Kulturea  III. urtea // 72. zenbakia

Baserritik zinemara


Barrikuntzak gidoian: amodiozko triangeluaren erdian, Ixabel

Filmak tramearen aldetik izango dauan barrikuntzarik handiena personaia barri bat izango da: Ixabelen mutil-laguna. Holan, gatz eta piper gehiago eukiko dau istorioak. Joxean Sagastizabalen berbetan, ‘Ixabelen bihotza irabazteko liburuan baino lan handiagoa eukiko dau Juan Martin euskaldun barriak, burruka gehiago egin eta izerdi gehiago atara beharko dau’. Idazleak aurreratu dauanez, ‘oso mutil guapoa, euskalduna eta baserriko lanak egiten dakiana’ izango da Ixabelen mutil- laguna. Juan Martin, barriz, ‘baserrira doan Woody Allen bat da. Desafio bat jokatuko dabe bi mutilek, ‘Kutxidazu bidea, Ixabel’ek euskal zinemagintzeari egiten deutson desafioa lakoa.

Bizkaie!

Euskal literaturan gehien irakurritako liburuetakoa da Joxean Sagastizabalen ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’. Gorringo taldeak nobelearen ganean egindako obrea hamaikatxu bider antzeztu dabe, euskal antzerkigintzearen historian gehien ikusitako antzezlana izateraino. Bidea egiten segiduten dau 'Kutsidazu'-k, eta laster zineman ikusteko aukerea be eukiko dogu; dana ondo badoa, datorren urteko udea baino lehenago ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ grabetan hasiko dira Mireia Gabilondo eta Fernando Bernues zuzendariak, eta sei ataleko telesaila be egingo dabe.

Euskarazko zinemagintzearen azken aldiko krisiaren ostean, hilabete honetan hasiko dira Telmo Esnal eta Asier Altuna Aupa Etxebeste grabetan, eta oasi txiki horretan sartu gura dabe Orio, Tentazioak eta REC ekoiztetxeek ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ filmagaz. Euskerazko film bat egiteko gehien kostetan dana lortu gura dabe eta: finantzabidea. Euskaldun barriaren inguruko filma bideo digitalean grabau eta gero pasauko dabe zinemara, baina, halan da be, 1.200.000 euro beharko dabez.

‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ hemengo publikoari dago zuzenduta, euskal inguruari, eta horrek gatx egiten dau finantzabidea lortzea. Holan ba, Eusko Jaurlaritzearen diru laguntzinoetan proiekturik baloratuena izan da ‘Kutsidazu’, erderazko askoren aurretik. Horrez gan, Espainiako Kultura Ministerioak daukan Hirugarren bidea dalakoa erabiliko dabe, hau da, aretoetan ataraten dan diruagaz, a posteriori pagauko dabe proiektuaren zati bat. Horretarako, euskaldunek zinemara joan behar dirala dinoe proiektuaren arduradunek. Liburua erosi dabenen erdiak eta antzezlana ikustera joan diranen erdiak (gitxi gorabehera 40.000 lagun) filma ikustera joan ezkero, proiektuak ondo urtengo leuke.

Finantzabidearen hirugarren hankea EITBren diru laguntzinoa da, izan be, sei ataleko telesaila egingo dabe.