Zinea  III. urtea // 72. zenbakia

The Stepford Wives


Kredituko tituluek fabula honen erakargarritasuna eta eduki kritikoa laburbiltzen dabe: etxeko tresnen teknologiako publizidade irudiak dira, Estadu Batuetako 50. hamarkadako klase ertaineko etxeetako dekorazino loretsu eta pastel kolorekoaz horniduta.

Pelikulan Eisenhower-en sasoien nostalgia sentitzen dauan Iparramerikako eskumearen jokaera atzerakoia salatzen da, emakumeek gizonakaz lehiatzeko bape asmorik ez eukien etxeko andre eredugarriak ziranean.

Filmaren hasikeran telezaborrari zuzeneko erreferentzia egiten deutson fenomenoa agiri da: lehiaketa batek bizimodua hondatu deutson gizonezko batek tiro egingo deutso guztiz arrakastatsua dan telebistako ekoizle bati. Joanna Eberhart-ek onik urtengo dau, baina istiluaren ondorioz kaleratuko dabe; osteko depresinoari aurre egiteko, Connecticut-eko urbanizazino batera lekualdatuko da, senarrak proponiduta. Bertan, andrazko guztiak Playboy-ren modeloak dirala emoten dau, eta euren zeregin bakarra senarrak asebetetea da, etxeak garbi eta txukun eukitea eta gizarte ekitaldi absurdoetan parte hartzea.

Pelikulea Ira Levinek orain dala 30 urte inguru idatzitako nobela baten oinarrituta dago, baina liburu honen aldarrikapen feministea, neurri baten, gainditu da. Halanda ze, zuzendaritza artistikoaren erabagi egokia izan da, suspensea eta dramea esperpento honen osagai nagusi bihurtukeran.

Filmean, bada, ez dago seriotasun edo larritasunerako asmorik bape, ezpada komikotasun ironiko eta sarkastikoa jadesteko amesa; egoerak lar komikoak ez diran ezkero, zeregin hori aktoresen esku lotu dira: Glenn Close, andrazko perfektuen buruzagi modura, eta Nicole Kidman eta Bette Midler, andrazko inperfektuen eredu modura. Ahalik eta gehien puztu dabe antzezpen lana eta, egia esan, ondo be ondo egin dabe.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Frank Oz.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 93 minutu.
- Antzezleak: Nicole Kidman (Joanna Eberhart), Matthew Broderick (Walter Kresby), Bette Midler (Bobbie Markowitz), Christopher Walken (Mike Wellington), Faith Hill (Sarah Sunderson), Glenn Close (Claire Wellington), Roger Bart (Roger Bannister), David Marshall Grant (Jerry Harmon), Jon Lovitz (Dave Markowitz), Lorri Bagley (Charmaine).
- Gidoia: Paul Rudnick; Ira Levin-en liburuan oinarrituta.