Josu Martin: 'hondartzan jenteari laguntzeko gagoz, ez agintzeko'
Urte guztia udea noiz etorriko itxaroten gagozala, oporrak hartu eta konturatu orduko, barriro be lanean hasteko eguna ailegetan da. Oraindino eguzkiak indarrez joten dau eta hondartzara osteratxoak egiteko aukerea egon badago, irailaren 12ra arte Bizkaiko 29 hondartzetako zerbitzu guztiak dagoz martxan eta. Zerbitzuon kalidadea eta hondartzearen ingurumen kalidadea kontuan hartzen dauazan bi ziurtagiriak jaso barri dabez Arena, Bakio, Karraspio, Laida eta Lagako hondartzek. Azken honetan, Ogoño lurmuturraren magalean, Josu Martin, 26 urteko mutilak, hirugarren urtea daroa sorosle legez beharrean, eta ondo ezagutzen dau lanbidea, izan be, lehenago Ogeian, Ean eta Karraspion egondakoa da.
Udearen balantzea egiteko eta Laga hondartzearen berezitasunen ganean berba egiteko alkartu gara Bizkaiko hondartzarik politenean beragaz.
1.- Lagak, Bizkaiko beste lau hondartzagaz batera, kalidade eta ingurumen ziurtagiriak jaso barri dauz. Zer nabarmenduko zeunke hondartza honetatik?
Lagaren ezaugarri bereziena lekua dala esango neuke. Oso polita da hondartzea bera, eta jentea horregaitik etorten da. Ez da jente pilaketarik egoten, Karraspio edo Arenan moduan, baina inguruko jentea bai etorten da. Kontuan hartu behar da hona beti etorri behar dala autoan edo autobusean, baina halan da be, jente ugari batzen da udan. Ganera, ingurua be oso ondo antolatuta dago, tabernea dago, baita komunak be, eta orokorrean, ondo preparauta dagoala esango neuke, eta horregaitik jaso dauz, hain zuzen be, kalidade eta ingurumen ziurtagiriak.
Hondartzearen beste berezitasun bat uraren kalidadea da, izan be, oso garbi dago eta olatu politak egoten dira. Horregaitik, surflari eta urpekari asko etorten dira hona, batez be itsaso ona dagoanean.
2.- Ingurumen eta kalidade ziurtagiriek hondartzearen egoera ona islatzen dabe, batez be seguridadeari jagokonean. Zer hartzen da kontuan ziurtagiri hori jasoteko?
ISO 9001 kalidade ziurtagirian batez be hondartzeak eskaintzen dauazan zerbitzuak hartzen dira kontuan. Zerbitzu horreen artean sorospen eta salbabide atala dago, baita hondartzeak eskaintzen dauazan zerbitzuak be, komunak eta dutxak berbarako. ISO 14001, barriz, ingurumenari jagokona da, hau da, uraren eta harearen kalidadea, beste gauza batzuen artean, kontuan hartzen dauan ziurtagiria.
Lagak baldintza horreek guztiak beteten dauz, eta horregaitik jaso dauz kalidade eta ingurumen ziurtagiriak.
3.- Sorosleei jagokenean, ikastaro berezia egin behar izaten dozue uda sasoian hondartzetara hurreratzen diranak jagoteko. Salbabide eta sorospidetza ikastaroan ze ezagutza jasoten dozue?
Ikastaroa hasi baino lehenago, proba batzuk egin behar izaten doguz gero ikastaroa egin ahal izateko. Proba horreek fisikoari jagokozanak izaten dira, ugerlekuan, eta uretako egoerak kontroletako gitxeneko baldintzak euki behar dozuz horretarako. Behin proba horreek pasau ostean, ikastaroa egiten hasi zaitekez.
Sorospen ikastaroa bi zatitan banatzen da: alde teorikoa eta alde praktikoa. Alde teorikoan hasikerako laguntzinoa eskaintzeko zer egin behar dan ikasi behar da, baita uretako zein lurreko biktimei laguntzinoa zelan eskaini behar jaken. Alde praktikoan bi atal horreek jorratzen dira, hau da, hasikerako laguntzinoa eskaintzen eta persona bat uretatik ataraten ikasten dozu.
Behin sorospen ikastaroa eginda, udan hondartzatan behar egin gura izan ezkero, proba bereziak egin behar dira, udaro, ikasitakoa barriro be gogoan hartzeko eta sorospen protokoloan zeozer aldatu bada, ikasteko.
4.- Uda partean, asteburuetan batez be, hondartzak jentez ganezka egoten dira. Zelan antolatzen zarie sorosleen artean hondartzea jagoteko?
Hemen, Lagan, sei sorosle gagoz. Normalean beti egoten dira lau edo bost sorosle, eta beti daukagu badaezpadakoa, seigarrena, gure opor egunak beteteko. Goizetan, hamaiketan zabaltzen dogu sorospen-etxea, eta arratsaldeko zazpirak arte egoten gara hemen.
Sorosle bakotxak ez dauka zeregin berezirik, hau da, danok egiten dogu danetarik. Itsasoa bare badago, sorospen-etxean egoten gara. Itsaso txarra egon ezkero, gutariko bi ur-bazterrean egoten gara, eta beste bi sorospen-etxean, beti be itsasoari adi.
5.- Hondartzako lekurik arriskutsuena ura dala esan geinke, izan be, bertan izaten dira istripurik larrienak. Hondartzen sasoia amaitzear dagoala, gogoratzen dozu holakoren bat?
Orain aste bi, mutil batek tibia eta peronea apurtu ebazan uretan. Itsaso txarra egoan, marea gorantz etorren eta olatuak ur-bazterrean apurtzen dira holakoetan. Mutila bertan ebilen olgetan, eta gorputzagaz harea jo eta berna-hazur biak apurtu
ebazan.
6.- Zelan jokatu behar dau sorosle batek uretara begiratu eta persona bat arriskuan dagoala ikusten dauanean?
Itsaso txarra dagoanean, material guztia sorospen-etxearen kanpoko aldean eukiten dogu. Holan ba, egoerea aztertu ostean, behar dogun materiala hartu eta lanari ekiten deutsagu. Kasu danak desbardinak dira eta momentuaren arabera gauza bat edo bestea egiten dogu. Berbarako, ur korrontea dala eta arriskuan dagoan persona bat ikusten badogu, sorosle bat haren bila joango da, sokeagaz lotuta beti be. Bestea ur-bazterrean geratuko da, gauzak zelan doazen ikusteko. Egoereak txarrera egiten badau, honek be uretara salto egingo dau. Baina esan dodan moduan, egoerearen araberakoa izango da gure eginbeharra.
7.- Olatuek kirolari ugari ekarten dabe hondatzetara, batez be surflariak. Euren oholek, askotan, bainua trankil hartzen dagozan personei kalte egiten deutse. Zer egiten dozue zuek holako kasuetan?
Egia esan, guk ezin dogu ezer egin, izan be, hondartzan laguntzinoa eskaintzeko baino ez gagoz, eta ez jenteari agintzeko. Frantzian, berbarako, surferako guneak bereiztuta dagoz, baina hemen ez. Nik uste dot erakunde publikoek ez dabezala kontuan hartzen kirolari honeek, eta horregaitik sortzen dira arazoak. Guk ezin dogu inor behartu, baina hori bai, itsaso txarra dagoala ikusten badogu eta surflarien oholek traba larregi egiten badeutse bainua hartzen dagozanei, ahal dan neurrian behintzat, egoerea kontroletan saiatzen gara.
Bardin pasetan da itsaso txarra dagoanean eta bandera bigaz eremu bat marketan dogunean, bainulariak bertan egoteko. Euren seguridaderako egiten dogu hori, izan be, guretzat errazagoa da gune zehatz bat kontroletea hondartza guztia baino. Bandera horreetatik kanpo bainetan dan personea, teorian behintzat, ez da gure ardurea. Baina etikoki jokatzen dozu beti, eta inor arriskuan ikusi ezkero, arin joaten gara.
8.- Eguzkiagaz be kontuz ibili behar dala behin eta barriro esaten deuskue medikuek. Euki dozue holako kasu larririk?
Ez, izan be, jentea ez da sorospen-etxera etorten azala erreten jakenean. Antza, onartuta dago hondartzan ‘normala’ dala erretea, eta ez da inor laguntzino eske etorten. Guk badaukaguz krema bereziak, baina oso gitxi erabilten doguz.
9.- Ze neurri hartu behar dira uretara sartu baino lehenago, urtetan gagozanean, eta bertatik urten ostean?
Batez be, gure gorputzeko tenperaturea hartu behar da kontuan. Askotan entzun izan da digestinoagaz arazoak egoten dirala. Izatez, arazoa ez da digestinoa, tenperatura aldaketea baino. Asko jan ezkero, odol ugari batzen da tripan digestinoa egiteko, eta gorputzeko leku horretan tenperatureak igon egiten dau. Ganera, eguzkitan gorputza berotu egiten da, eta uretara arin sartu ezkero, tenperatura aldaketea handiegia da, eta arazoak sortu leitekez.
Askorik ez badogu jan, uretara astiro sartzen bagara eta lepoa, besoak, tripea... bustiten badoguz gorputz osoa sartu baino lehenago, ez dogu arazorik eukiko.
10.- Ze balantze egingo zeinke orain arteko udeaz?
Balantzea ona izan da. Eguraldiak lagundu dau, izan be, igazko lako beroa egin ez daben arren, egun politak egon dira. Guk, eguna amaitzen danean, memoria txiki bat egiten dogu, eta hori begiratuta, arazo larriegirik ez dala egon esan geinke.
Saioa Torre Gereketa