta beste kultura batzuetan baztertzen diran jatekoak eurentzat, barriz, jateko gozo-gozoak dira.

Guangzhou eskualdean Euskadin askok aurpegiratu deustiena egin neban: txakur okelea jatea. Hasieran sentsazino txarra euki neban baina hango errealidadeaz jaubetu nintzan, izan be, Txinan granjatan hazten dabez txakurrak gurean oiloak legez. Azkenean, artxoarena lako okelea zala txakurarrena konturatu nintzan baina, halan da be, Rick nire txakurrak trankil egin leike lo ez daukat eta bere espezieko okelarik jateko asmorik eta.

Erreportajearen bigarren zatian (hamabost egun barru) Asiako Hego-ekialdeko eta Japoniako gastronomia ezagutuko dogu.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Udabarri-bilkari eta hiru gutiziako arrozagaz gogaituta? Guzurra emoten badau be, Asiako gastronomia, Euskadiko ekialdeko jatetxeek esakintzen deuskuena baino askosaz zabalagoa eta aberatsagoa da. Halan da guztiz be, ekialdeko jateko horreek ez datoz bat mendebaldeko gusto eta jokerakaz eta askok gurago izaten dabez betiko eta etxeko produktuak urrunekoak eta ezagutzen ez diranak baino. Ondorengo lerroetan Asiako gastronomiaren ganeko kontu batzuk errepasauko doguz.

Mendebaldetik Asiako kontinentera abiatzen dan bidaiarientzako arazo nagusienetakoa lekuan lekuko gastronomia barruratzea izaten da, izan be, gozo-gozoak diran jatekoetako osogaiak antojugarriak izaten dira sarritan, labezomorroak, harrak, sugeak...

Jakina, gastronomia eta kulturea bat eginda egoten dira eta, horren erakusgarri, gorago aitatutako mendebaldeko eta ekialdeko lagunen gusto eta ohitura desbardinak; batzuentzat jateko gozo-gozoa dana, beste batentzat antojugarria izango da. Jateko kontuan, euskaldun askorentzat ez dago ezer hobarik angulak baino eta, bestalde, Cambodiako batentzat kilker edo txirri-txirri prijiduak lakorik ez dago. Aprobea egitearren eta barre-algarea egin gura izan ezkero, Cambodiako lagunari aurrean angulak jartea eta euskaldunari txirri-txirriak modu ona izan daiteke, biek aurpegi arraroa ipiniko leukien arren. Kulturearen gorabehera horreen ondorioz, ez da bape erraza izaten urruneko jatekoakaz ohitutea.