137. araua
Galderak gitxi dira: orduan, orain arte zelan deitu deutsagu ba hainbeste gobernuren buruhaustea dan lur zati horri? Eta zer dala-eta otu jake orain euskaltzainei halako arau bat emotea? Eta zer eraginkortasun eukiko dau?
Izan be, seguruenik lehenengo aldia izango da neure bizitza osoan Euskaltzaindiaren azkeneko araua badakidala; normalean azkenaurrekoak jakitea be meritua izaten da. Gatxa izaten da jakiten erretzaileek ahoan daroena zigarroa edo zigarreta izaten dan, edo eta segundoak pluralean eta minutuak singularrean jarri behar diran. Ondo etorri jat arauko bigarren puntua jakitea: “idazkereari jagokonez, bi berbatan eta biak letra larriz”. Eskerrak; hiru berbatan idaztekotan egon naz: Eus Kale-Herria. Bestela, mundu osoan pentsauko eben hemen baserriak besterik ez dagozala. Hori bai larria izango zala.
Hirugarren puntuak dino “akaberako –a hori artikulua” dala. Eta artikulua egitea be merezi eban arau osoak. Zenbat gauza egongo diran egungo euskeraz oraindino arautu barik dagozanak, zenbat gauzatan oraindino ez dogu Etxepareren hizkuntzearen jagole dan erakundearen eretxia entzun? Ehunekoen marka zenbakiari lotuta idatzi behar ete da? Hiztegi Batua amaituta ete dago?
Tira, emoten dau inkisizinoagaz konparau gura dodala Euskaltzaindia eta halan be ez da. Euskaltzaindiak euskerearen aldeko behar handia egin dau, bai eta ETB1ean entzuten dogun berbakerea sortu be. Neureak lako guraso erdaldunen ikastolakume euskaldun barriek Euskaltzaindia-amaren euskerea izaten da lehenengoz hartzen dabena. Baina Euskal Herriaren izena erdaldun euskaltzaleek be badakie zelan dan. Badakigu Euskadi nondik datorren eta Euzkadi nora doan, baina Euskal Herriaren arazoa ez dago izenean, izanean baino.
Xabier Paia
“The New York Times egunkarian hau barriau etorriko da laster: Amerikako Estadu Batuetako Kongresuak erabagi dau aurrerantzean hanburgerra (pentsetan dot holan idaztea proposatu ebala Ibon Sarasolak) okeleagaz jan beharko dala. Sukaldarien gremioak ezustean hartu dau barrikuntzea; Mac Donald’s etxeak menu guztiak aldatu behar izan dauz eta Burger King jatetxeak salaketea jarri dau Munduko Auzitegi Gorenean. Gastronomo ospetsuenen arabera, pentsauezina zan errezeta batean holako osagai bereziak batzea.”
Artikulua leiduteari oraindino itxi ez badeutsazue, jakin dagizuela neu be zeuek beste harritu nintzala Euskaltzaindiaren 137. araua leidu nebanean: Euskal Herria izena. New York Times egunkarikoak legez, erabagita dagoana erabagitea harrigarria da. Hasikeran hasarratzeko motiboa bada be, akaberan barre egitea hobe. Hamar orrialdeko argumentazinoaren ostean, honekaz berbakaz emoten eban euskaldunon hizkuntzearen akademiak bere sententzia:
“Gauzak horrela direlarik, eta 2003ko uztailaren 18an Euskaltzaindiak, Donostian onarturiko adierazpenean oinarriturik, honako Araua plazaratzen du: 1. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena.”
Eta jaungoikoak Euskal Herria sortu eban.