Euskaldunak Paris askatzen?
“Guernica” kamioia eta “Gernika batailoia”
Arazoak, Euskal Brigadako gudarientzat, gerrea amaitu ostean hasi ziran. Euskadiko Jaurlaritzearen asmoa Gernika Batailoiak gerran jarraitzea zan, beti be Europatik urten barik eta edozein momentuan, behar izan ezkero, Euskadiko Jaurlaritzaren eskura.
1945eko garagarrilaren 6rako, Euskal Brigadako kideak agintari frantzesen aginduz burrukea itxi eta lan desbardinetan erabili ebezan, brigadako kideen artean tirabirak sortuz, ez ebelako aitzen, Euskadiko Jaurlaritzeak burrukarako erabilten ez eban talde militarrari eusteko interesa. Ordurako eretxi desbardin bi ziran nagusi Brigadearen barruan: alde batetik, EAJko ordezkariek Brigadeari eutsi gura eutsien, egiten eban propagandea interesetan eutsielako eta, bestalde, Euskadi Francorengandik libraukeran, beharrezkoa izango zalako polizia lanetarako taldea eta Brigadako gizonak lan horretan erabilteko asmoz. Bestalde, sozialista eta komunistek ez egozan konforme brigadeari eusteagaz. Euren eretxiz, burrukak amaitu eta gero, ez eukan zentzurik brigadea mantentzea eta ez eben begi onez ikusten brigadeari emoten jakon euskal nortasuna espainarrakandik aparte.
Azkenean, irailaren 1ean emondako aginduaren arabera, Frantziako gobernuak irailaren azkenetarako Frantzian ziran atzerritarrez osotutako talde armatu guztiak, desagertu behar zirala agindu eban. Agintari euskaldunak, Frantziako agintarien aurrean hasi ziran eztabaidatzen, euskaldunak agindu horretatik kanpo geratzeko. Leizaola Juin generalaren laguntzailea zan Fister jeneralagaz batzartu zan ezer lortu barik. Bardin egin eban Eliodoro de la Torrek, Bernet Koronelagaz baina ez eban honek be ezer lortu.
Irailaren 19an, Eliodoro de la Torrek Euskal Brigadako kideei bisitea eginaz egoerea azaldu eutsien eta eurentzat lana bilatzen hasi zan, batez be basoko lanetan eta eraikuntzan. Holan amaitu zan Euskal Brigada edo Gernika Batailoiaren historia.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria
Oraintsu izan dira Parisen, Frantziako uriburua Alemanakandik libre geratu zaneko ospakizunak. Aurten, 60 urte dira Parisetik alemanak bota ebezala. Ekintza horretan zerikusi haundia izan eben Espainiarrak, Gerra Zibila amaitu eta iges egin behar izan ebenak ziran. Oraindino bizi diranek dinoenez, euren burrukea ez zan horrenbeste izan Frantzia edo Paris naziakandik libretako; eurentzako II. Mundu Gerrea, Espainiako Gerra Zibilaren jarraipena baino ez zan izan, eta euren burrukea Europan demokrazia ezartzearen aldekoa izan zan gehienbat.
Beti aitatu izan da Parisen lehenengo sartu ziranen artean euskaldunak egozala eta horretarako “Gernika” izeneko tanke baten adibidea jarten zan. Baina datu hau ez da guztiz egia eta benetan ez zan euskaldunik izan Parisen edo ez behintzat talde modura. “Guernica” izenekoa tankea baino orugadun karroa zan eta gidariak goago aitatutako espaniar errepublikarrak ziran. Tanke eta kamioi desbardinak Gerran izandako bataila eta jazoera aitagarrien izenak eroiezan, besteak beste, Ebro, Teruel edo Gernika bera. Honek hain zuzen be, Leclerc generalak gidatzen eban 9. dibizinoko kideak ziran, “la nueve” ezizenagaz ezagututakoa.
Parisen euskaldunen bat edo beste egon bazan be, euskaldunak talde modura ez ziran inoiz Parisen izan baina egia da alemaniarren kontra burrukan ibili zirala II. Mundu Gerran. Hurrengo lerroetan ba, euskaldunak nazien kontra izandako aurrez-aurrekoen laburpentxua egingo dogu baina argi itxita, hemen aitatutakoaz aparte, asko izan zirala, bai inteligentzi “zerbitzuetan” zein euren kabuz frantzes, ingles edo estadu batuarrakaz batera parte hartu eben euskaldunak.
Gure historia hau hasteko II. Mundu Gerran kokatuko gara. Burrukak hasi ziranetik, Euskadiko Jaurlaritzako agintariek ezinbestekoa ikusten eben euskaldunek parte hartzea aliatuakaz batera gerran. Baina aliatuek ez eben gura euskal gudariek danak batera batailoia osotzea. Proposatzen eben aukerea, euskaldunak beste batailoi batzutan sartzea zan, eta Frantziarren kasuan, Atzerriko Leginoan. Beraz, eztabaidak jarraitzen eban bitartean, gerrea aurrera joian eta amaitzear egoanean, Inglaterragaz ahalegindu eta gero, azkenean, Frantziarren baimena lortu eben euskaldunek, nahiz eta euskaldunek jarritako baldintza guztiak bete ez. Eliodoro de la Torre, Ogasun sailburuaren ardurea izan zan gudari euskaldunez osotutako batailoia eratzea, gero Gernika Batailoia izenagaz ezagutuko zana.
Batailoia gidatzeko aukeratutako gizona, Kepa Ordoki izan zan. Honek esperientzia handia eukan Espainiako Gerra Zibilean gudarien komandante izandakoa zalako. Irunen jaiotakoa, lanbidez igeltserua, Eusko Abertzale Ekintza alderdi politikoko kidea eta ELA sindikatuko kidea. Gerra Zibila hasi eta Saseta batailoian sargento, teniente eta kapitain karguak bete eta gero San Andres batailoiko komandante izentau eben. Euskal Herrian gerrea amaitzear egoala, 1937ko bagilean preso hartu eta Dueso, Larrinaga eta Burgoseko kartzelatan euki eben. Iges egin, Iparraldera joan eta han Gurseko kanpamentuan sartu eben preso, handik be iges egitea lortu eban arte. 1940ko azken hilabeteetan, erresistentziako sarean hartu eban parte. Naziek atrapau eta hilteko agindua bete aurretxuan, iges egin eban barriro. Orduan egin zan UNE, Unión Nacional Españolako gudarien kargu eta Euskadiko Jaurlaritzearen enkargua jaso eban Euskal Brigadea osotzeko.
Eliodoro de la Torrek azaldu eutson asmoa: Iparralden eta Frantzian egozan euskaldun batzuk batu eta eurekaz nazien kontra egiteko brigada autonomoa sortzea. Gudariak aukeratzeko Kepa Ordokik, UNEko gerrillariakaz batera egozan euskaldunak aukeratu ebazan; horrezaz gan, 1945eko urtarrilaren 29an Jesús María Leizaolak Pariseko “Euzko Deya”n Euskal Brigadan parte hartzeko deia luzatu eutsien Frantzian ziran euskaldunei.
1944ko abenduaren 14ean, UNEko gerrillariakaz hartu-emonak eten eta euskal brigadea osotu eben lehenengo euskaldunak Bordelera eroan ebezan, 1945eko urtarrilaren lehenengo egunetan Le Bouscaten ezarriz. Handik Cante Merleko kanpamentura eroan ebezan.
Euskaldunak, beste atzerritar batzuekaz osotutako batailoiakaz batera (poloniarrak, Afrikako herrietatik etorritakoak edo espainiarrak) De Laminat jeneral frantsezaren agindupean jarri ziran.
Azkenik, apirilaren 14an Euskal Brigadeak Pointe-de-Graven egin eutsen aurre naziei, II. Mundu Gerran izango eben burrukaldi bakarrean. Euren helburua, Garona errekearen urtekeran alemanek oraindino mantentzen eben gaztelua menperatzea izan zan. Hildakoak asko izan ziran, lana ez zalako bape erraza baina azkenean lortu eben.
Burrukea amaitu eta handik egun batzuetara, apirilaren 22an, De Gaulle jeneralaren bisitea izan eban batailoiak eta Grayaneko aireportuan agurtu eban agintari frantsezak batailoi euskalduna. Gero Bordeleko plazan zehar desfilea egin eben De Gaulle eta De Laminat jeneralen aurrean.