Ikastetxeetan euskerearen erabilerea indartzeaz (III)
Proposamenok hiru eremu estrategikotan batzen dira:
1. Euskerea ondorengoetaratzea: “Euskerea, belaunez belaun eta eten barik, ondorengoetaratzea. Euskerearen geroratzea, familiaren, eskolearen eta helduen euskalduntze-alfabetatzearen bidez eta hizkuntza bera osotuz, aberastuz eta hobetuz lortzen da, batez be” (5. orrialdea).
2. Euskerearen erabilerea: Euskerearen aldeko auzogintzea eta zerbitzugintzea. “(...) Datozan hamar urteotako erronka nagusia, belaunaldi barrietako euskaldunentzat euskerea helduaroko erabilera-eremu berezi eta garrantzizkoetarako atsegin eta gaztelania bezain baliozko egitea da, esaterako, enpresa-mundurako, aisirako, kirolerako eta komunikabideetako, produktuen konsumorako, bai eta funtzino sinboliko eta afektiboetarako be, baita familiako hartu-emonetarako, lagunarterako, gizarteko bizitzarako, kulturarako, eta norberaren burua euskal uritar joteko be. Horretarako, euskerazko zerbitzuen “eskaintzea” eskolatik haruntzago eroan eta beste erabilera-eremu garrantzitsuetara zabaldu behar da. Euskerearen aldeko auzogintzea, zerbitzugintzea da, hurrengo hamar urteotan, bai herri-aginteek bai euskerearen aldeko taldeek egin beharreko ahalegin garrantzitsuena: euskereak bizi-indar osoa edo ohargarria dauan hurreko bizi-inguruetan osasun-, hezkuntza-, kirol, aisia- eta abarreko zerbitzuak euskeraz edo elebietan eskaintzea” (5.-6. orrialdeak).
3. Euskerearen elikadurea: “Hizkuntzea eroso eta errez egin eta erabiliko bada, elikatu egin behar da, liburu, irrati, aldizkari, egunkari, telebista eta abarren bidez. Euskerea, bigarren hizkuntza lez, eskolan ikasi dauan euskaldun barriari hizkuntza-ezagupenak sendotzen, euskal kulturearen aberastasunaz jaubetzen eta bere hartu-emon sare euskalduna zabaltzen lagundu behar jako” (6. orrialdea).
Plan estrategiko honetan, irakaskuntzea euskerea ondorengoetaratzeari jagokon moltsoan kokatzen da. Hori da irakaskuntzearen funtzino nagusia hain zuzen: belaunaldi barriei euskera ona, zuzena eta egokia eta ondo irakastea. Halan da be, irakaskuntzearen funtzinoa, adibidez, ezin da mugatu euskera irakastera. Izan be, irakaskuntzearen eta eskolearen betebeharra be bada euskerearen erabilereari eragitea, bide batez, euskerearen elikaduran eraginez. Gauzak holan, ezinbestekoa da eremu guztietako eragileen arteko hartu-emonak eta koordinazinoa sustatzea.
Erramun Osa
Eskolea da hizkuntza baten normalizazino-prozesuaren zutabe eta eragilerik oinarrizkoenetakoa. Bere eginkizuna, ostera, erlazionauta dago euskal gizarteko beste sektore guztiakaz, interakzino-prozesu baten, eta bertan eskolea da hain zuzen be euskalduntzearen bultzatzailea. Baina, aldi berean, gizarteak bere egoerea egokitzen joan behar dau hizkuntza errealidadera, bai gaurkora eta bai hurreko etorkizunera be. Administrazinoa eta gizartea, oro har, ez dira mugatu behar gaurko eskaereari erantzuna emotera, ezpada, planifikau egin behar dabe eta baldintza egokiak sortu gaur eskoletan euskalduntzen ari diran umeek, bizitza sozialeko edozein esparrutan, euren ahalmenak euskeraz garatu dagiezan.
Horretarako, emoitzak eragingarriagoak izateko, ikastetxeetako planak eta udaletan abian diranak buztartzea, beharrezkoa ez eze, ezinbestekoa da. Buztarketa hori egiteko, ostera, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (Eusko Jaurlaritza –1998– eta Eusko Legebiltzarrak onetsia –1999–), eta berorren garapena dan eta EAEko udalerri gehienetan geroz eta eragin zabalagoa dauan Udal-Ereduen Araberako Hedapenak (Eusko Jaurlaritza, 2001) batzen dabezan proposamenak hartu behar dira oinarritzat.