Bertsotan  III. urtea // 73. zenbakia

Quebec, herri bat


EUSKALDUNA NAIZ… ETA HARRO NAGO ?

Doinua: Baserrian jaio nintzan

Ez nintzen euskaldun jaio
bola zahar honetara
baina ordutik hizkuntza
beti izan dut euskara.
Inguru erdaldun hutsa
sarri izan arren traba,
“Euskalduna naiz” jadanik
esan dut lau haizetara.
Euskaldun izatearen
ondorio gisa, hara:
Berez zaila baldin bada
(zailegia beharbada)
euskaldun lez azaltzea
bertakoen begitara
Euskal Herritik kanpora
oraindik zailagoa da

Aireportuan izan zen
lehendabiziko hazaňa
lehenengo galbahe gisa
hango aduanazaina:
« Votre passeport » eskatu dit
(ez da galdera liraina,
nahigabe iruditu zait,
nireganako iraina)
Super-Bateko karneta
atera nahi nion baina,
bestea atera diot
“Pasaporte de Espaňa”
noiz iritsiko da denok
nahi dugun egun bikaina
karneta izango dena
euskaldunak garen aina?

« Bonjour, ça va? Je suis Xabi »
« Bonjour, ça va. Moi, c’est Yannick,
Vous venez d’où ? » « Du Pays Basque »
Esan diot beldur barik
« Ça se trouve où ? » galdetu du
« En Europe » esan diot nik
« C’est entre l’Espagne et la France »
(ulertuko al du azkenik ?)
« C’est Andorra ? » « No, ce n’est pas! »
orain mapa atera dit !
Frantzia-Espainia artean
ez da agertzen gurerik,
nola zabaldu begiak?
Nola ukatu hor denik?
Nik ikus nezake, baina
berak ez du ikusterik.

Quebecen batzen direnez
bai hemengo eta bai hango,
mexikar bat hurbildu zait
hizketan buru ta zango.
Zera esango zidanik
ez nuen uste izango :
« Pronto vendrá el invierno
y entonces será cuando
empiece a caer la nieve
y al ver que va cuajando
aňores tanto Espaňa
que te regreses pitando »
Xalbador gogoan hartuz
nola ez nion esango !:
« Ni ez naiz handik etorri
eta ez naiz hara joango »

Xabier Paia

Bizkaiezale maitea:

Quebecetik idazten deutsut. Barriola sariko irabazleakaz etorri naz bertora, Atlantikoaren bestaldeko Euskal Herri honen larre berdeak ikustera. Leku edarra da Quebec; ia hogeitalau ordu behar izanda be honaino ailegetako, apenas sentidu dot etxetik urten dodana.

Edozelan be, ez egizu pentsau turista arrunten moduan etorri garanik! Hemengo lekuak eta jenteak be ezagutu doguz, eszenarioak ez daukalako zentzurik aktorerik barik. Jente jatorra da. Amerikako euskaldunak dirala esango neuke. Poz—pozik gabiltz euren artean.

Tira, guzurrik be ezingo dot esan! Neuk ez neban etxetik kanpo sentidu gura, baina hemengo persona batzuek holan sentiarazo deustie. Badakizu; aduanan itaunak egiten dauzan gizon muturluzea, sudurretik harago ikusten ez dauan quebectar bat, taberna ilun bateko barra gaineko garagardoak aurkeztutako mexikar aholku-emoilea... Hemen danetarik dago!

Espero dot neure faltarik ez sentidutea bertsotan ataleko irakurleen bihotzetan; bueltetan nazan bitartean, honeek bertsoak bialtzen deutsuedaz. Goraintziak gu guztion partetik!

Besarkada bat