Barriketan  III. urtea // 73. zenbakia

Iñaki Urrutia (Paramount Comedyko komikoa): 'txiki-txikitatik gustau jat pailazoarena egitea'

Iñaki Urrutia: Berezko gatza eta piperra ogibide bihurtu dituan gaztea. Bartzelonan jaio zan orain 27 urte baina ama aragoitarra eta aita bizkaitarra daukaz. Bartzelonako zine bateko aretozain beharra itxi eta orain pare bat urte ekin eutson umoreari era profesionalean.

'Paramount Comedyko Gauak' ikuskizunaren ekitaldi bakarra gure inguruan Bilbaon izango da datorren eguenean, irailaren 2an. Ayala Antzokian, arratsaldeko 20:30etan hasita. Taula gainean, Angel Martin, Don Mauro eta Iñaki Urrutia izango dira. Sarrerak salgai dagoz antzokiko lehiatilan eta BBKren kutxazainetan eta web orrian.


1.- Noiz eta zergaitik erabagi zenduan era profesionalean umorearen inguruan jardutea?

Egia esan behar badeutsut txiki-txikitatik gustau jat pailazoarena egitea. Jakina, lagunartean edo familiakoen artean xelebreena izatea gauza bat da eta publikoaren aurrean komiko beharra egitea beste bat; kontuak kontu, aprobea egin beharraz lar pentsau barik, egun baten publikoaren aurrean agertu nintzan aprobea egitearren; lagun baten ezkontzan, gehienak ezagutzen ez nebazala, espontaneo legez urten, hiru-lau txiste kontau eta jentearen txalo zaparradea jaso neban. Ezusteko arrakastearen aurrean, nire buruari buelta batzuk emon neutsozan: “Akaso, bizimodua atara neike lelokeriak egiten!”

2.- Umorearen kontua berezko, jaiotzazko zeozer da ala ikasteko kontua?

Nire uste apalean, umorea barru-barruan ez badaukazu, akabo; geneetan dagoan zeozer dala uste dot eta gure inguruetan indar komiko larregirik ez daukien aktore handiak dira horren erakusgarri; badaezpada, izenik ez deutsut emongo ze gero egurkadea jaso neike...! Dana dala, egia da berezko umore horregaz batera, behar asko egin behar dozula ze bestela bazkari-afariak animetan dituan xelebrea edo gatzduna baino ez zara izango...

3.- Umorearen munduan behar eginaz, telebista edo antzerkiaren arlora salto egitea da zure asmoa?

Telebista oso ondo dago eta ez deutsut ukatuko dirua irabazteko eta seinalea heltzen dan leku guztietan persona ospetsua izateko balio dauala baina nik zuzenean, publikoaren aurrean jardutea maite dot eta oraingoz horretan jarraitzeko ustea daukat. Beraz, ospetsua izatea gauza ona izango litzateke baina denporaldi batean antzerki bat bete ahal izateko eta hurrengoan be, itzel pasau daualako jenteak gugana etorri gura izateko balio badau.

2.- El Club de la Comediako finalera heldu zinan. Zer izan zan hori zuretzako?

Sekulako esperientzia, pentsaizu zeozer garrantzitsua egiten neban lehenengo aldia zan eta Clubeko finalera heltzea benetan ederra izan zan; ganera, lehen aitatu deutsudan ezkontzan legez, kasu honetan be, ezagutzen ez neban jenteari nik bizitako esperientziakaz barrea eragiteko kapaz nintzala jaubetu nintzan.

3.- Bartzelonako aretoetan hasi zinan beharrean baina Madrilen bizi zaranetik deskantsua hartzeko ez dozu asti larregi euki...

El Club de la Comedian agertu eta 'orain aberats eta ezagun bihurtuko naz' pentsetan dozu baina ez da holan. Bartzelonako aretoetan, gehienetan ez oso egokietan hasi nintzan diru gitxi kobretan baina gauza asko ikasi nebazan, besteak beste, era guztietako publikoa ezagutzen eta publikoaren arabera, modu batean edo bestean jokatzen; nire ibilbidean asko baloretan dodan aldia da eta uste dot komiko guztiek pasau beharko leukiela hortik. Eta Bartzelonako areto guztietan jardun ostean, Madrilera joatea erabagi neban (orain pare bat urte) nire lagun komiko baten gomendioari jaramon eginaz, izan be, han dago komiko zein komikoak ez diran aktoreen mobimentua. Batera eta bestera, beharrean hasi nintzan eta, egia da bai, geratu barik nabil, oso gustora.

4.- Gogoratzen dozu zure lehenengo emonaldia zuzenean?

Zelan ez dot gogoratuko ba! Urteetan pailazoaren egiten egon ostean, kobrau neban lehenengo aldia izan zan eta! Lagun baten ezkontzan izan zan; lehenengo minutuak gogorrak izan ziran ze jenteak ez ekian nik zer egingo neban be. Zorionez, arin hasi ziran barreka eta ikuskizuna ondo amaitu zan; hori bai, hasieran, izerdi hotza sentidu neban lepotik behera...(barre-algarea).

5.- Antzezten dozuzan bakarrizketak zuk zeuk idazten dozuz. Zelan inspiretan zara?

Jenteak pentsetan dau oso argia izatea beharrezko baldintza dala idazteko baina ni ez nator bat horregaz; nik neuk eguneroko bizimoduaren pasadizuak erabilten dodaz monologoak preparetako; nahikoa izaten da kaleko jesarleku batean jesarri eta jenteak zelan jokatzen dauan ikustea, hor zenbat-gura material dago bakarrizketetarako. Oso arraroak gara! Deigarriena, Sevilla, Londres Erroma zein Bilbaokoa izan, antzeko gauzak egiten doguzala ikustea da eta, horregaitik, uste dot hemengo komiko batek AEBn behar egin ezkero, hango jenteak be aituko leukezala gaiak; jakina, lekuan lekuko umorea be badago.

6.- Zein da bakarrizketa on baten giltza?

Hoba jakingo baneuke, bizimodua ataratea errazagoa izango litzateke eta! Ez, kontua askosaz gatxagoa da, batzuetan asmau arren, beste batzuetan huts egiten dozu; etxean edo lagunartean oso xelebreak diran gaiak preparau zeinkez baina taula gainean agertu, antzeztu eta kakazaharra, balio ez izatea; eta ez dakizu zergaitik; ostera, antzezten zagozan bitartean, esalditxuren bat edo beste inprobisau eta bete-betean asmau zeinke...ez dago jakiterik. Beste alde batetik, gau bakotxean publikoa desbardina dala be kontuan euki; ekitaldia hasi eta pare bat minutura bat eginda dagoz eta zeozerk ez badau funtzionetan, mila buelta emonda be ez dau balioko.

7.- Gogorra da umoristearen bizimodua?

(Barre-algarea) Oso gogorra...! Ez! Bueno, egia da kilometro asko egiten doguzala, pare bat urtetan autonomi erkidego danak bisitau dodaz eta Estadu osoan ibili naz beharrean; ganera, testu barriak sortzea eta lehenengoz aurkeztea gogorra da bai; dana dala, oro har, ondo bizi gara, ondo pagetan deuskue, parrandak egiten doguz, ez gara goizean goiz jagiten, jentearen txaloak jasoten dozuz eta, ganera, barreka bizi gara...zer gehiago behar dogu?

8.- Zeintzuk dira taulan bizitako momenturik onena eta txarrena?

Onena, seguru asko, Valladoliden euki neban emonaldi bat izan zan; bai publikoak eta bai neuk be itzel pasau genduan, inoiz baino gehiago luzatu zan emonaldian. Momentu txarrenak, taulatik bajatu behar izan nazan bi aldiak izan dira, kasu bietan publikoak gau horretan ez ebalako txisterik gura edota leku egokienak be ez ziralako bakarrizketetarako. Momentu txar horreetako bat Bilbaon pasau neban, publikoan familiako batzuk egozala eta bestea, Madrilen izan zan, pub baten urteurreneko jaialdian, jente guztia mozkortuta egoala.

9.- Espainia osoan ibili zara. Zein izan da publikorik onena?

Lehen be esan deutsut, Valladolideko jenteagaz oso gustora geratu nintzan baina aurten, udan Motrilen egon naz eta harrera ona euki genduan. Donostiako Principal Antzokian hiru egunetan egon nintzan eta sekulakoa izan zan. Horrezaz gan, azkenekoz Bilbaoko Ayalan egon nintzanekoa be ez daukat ahaztuteko, Ayala ganezka ikustea orgasmikoa da eta, ganera, Bilbaoko gusto txarreko aurreko esperientzia hori ahaztuteko oso ona izan zan.

10.- Barriro Bilbaoko Ayalara zatoz irailaren 2an Angel Martin eta Don Maurogaz batera. Igaz, 20.000 lagunetik gora izan ziran Paramount Comedyko Gau berezietan eta aurten hortik gora izan daitekez. Etorkizuna zelan ikusten dozu?

Orain arte ikusitakoaren arabera, umorezko bakarrizketak jentearen gustokoak dira eta generoa ez da desagertuko baina uste dot denpora gitxi barru gauzak baltz jarriko dirala ze kontuan euki komiko larregi garala; arlo guztietan legez, gogaitu edo aspertu egiten da jentea eta, nire ustez, gaur egun 200 bat komiko bagara, azkenean 10 edo 12 geratuko dira bakarrizketen generoari eusteko eta espero dot ni neu multzo horretan geratzea...

Koldo Isusi Zuazo