Musikea  III. urtea // 73. zenbakia

Getxo Folk 2004: musikearen gainetik, herrien arteko loturak estutzeko ahaleginean

La Volée D'Castors, Touré Kunda, Thalweg eta Ibon Koteron izango dira Getxo Folk 2004ko izar nagusiak


Arratsaldeko eta gaueko kontzertuak

Bestalde, ohikoa dan moduan, arratsaldeko kontzertuetan lekua egingo jake nazinoarte mailan oso ezagunak ez diran baina kalidade handia daben taldeei. Aurtengo edizinoan, Xuacu Amieva (Asturias), Kukuma (Bizkaia), Kilema (Madagaskar) eta Sidi Samb (Senegal) taldeek euren kontzertuak eskainiko dabez arratsaldeko 19:00etako kontzertuetan.

Ez da aspertzeko astirik izango eta gauetan be izango da zer ikusi eta zer entzun Getxo Folk 2004 jaialdian. Arratsaldeko kontzertuetan legez, Geltokiko Plazaren ondoan egongo dan karpatik igaroko dira Nubeira (Galizia), Belsech Rodriguez (Kanariar Uharteak), Taray (Murtzia) eta Zoobazar (Madril). Kasu honetan, gaueko 23:15 aldean hasiko dira kontzertuak.

Bestelako jarduerak

Getxoko kaleak girotzen Eskoziako Shirley Pipe Band ibiliko da eta, horrezaz gan, jenteak Bidezko Merkatua ikusteko aukerea eukiko dau, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko bidezko merkataritzea sustatzen dauan ekimena, zenbait gobernuz kanpoko erakundeen laguntzinoagaz antolatzen dana. Beste alde batetik, Munduko Azokea, herrialde desbardinetan egiten diran eskulanen gunea be preparau dabe antolatzaileek eta, azkenik, Munduko Terraza be ez dogu ahaztuko; musika ona eta beste kultura batzuetako gastronomia ezagutzeko aukera ederra.

Bizkaie!


Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdiak osotu dau bere XX. edizinoko egitaraua, eta, besteak beste, La Volée D'Castors, Touré Kunda, Thalweg eta Ibon Koteron lako artista eta taldeak nabarmendu daitekez. Horreei guztiei beste zortzi talde gehitu behar jakez, irailaren 1etik 4ra bitartean Getxo munduko musikez beteko dabenak.

Antolakuntzako iturriek prentsaurrean iragarri dabenez, ohikoa dan legez, jardunaldi bakotxa arratsaldeko kontzertuakaz hasiko da, Areetako Geltokiaren Plazaren ondoan dagoan aparkalekuan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Gainera, plaza horretako karpan izango dira kontzertu nagusiak, 21:30etan hasita eta horreek 23:15ak aldera amaitzen diranean, Geltokiko Plazaren ondoko aparkalekuan izango da 'Munduko Terraza', gaueko kontzertuak hartuko dituana. Munduko Medikuak alkartearen eskutik, musikea entzuten dozuen bitartean hainbat herritako jateko eta edatekoak probau ahal izango dozuez, egunez eta gauez: txiletar enpanadea, kolonbiar arepak, oilaskoa kakahueteagaz horniduta, afrikar kauserak edo baobab ospetsua.

Kontzertu nagusiei jagokenean, Getxoko XX. Folk Jaialdiari hasierea emoteko ardurea Ibon Koteron bilbaotarrarena izango da, irailaren 1ean. Albokearen maisu hau izan da musika tresna tradizional honen berreskurapenaren protagonista nagusia. Gaur egun, bere lanak eta emonaldiak tartekatzen ditu Kepa Junkera lako artista garrantzitsuakaz egiten dituan kolaborazinoakaz. Getxon, "Airea" bere lan barriko kantuak aurkeztuko ditu; bertan, Europako eta Afrikako soinuak eta erritmoak bildu ditu Koteronek eta diskoaren grabazinoan Koteronek izan ebazan kolaboratzaileetako batzuk be Getxon izango dira, besteak beste, Faltriqueirako neskak.

Irailaren 2an, soinu bretoiak eta magrebiarrak buztartzen dituan Thalweg taldearen txandea helduko da. 2000. urtean sortu zan banda hau eta hamar musikarik osotzen dabe; dana dala, Emmanuel Le Houezec abeslaria eta Khliff Miziallaoua baxu jolea nabarmenduko geunkez.

Jaialdiko hirugarren egunean, Touré Kunda talde senegaldarra izango da protagonistea. Touré Kunda, Toure anaiek osoturiko talde honek 1970eko hamarkadearen amaieran ekin eutson musika ibilbideari. Ordutik hona, bere herrialdeko soinu tradizionalak zabaldu ditu mundu osoan zehar. Soinu senegaldarretan oinarritu arren, gaur egungo musikeagaz buztartzen dabe, musika tresna elektrikoak sartuz.

Azkenik, La Volée D'Castors talde quebectarrak emongo deutso amaierea Getxoko XX. Folk Jaialdiari, irailaren 4an. La Bottine Souriante taldeagaz batera, Quebeceko folk musikearen ordezkari nagusia da. Mugarik bako musikea da eurek lantzen dabena, soinu tradizionalak eta gaur egungo konponketak buztartuz, estilo eta intensidade oso personalak lortuz.