Bertsotan  III. urtea // 72. zenbakia

Aste Nagusia


Arriagan jendetza
kopuru eskerga,
txanpain eta sagardo
hainbat erreserba.
Lehenen pregoilariak
egiten dau berba,
txupinaren soinua
entzutea zer da?
orduan hasten dala
aste bete juerga.

Lehenengo Mari Jaia
kaleetan agertu,
gero zezen suzkoa
egon leike gertu.
Musika kontzertuak
be ezin baztertu,
programari begira
aukerak aztertu,
hemen inor be ezin
leiteke aspertu.

Ze ona txosnetako
anbiente alaia:
bazkari herrikoien
berbeta lasaia,
ekintza guztietan
parte hartze garaia...
Honek danak pizten dau,
lehen bagendun nahia,
hau beti izan daitela
herriaren jaia!

Nahiz ta gauza onenak
beti goraipatu
ta alde positiboa
danari bilatu,
gauza bat da tristea
beharko onartu,
badala hainbat preso
ta errefuxiatu
ezin izan dabenak
honetaz gozatu.

Nonoz egin dagien
honaino bisita,
guztiei luzatu
beharko gonbita.
Duda barik dalako
aste hontako zita,
ardurak eta penak
etxean itxita,
kaleaz gozatzeko
aukera polita.

Oihana Bartra

Aurreko astea handia izan da Bilbon. Aste Nagusia. Amaitu da, bai, baina gitxiago falta da hurrengoa hasteko. Noz? Bere sasoian ala ostera be aurreratuegi bidean Bizkaiko santu txikiak harrapatuaz? Dakienak jakin. Aurtengoa joan da eta aldarriak aldarri, jaia nagusi izan da eta danok egingo zenduen zeuon parrandatxua berton, ala?

Oihana Bartra lanpetuta ibili da Aste Nagusian. Santiago Plazan bertsotan egin eban astelehenean, hurrengo batean gai-jartzaile beste bertsolari batzukaz, Hor Dago Abante! konpartsan txandak bete zintzo-zintzo...eta juergea ez dau alboan itxi, ezta pentsau be. Sasoian dago bilbotar bertsolari gaztea. Gure deiari erantzuteko modua be aurkitu dau siesta bueltaren batean eta bertso honeek bialdu deuskuz. Danak ez dauz esango, baina aikoan kapitaleko jai nagusieri begiradatxoa.

IƱaki Aurrekoetxea