Andeetako mendietan barrena
Chaltenetik Esquelera joan gara, berrogeita zortzi orduko biajea egin eta gero. Esquelen arbola bereziak ikusi doguz: 'lehuan' arbolak, hau da, aitite arbolak, Maputxeek esaten eutsien moduan. Milaka urte bizi dira eta handi-handiak dira. Iparramerikako sekuoien antzekoak dira. Han be kanabera bereziak ikusi doguz. Berrogei urterik behin loratzen dira, eta inguruko arratoi guztiak hara joaten dira kanaberek botatakoa jaten. Almidoia daukanez gero, arratoiak hil egiten dira almidoia tripan puztuta. Ikaragarria be bada, ez? Han ikusi doguz beste arbola bati eusteko kapaz diran arbolak be. Eta biak besarkatuta moduan, bizi dira. Polita da.
Parkea hiru zatitan dago bananduta. Badago alderdi bat, jentearentzat zabalik dagoana. Beste alderdi bat zientzilarientzat baino ez da. Eta, azkenik, badago beste alderdi bat zapaldu barik dagoana, gerora ikertzeko. Parkeko zatirik handiena ikertu barik dago. Han jakin genduan, orain dala gitxi topau dabela marsupial bat, hamar bat zentimetrokoa. Munduan ez ei dago besterik, eta ez dabe jakin izan marsupialik dagoanik Hegoamerikan. Ezusteko handia izan da, beraz. Oraindino badaukagu zer ikasi eta zer ikusi. Eskerrak!
Iratxe Ormatza
Calafatetik Chaltenera joan gara. Ez dago asago, Andeetan bertan dago, baina bidea asfaltau barik dago. Txarrena, baina, ez da autobusa eta amortigoadoreak zaharrak izatea, eta kilometro gitxi ordu askotan egitea. Autobus barruan sartzen dan hautsa da txarrena, ito egin behar zarala be emoten dau. Ailegau garanean, guk hautsa euki dogu, baina motxilek kolorea be galduta. Gaueko ordu batetan ailegau gara. Ohean etxun garanean, zoriontsu sentidu gara segundu batez, hurrengoan, loak hartu gaitu.
Chalten herria 1985ean sortu eben. Lehenago indioak be ibiliko ziran, lurra eta amesak eurenak ziranean. Hasieran mendizaleak baino ez ziran etorten. Baina urteak aurrera joan ahala, mendizale gehiago etorri ziran, eta herria sortu eben horrei guztiei lo egiteko lekuak eta zerbitzuak eskaintzeko. Herriko etxe eta taberna gehienak egurrez eginda dagoz, eta bideak lurrezkoak dira. Herri ondotik errekea igaroten da, horma-mendia lagun dauala. Halanda ze, polita da herria. Ingurua aproposa da kanpinean lo egiteko, baina ez daukagu kanpin-dendarik, eta Uruguain baino hotz gehiago egiten dau.
Lehengo egunean zazpi orduz ibili gara, hogei kilometro egiteko. Ez gagoz ohituta eta ez da izan erraza, niretzat behintzat baina merezi izan dau. Amaieran, horma moduko mendiak ikusi doguz, altzoan edurra daukiela. Glaziar txiki bat be ikusi dogu, musturra lakuan sartuta. Lakua berde kolorekoa da, eta bazterrean glaziarreko urtu bako izotz zatiak dagoz. Eguzkiak eta urak irudi politak sortzen dabez izotzetan. Han egon gara pakean, inguruan geunkanari begira. Dana isilik egon da. Oinak uretan sartu doguz, ura hotz dago baino oinek eskertu deuskue. Eguzkiak handik goitik laztandu gaitu, behar genduan berotasuna eskainiz. Ha dana begietan sartu eta gero, bueltako bidea errazago egin jaku.
Bigarren egunean, Fitz Roy mendia ikusten joan gara. 'Chalten' esan beharko geunke, baina. Izan be, maputxeek Chalten izena imini eutsen mendiari. Chalten berbeak 'kea darion mendia' esan gura dau. Lainoak era berezian inguratzen dau mendia, mendi tontorretik gora egiten dau. Emoten dau mendiak berak kea botaten dauala.
Bost orduko ibilaldiaren ostean, mendiaren altzora ailegau gara. Eta ordurako mendizaleak be sentidu gara! Aurrean euki doguna zoragarria da: mendiak, edurra, glaziarrak eta esmeralda koloreko lakutxua. Aurreko egunekoa baino ederragoa, harrigarriagoa, ikusgarriagoa da. Ibilaldiaren azken ordua gogorra izan da, aldats gora bildurgarria, eta arnasestuka ibili gara. Edozelan be, merezi izan dau. Bai!. Hau da, eder berbeak adierazoten dauan guztia.
Chaltenen jakin dogu maputxeek kontetan dabela euren artean printze bat egoala, urregorria eukana. Espainiako konkistatzaileek horren barri izan eben, eta printzearen bila joan ziran. Printzeak hegoalderantz iges egin eban baina atrapau egin eben. Konkistatzaileek hil baino lehen, printzeak bere jainkoari laguntzeko eskatu eutson. Jainkoak bere mezularia, haizea, bialdu eban, printzea ekarteko baina haizeak ezin izan eban printzea topau, eta ordutik bila eta bila dabil, deskantsurik hartu barik, Patagoniako bazter guztietatik.