Txutxu-mutxuan  III. urtea // 73. zenbakia

Bizitza barri baterako leihoak


Urietako erdiguneak eta egoitza eremu barriak

Bien bitartean, ekonomi maila handiagoko herritarrak erdiguneak berraukeratzen hasi dira; hainbatetan, ganera, ondo be ondo kokatuta dagozan eremu zaharrak berreskuratzeari ekin deutsie. Iparramerikako ereduari jarraituz, urien kanpoaldean gasolindegi, hipermerkatu eta astialdi lokalak izaten dira. Espazio lakonikoak dira, erdigunearen animazino, giro eta memoriarik ez daukienak. Era berean, gune urbanoetatik hurrago dagozan herri txikerragoetan egoitza eremuak eratzeari ekin jako, densidade urriagoko baina kalidade handiagoko etxeak eregiz.

Bizimodu lasai eta erosoaren aldeko ilusinoak batzen dauz auzo barri horreetako biztanleak, datozen urteotan eredu bihurtuko dan bizimodu hotzago baina eroso eta lasaiago baten erakusgarri.

Begiluzea

Autopistearen albo baten, Bilboko meategiak egon ziran leku berean, Miribillako eraikinak ikusi geinkez, mendi bateko gailurrean egon leitekezan harrizko erraldoi lez. Etxe aldra horrek etxura gizatiarragoa hartzen dau auzo barria bitan banantzen dauan bulebarrera sartukeran. Edozelan be, eremuen zabaltasuna ikaragarria da Bilboren moduko uri baten.

Eguerdiko ordubatetan kaleak erdi hutsik dagoz. Edadeko andra bik eta gazte batek bultzatzen dabezan hiru ume kotxe agiri dira, bai eta bazkaltzen joateko lan tresnak eskegi dabezan hainbat behargin be. Horreek guzti horreek dira Bilbon azken hogeita hamar urteotan gehien zabaldu dan eremuan ikusi daitekezan personak.

Euskal Herria hazten dago, beharbada ez biztanle kopuruari jagokonez, baina bai etxebizitza multzoei jagokenez. Hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan lez, pisu bloke handiek euren hagak ezarri dabez Bizkaiko uririk handienetan. Oraingoan, etxeak handi eta erosoagoak dira, garajea daukie, berdegunez ingurututa dagoz eta hainbat kasutan, esaterako Barakaldoko Desertu plazako blokeetan, gela erdibanatuak daukiez, txirringak gordeteko.

Sano asao lotzen dira 60 metro karratuko pisuetan pilaturiko sei personako familiak bizi ziran auzoak; auzo horreetan umeek kalera bakar-bakarrik urteten eben olgetan eta tabernak nahiz kolarrak bizipen, ardura, txutxu-mutxu eta ardurak alkartrukatzeko zentro bihurtzen ziran, edozein herritako plaza balira lez.

Uriaren erdigunetik urrun, urbanizazino barrietako biztanleek abarrots eta zarata-hots barik egiten dabe lo, isiltasunak lagunduta. Egunez, kaleak erdi lo dagozala emoten dau, uriaren bihotzean dagoan astrapaladatik oso aparte.

Era guztietako zerbitzuak

Enrique Antolín Euskal Herriko Unibersidadeko Soziologia irakaslearen eretxiz, Miribilla, Lakua eta Barakaldoko Max Center-en aurrean dagozan Zuloko torreak bizimodu barri baten aurrerapena besterik ez dira; eremu horreetan merkataritza zentroek eta astialdi ekipamenduek –zineak, umeentzako olgeta eremuak, gimnasioak...– beharrizan eta premina guztiak beteten dabez; gauzak holan, erropa erosteaz ganera, helmuga exotiko baterako bidaia be erreserbau leiteke. “Europan eta Estatu Batuetan, zer esanik ez, aspaldi ezarritako fenomenoa da eta, orain, urte batzuk geroago, hona ailegau da” adierazo dau adituak.

Bilboko auzo barria autobiaren ondoan dago. Auzunearen berezko urtenbidea da. Baina Miribilla momentuz ez da sartzen metrorako aurreikusitako trazaketan, baina bai Renfekoan; horrek lo egiteko leku huts bihurtzeko arriskua murriztuko dau.

Hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan auzoak beharginen familiez bete ziran. Babes ofizialeko etxebizitza ugari daukien eremu horreetako biztanleak, gehienbat, famili gune horreetako seme-alabak dira. Auzuneak diseinaukeran, ez da ahaztu gizarte integrazinoaren aldeko jarrerea eta, holan, diru-sarrera apalagoko familiak salmenta libreko pisua erosi dabenakaz bizi izango dira; ganera, pisu txikerrak be badagoz gero eta ugariagoak diran unidade bakarreko edo biko familiei zuzenduta.