Entsalada zuri-gorria: guk uste baino osogai gehiago platerean
Esaldi ederrak esaten dira futbolaren ganean. Ideologien ganean ei dago futbol zaletasuna. Futbola kirola ei da. Hau eta gehiago dinoskue, baina kontu honeek ez dira guztiz zuzenak. Futboletik be ideologia egiten da. Euskalzaletasun jokerea dauka gaurko Athletic-ek. Horregaitik, bat baino gehiago dabil jokalaririk ezagunenak bere aldeko ekimenetara eroan guran. Eta jokalariren bat edozelako alderdi politiko, herri ekimen edo aldarrikapenen alde "bustiten" danean, oihartzuna asegurauta dago Bizkaiko gizartean.
Baina ez da politika edo kirola jokoan dagoana. Futbolaren inguruan diru asko mobiduten da. Guk pentsetan doguna baino gehiago. Ez daigun ahaztu telebisten diruak, kamiseta eta bestelako salgaienak, fitxaketak eta ganerakoen zoramenek transformau egin dabela futbolaren mundua. Hautagaiak enpresa gizon-andra ugari dira. Holako erakunde baten kudeaketea ezin da edozelako lagun talde baten eskuetan laga. Eta azken esaldi honek zentzu bi daukaz. Gogoan izan zelai barriaren kontua mahai ganean dagoala. San Mames zaharra barriztu, beste leku batera eroan,… Ez dira honeek erabagi inuzenteak, ez. Erabagi bat edo bestea hartzearen arabera diru asko mobidu leiteke norabide batera edo bestera. Ez da lan erreza klubaren interesak eta partikular batzuenak bereiztea. Nire ustetan, txalotzekoa izan da Azkuna alkateak esandakoa, zelaiaren ganeko azken berbea Udalarena izango dala hain zuzen be. Ez dau lan makala izango alkateak esandakoari eusten!
Ez da erreza bazkideek eskuartean daukien erabagia. Presidentea aukeratu behar dabe, zuzendaritza taldea, kirol egitasmoa, zelai barriaren ganeko ikuspuntu bat... Baina honeek dira demokraziaren aldeko eta kontrako puntuak. Edozein kasutan, bazkideen erabagia onena izan daitela eta aupa Athletic!
IƱaki Atxutegi
Athletic futbol taldea baino gehiago dala ezin da ukatu Bizkaiko lurraldean. Ez dago dudarik. Bizkaitar guztiak Athletic zaleak dira (gara). Joan gaitezan Bizkaiko edozein txokotara partidu egunetan eta bandera zuri-gorriak bazter guztietan ikusiko doguz. Eta ‘merenge’, ‘kule’ edo Donostiako txuri-urdinen aldeko zaletasuna aldarrikatzen deuskun inor topetan badogu, begirada bereziren bat zuzentzen deutsagu "berezi" honek esandakoaren atzetik zer dagoan jakin guran (fatxea ete da?, adarra joten ete?, erdi-giputxe ete?).
Horregaitik, bazkideak ez garan asko interesauta eta arduratuta gagoz klubaren Zuzendaritza Batzorderako egingo diran hauteskundeen ganean. Gozoki gozoa da Athletic-en presidentea izatea. Bilbaoko Athleticek pentsamentu, ideologi, sinismen eta jokeren ganean mueta guztietako personak batzen dauz. Ardura handiko lana, zalantza barik.