Bertsotan  I. urtea // 6. zenbakia - 2002ko garagarrilaren 15a - Hamaboskaria

Udako plazetarako hamar gomendio


Ez dakit aholkuok lagungarri egingo jatzuezan, baina badozue motiborik udan herriko edo inguruetako plazaren batera agertu eta probetako. Irakurleen txokoa hor dozue eta esperientzien barri jasoko geunke gustora baino gustorago.

Lerrook idazterakoan, ezinezkoa jat Bilboko Aste Nagusiko plazak ahaztutea. Egunero-egunero ordu batak inguruan, lehenago Santiagon eta azkenaldion Plaza Barrian, bertsolaririk onenak entzuteko aukera ederra izaten dogu, eta bai urtero urtero hutsik egiten ez daben bertsozaleak agurtzekoa be.

Iñaki Aurrekoetxea

Bertsoak ez dau oporrik hartzen. Amaitu ditu ikasturteko lanak, eten egin dira eskolak, txapelketak eta batzarrak (ia danak), baina zereginez lepo jarraitzen dau eta ez dakit udan behar gehiago ez ete dauen egiten! Euskal Herrietan zehar osteratxu bat egin ezkero, nahikoa da santuren bat topau, ha be bertsotan hasiko jatzu eta. Sanjoanak, Sanpedroak, Sanferminak... Pobre de mi! Hasi baino ez dira egin... Karmenak, Saninazioak, Andramariak, Sanrokeak, Aste Nagusia... Oporrak gura zituan bertsolariak jai dauka!

Udako plazei botako deutsagu begiradatxua. Jaietan dagoan herri edo urian ez da gatxa izango bertso-saioren bat topetea. Jai egitarauan hantxe agertuko dira bertsolariak be, halako orduan eta herriko plaza nagusian, askotan meza ostean eta gehienetan urdailari astindu ederra emon orduko sasoi eguzkitsuan. Urteko saioen antz gitxi hartuko deutsagu, udako plaza batek ezaugarri bereziak ditu eta. Herriko jaiak dira kasu gehienetan, eta honek asko baldintzatuko dau saioa bera: entzuleak jai-erropakaz eta ondo pasetako aurretiko jarrereagaz, gaupaseroren bat edo beste, bertsolariak be harrapetan dituan eguzki beroaren presentzia edo tabladu ostetik pasetan diharduan fanfarrea.

Ez dira betiko saioak, baina bai betiko bertsolariak. Jakina, antolatzaileek bertsolaririk onenak ekarri gura izaten dabez eta jaietako aurrekontuak ez dau traba handiegirik ipiniko. Bertsolariak badaki, jakin, udan saioak ugarituko jakozala eta aurretiaz ez badauz bere oporrak ondo planifikau jai dauka, bai, uda hasterako beste batzuk bere partez marraztuko deutsielako egutegia. Badaki, baita, saiook dakarren ordaina ez dana iges egiten ixteko modukoa, eta ahalik eta saio gehienei baietza emongo deutso. Dana ezin baina. 'Hi, Santutxutik deittuten dxuet, Karmenak dxatozek eta bakik, bertsolaridxek biher dxueguz, etorriko haz, eztok?', 'Parkatuik baie Tourrera nadxuek, Pirineoetara, badakik, tokaiue lider eta gu be bagadxabizek bizikletan eta hango saltsie eta kolorie...', 'Bai, bai, aittuten dxuet. Ondo ibili Frantzien eta beste baten izingok'. Bertsoari deskantsua emoten be jakin behar da, batez be udagoienean txapelketea datorrenean.

Udako plaza honeetan entzule asko ez da ohiko bertsozalea, eta jaiaren zurrunbiloan harrapetan dau saioak. Tabladu ganean musika aparatu barik kantari ez oso onak, jente pilotxua entzuten eta bera be apur baten sikeran geratu egingo da. Beste askok badaki bertsolarien barri, baina ez pentsau urtean zehar saioren batera joango zanik! Gehien jota Hitzetik Hortzeran noz edo noz zeozer ikusiko eban. Holangoentzat eta zaleagoentzat be lagungarri izango dalakoan, aiko hemen udako ia edozein bertso-saiotarako hamar gomendio:

1. Sasoiz agertu plazara. Badakigu bertsolarien puntualidadea ez dala puntakoa, baina halako egun beroan zeu be berandu bazoaz, ez kejau geratzen diran aulki bakarrak eguzkitan dagozanak badira.

2. Sekula ez da berandu. Hartu zeure aulkia eta plaza bazterreko gerizpetara joan.

2.1. Kontuz eguzkiaren ibilbideagaz! Ez badozu ondo planifiketan saio erdia emongo dozu eguzkipetik gerizpetarako bidean.

2.2. Saioa hasita badago diskretua izan. Bertsolariak beti dagoz motibo bila eta zeu izen zeintekez hurrengo biktimea.

3. Ez lokartu. Badakit ordu gitxi egingo zenduzala lo, baina ahalegina egin beharko dozu edo barriro bihurtuko zara bertsolarien biktima.

4. Errepetizinoa dagoan kasuetan kantau bildur barik, bertsoa sozializetan laguntzeaz ganera logurea be engainetan dau. Noz errepetiduten dan? Trankil, alboko bertsozale amorratuari segidu.

5. Bertso amaieretan txaloak jo. Beti ez dira bertso onak urtengo, baina ondo dago ahalegina saritzea, bertsolariak asko eskertzen dau hori.

6. Fanatismorik ez, mesedez. Bertsolari batzuk besteak baino hobeak izango dira, atseginagoak, ederragoak...baina bertso munduan ez da fanatiko beharrik; danek merezidu dabe tratu bera.

7. Ez geratu dudatan. Bertsoa edo zatiren bat ez badozu harrapau, itaundu alboko zale amorratuari, bai, lehengoari, honezkero ezagunak zarie eta batek daki lagun izatera be helduko zarien!

8. Txistu egitea ez dago sobran. Bertsolaria probokatzaile badabil, ez parkatu, jo txistua bildur barik, bera be horren zain egongo da eta komunikazino ekintzea ezin hobeto osotuko dozue. Hori bai, ez ahaztu txaloak jotea, bertsoa bertsoa da eta batak ez daiala bestea kendu.

9. Bertsolariagaz tolerante izan. Seguru hasikerako agurrean zuen herriko santua aldatu deutsuela, baina ulertu behar dozue herenegun ez dakit nongo jaietan kantau ebala, atzo sanferminetan, gaur hemen...gizajoari ez bota plastikozko basorik, txistu kariñoso batzuk nahikoa izango dira.

10. Saioa amaituta aurreratu tabladu azpira eta bertsolari honi edo hari jaietako zapian autografoa idatziarazo ostean, itaundu eiozu ze plan daben gerorako, seguruena berton geratzekoa izango dalako eta nork daki, bertsolariakaz parrandea egiteko aukerea izango dozu. Ganera, kobrau ostean nahikoa eskuzabalak izaten dira.