Barriketan  I. urtea // 7. zenbakia - 2002ko abuztuaren 1a - Hamaboskaria

25 urte, 25 amets, Bilbon musikaz blai

Uda sasoiko jaien artean, Jazz, Blues, Folk Jaialdiak eta enparauak aparte itxita, agendan ondo marketan doguz urtero Bizkaiko uriburua, Gasteiz, Iruñea eta Donostia; herri txikietako jaien berotasuna eta nasaitasuna falta jake uri handiei, baina, duda barik, parrandazale sutsuentzat foro onak dira eta adin guztietarako ekitaldiak ehundaka izaten dira; jakina, musikazaleok be aukera ederrak izaten doguz, izan be, momentuko izarrak kontratetan dabez jai batzordeek ahalik eta jente gehien erakarteko. Horren harian, gustau zein gustau ez, 'Operación Triunfo' programeak sekulako arrakastea izan dau aurten, eta uda honetan arnasea hartzeko astiririk barik ibiliko dira Rosa, Chenoa, Bisbal, Bustamante eta konpainia, nahiz eta Euskal Herrian polemikea biztu dan Gasteizen, arrazoi politikoak tarteko, Su Ta Gar taldearen kontzertua bertan behera itxi eta Chenoa kontratau ostean; gero, halan da be, Chenoak edo Chenoaren ordezkariek kontzertua bertan behera laga eben, eta Barakaldon berbatuta egoan kontzertua be ezerezean geratu da. Gasteiz eta Barakaldoko kontzertuak gorabehera, Chenoaren patrikerea ondo beteta egongo da uda sasoiaren amaieran. No comment.

Bilboko Aste Nagusia

Kontuak kontu, Bilboko Aste Nagusiaren 25. urteurrena ospatuko dogu aurten, eta antolatzaileek hamaikatxu ahalegin egin ditue aurtengo edizinoa apartekoa izan daiten. '25 urte, 25 amets' izeneko diskoa grabau dabe hainbat musikari eta bertsolarik eta danetara 15 kantu batu ditue. Urtero legez, Marijaiari protagonismoa kentzea ez da erraza izango, eta aurten gatxagoa ganera, Marijaiak badaukalako zer ospatu. Data gogoangarri hori dala eta, danok be beste modu baten ekingo deutsagu seguru jai giroari; hori bai, herrietako jai-egitarauetan musikeak berebiziko garrantzia izaten dau eta, arlo horretan, Bilboko jaietarako oso gitxi falta zala Bryan Adams Kanadako rockeruaren kontzertua iragarri euskuen, geroago, agenda arazoak tarteko, bertan behera geratu bazan be; askok opor egunak be aldatu egin genduzan Adams jaunaren kontzertua ez galtzeko, baina azkenean oporretarako planak berregitea tokau jaku.

Simple Minds, 25. urteurreneko izarrak

Musikeagaz disfrutetako aukerak asko izango dira Bilboko Aste Nagusian, eta Bryan Adamsen ordezkoa Simple Minds talde handia izango da. Eskoziako talde beteranoa, klasikoa, gauzak ondo egiten dakiana. Gaztetxuek ezagutu be ez dabe egiten, baina munduko rock taldeen artean, onenetakoa da (bakotxaren gustuetan sartu barik, ze, gustau ez arren, ona dana onartzea lakorik ez dago). Musikan zein gizarteko ganerako arloetan, 25 urteko ibilbidea egitea ez da makala eta meritu handikoa, kasu honetan, diruak eta salmentek agintzen daben musikearen mundu basatian irauteaz ganera, gauzak, kontzertuak, diskoak kalidadeari eutsita egitea; 1979an etorri zan, Eskozian, punk mobimendua pil-pilean egoala sortutako Simple Minds taldearen lehenengo diskoa: 'Life In A Day'; hortik aurrera, geldialdiak, taldekideen joan-etorriak eta talde barruko arazoak tarteko, ibilbide luze eta emonkorra egin dau Jim Kerr buru dauen taldeak; datu lez baino ez bada be, talde honek 25 miloe disko baino gehiago saldu ditu munduan, eta zeozergaitik izango da. Post-punk, art-rock edo huts-hutsean rock taldetzat daukie askok, baina gaur egun poparen eta rockaren artean dabilen taldetzat hartu geinke. Bitxikeria legez, Jim Kerr, taldeko liderra eta Charlie Burchill dira hasikera-hasikeratik taldean dagozan kide bakarrak. Hasikeran, Johnny & The Self Abusers izena ipini eutsen taldeari eta geroago etorri ziran Simple Minds izena eta arrakastea. Aurten, 95. urtetik zuzenean kontzerturik emon barik egon ostean,'Cry' disko barria aurkezten dabilz munduan zehar, eta Bilboko Aste Nagusian be izango doguz, abuztuaren 17an hain zuzen be. Disko barri horretako kantuak ez eze, 'Waterfront', 'Alive and kicking', 'Someone somewhere', 'Ghostdancing' edota ''Belfast child' lako klasikoak entzuteko aukerea be izango da, seguru.

Zerrenda luzea

Urtero-urtero, danon gustuak asetzeko moduko musika egitaraua izaten da Bilboko jaietan, eta aurten be eskaintza zabala preparau dabe antolatzaileek. Diskoak aurkezten ez dira bakarrak izango Simple Minds taldekoak, berbarako, Dover eta Doctor Deseo taldeak be disko barria besapean dabela hurreratuko jakuz; Bilboko Francis Diez eta Joxi Jimenez, punta-puntan dabilen Doctor Deseo taldeko buruek, 'Suspira...y conspira' disko barria aurkeztuko deuskue; talde beteranoa hau be, 15 urte baino gehiago dabilz-eta musikearen munduan. Taldekideak Joxi eta Francis, Raul Lomas eta orain urte batzuk desagertutako Hertzainak taldeko Kike eta Txanpi dira. Beste alde batetik, Madrileko Dover taldearen ekitaldia be azpimarratu gura neuke; ingelesez kantetan dauen taldea da eta erritmo gogorrak lantzen dituan Llanos ahizten taldea, Amparo eta Cristinaren taldea 1992an sortu zan; arrakastea denpora laburrean lortu dabe eta sekulako abiadurea daroe, diskoak zenbat-gura saltzen eta kontzertuak be ugari emoten; 'It's good to be me' izenekoa da garagarrilaren hasikeran plazaratu daben diskoaren izena, eta daborduko milaka saldu ditue baita atzerrian be. Halan da be, gogoan hartu gehiago be izango dirala kantu barriak aurkeztuko dituen taldeak. Bilboko oholtza askotan izango doguzan talde guztiak aitatzeak luze joko leuke, baina izen batzuk gogoan izan daizuezan, hona hemen batzuk: Amaral, Dover, Noa, Juan Perro, Barricada, Sen, Doctor Deseo, Simple Minds...


Eguraldiari jagokonez, gure Euskal Herria nahikoa iluna izaten bada be, ahal danean behintzat, plan polita izan daiteke egunez eguzkiaz, mendiaz edo itsasoaz disfrutetea eta gauez jai giroaz eta musikearen zipriztinez bustitea; geurea proposamena baino ez da, baina banaka batzuk aintzat hartuko dabelakoan, ondo ibili danok.

Koldo Isusi Zuazo