Lo falteak osasun arazoak sortu eragiten deutsoz herritarren erdiari
Garrantzi handiko gorabehera
Ondo lo egitea garrantzi handikoa da. Kontuan hartu beharra dago loak indarbarritzeko zeregina ez eze oraindino ondo ezagutzen ez doguzan bestelako funtzioak be beteten dauzela. Lo egin bitartean, gorputzearen funtzionamentua hobetzen daben hormonak jariatzen doguz, aldaketa metabolikoak gauzatzen dira eta memoriak behar egiten dau egunez jasotako informazinoa finkatzeko.
Egunez gitxienez herritar helduen %5i eragiten deutson logureak gauez atseden hartzeko ezintasunen ondorioa da. Aharrausia ez da arazo handi bat, baina gidatu edo prezisino handiko tresnak kontrolau bitartean lokartzea bai. Behar dan moduan lo egin ezean, zirkulazinoko ezbeharrak izateko aukerak zazpiz biderkatzen dira; halanda ze, alkoholak eta lo falteak antzeko arriskugarritasuna daukie gidatzeko orduan.
Insomnioaren kontrako terapiarik onena, antza, lo egiteko tartea arian-arian handitzen joatea da. Horretarako, oheratzeko ordua gitxika-gitxika aurreratu behar da. Horrezaz ganera, oheratu aurretik, ur beroko dutxak hartzea komeni da, gorputza lasaitu daiten. Azkenik, ahal dala, ohera ez da ardura edota kezkarik eroan behar, baina hori gaur egungo gizartean gatxagoa dala emoten dau.
Begiluzea
Gitxi eta txarto egiten dogu lo. Adituen esanetan, arazo hau azken urteotan nahiko luzatu dan lanaldiaren ondorioetariko bat da. Beharrean ordu gehiago egiten diran ezkero, familiek afalordua bederatziak edo bederatziak eta erdira arte atzeratu eta telebista aurreko astialdi orduak goizaldera arte luzatu dira. Denpora tarte hori loari kendu jako. Herritarren erdia lo orduak galtzearen ondorioz sortutako arazoak ordaintzen dabil, berbarako gastroenteritisa, hipertensinoa eta bihotzeko gorabeherak.
Loaren zorra izeneko sindrome hau oso zabalduta dago gazteen artean, eurek jasaten ez daben bakarrak izan ez arren. Gazteenek astelehenetik barikura arte pilaturiko atseden defizit hori handitu ohi dabe zapatu gauetik goizaldera arte luzatzen diran parrandak eginez; domekak ez dira nahiko, gorputzeak lo falteari eta tabakoari, alkoholari eta bestelako sustantzia toxikoei aurre egin deien. Ganera, gazteetariko hainbatek kirol larregi egiten dabe oheratu aurretik, eta horrek be ez dau asko laguntzen.
Insomnio mueta asko
Insomnioa eta egunez izaten dan logurea arazo nagusiak dira. Izartu eta lo egiteko erritmo egokiak txiker-txikerretatik ezarri behar dira. Horrela egin ezean, umeek arazoa gaztarora arte luzatuko dabe eta, epealdi horretan artezten ez badabe, bizitza osoan jarraituko dau.
Insomnioari aurre hartzeko tratamentua berori eragiten daben arrazoien araberakoa izaten da. Medikuek, gitxienez, gaixotasun honen bost aldaera bereizten dabez. Gaixo batzuen kasuan, lo egiteko ezintasun horrek ez dauka agiriko azalpenik. Beste batzuen kasuan, arazoa aldi baterakoa baino ez da, gorabehera zehatz baten ondorioa, kasu baterako familiarteko baten heriotzea edo bestelako gaixotasun bat.
Beste persona batzuen kasuan faktore psikologikoak pisu handiagoa dauka. Ez dabe lo egiten larregizko estresaren menpe dagozalako. Hainbat ondoezen kontrako medikamentuek be loa galtzea ekarri leikie. Azken taldean, batez be gazteak topetan doguz; honeek ez dabe lo egiten usadio txarren ondorioz edo substantzia toxikoak kontsumiduten dabezala eta.