Eretxia  III. urtea // 73. zenbakia

Joku Olinpikoak: kirola eta zilborra nahastetan diranean


Bestelako kontu bat ekarri gura neuke gogora. Gogoan izan daigun frantsesak edo amerikanoak kirol kontuean aitatzen doguzanean, txobinistatzat edo harroputz legez hartzen doguzana. Esate baterako, Tourrean, txirrindulari frantsesei bakarrik egiten deutsie kasu. Estadu Batuetan be izarrak eta marrak baino ez dabez ikusten kirolean (bueno, ez kirol kontuetan bakarrik).

Espainiako hamaikatxu esatari eta eretxiemoileen aldetik hamaika aldiz entzun dogu euskaldunak eten barik gagozala gure zilborrari begira. Nazionalistak gara, zilborkeriaren pekatuan jausten gara eta ez dakigu gauzak zabaltasunez ikusten. Hara, begira zelan jokatzen daben Espainian kirol kontuetan eta ikusiko dogu hor be frantsesak, alemanak edo gu bezain nazionalistak dirala. Txarra ete da hori? Ez horixe, norberarenaren alde egitea beti da jokabide ona neurriz egin ezkero. Baina norberaren gatxak besteari leporatzea itsukeria galanta da.

IƱaki Atxutegi

Atenaseko Joku Olinpikoak amaituta dagoz. Ezin dogu oraindino esan zeintzuk izango diran aurtongo jokuen heroiak, hori denporeak esango dau eta. Bai, heroiak esan dogu, Joku Olinpikoek zeozelako ukutu epikoa daukielako. Kirolariek han-hemenkako lasterketea, txapelketea edo probatan parte hartzen dabe, baita dominak irabazi be, baina Joku Olinpikoek daukien xarma ez da beste inon topetan. Olinpiadetako dominea irabazteko orduan gailurra hatzamarrakaz ukutu egiten da. Hortik gora ez dago ezer.

Ez naz bape orijinala kirola hildako bako gerrea dala esaten badot. Antxinako desadostasunek, errietek eta zauri historikoek emoten deutsee kirol modalidade desabardinei saltsa berezia. Arerio historikoari edo ondoko herriari kirol zaplastekoa emoteak gusto gozoa dauka. Beste herri batzuek, txikiak, pobreak eta gitxi eretxiak, euren esistentzia bera aldarrikatzen dabe Olinpiadetako domina irabazita.

Horrexegaitik ez da harritzekoa zelako emonaldiak ikusi eta entzun doguzan gure inguruko komunikabideetan. Olinpiadak kontetako modu asko dagoz. Espainiako telebistearen emonaldiak "bereziak" izan dira. Garrantzi handiagoa emon deutse Estaduko kirolariei berezko frogei baino. Sarritan futboleko selekzinoko jokabide bera ikusi eta entzun dogu Olinpiadetan. Berba baten laburbilduta, fan espainiarrak izan dira TVEko esatari eta arduradunak baina ez naz ni izango telebista baten jokatzeko modua kritikauko dauana, gure ETBn be kirolari euskaldunak izan dira eta albiste egunero-egunero.