'Vote for Change': musikariak Bushen kontra
Oraindik ez dira sarreren prezioak plazaratu, baina salgai dagoz dagoeneko, abuztuaren 21etik aurrera hain zuzen be. Guztira, 34 kontzertu izango dira 28 uri desbardinetan.
Gotzon Uribe
Orain aste batzuk aurkeztu eben egitasmoa prentsaurreko berezian. Estadu Batuetako hainbat talde eta bakarlarik Bush-en kontrako kontzertuak eskaintzea erabagi dabe eta emonaldiak AEBn zehar emongo dabez urriaren hasieran. Egunetik egunera gero eta musikari gehiagok egiten dau bat ekimenagaz eta daborduko 20 artista baino gehiago dira. Kontzertu horreetan ataraten dan dirua Bush-en kontra egiteko erabiliko da, boteretik kentzeko datorren zemendian egingo diran hauteskundeetan.
Lehenengo kontzertua urriaren lehen egunean izango da Pensilvanian eta birako beste toki batzuk Ipar Carolina, Ohio, Michigan, Iowa, Minnesota, Missouri, Wisconsin eta Florida dira, azken hau estadurik garrantzitsuena dalarik, batez be, 2000ko hauteskundeetako datuak kontuan hartuta. Dixie Chicks country taldea, ekimenean buru dan Bruce Springsteen, Rem, Jurassic 5, John Mellencamp, Bonnie Raitt, Jackson Browne, Babyface, Bright Eyes edota Dave Matthews, beste batzuen artean, dira kontzertuen biran parte hartuko daben musikariak.
Bruce Springsteen-en esanetan, “ideia aurrerakoiak aurkeztu gura doguz eta Etxe Zuriko gobernua aldatu”. Taldeak eta musikariak egingo daben birak “Aldaketearen aldeko botua” izena eroango dau eta urriaren 1tik 8ra egingo da.