Igorren, euskerea zuzterretik
Euskerea Biziberritzeko Plan Estrategikoaren beharra
Joseba IpiƱazar, Igorreko Alkatea eta Arratiko Mankomunidadeko Burua:
'Euskerea bizibarritzeko plan orokorraren harian, orain arte egindako pausuak oso egokiak izan dirala ikusten dot.
Herriko talde guztien artean lehenengo batzarrak egin ostean, ikusi dot hainbat herritarren erantzuna oso ona izan dala, eta horrek esan gura dau herriak badaukala interesa plan honetan.
Arlo guztietan lantalde ugari sortu dira (kulturea, kirola, hezkuntzea, dendariak...) eta euren artean batzarrak egin dabez; ganera, herritar askok hartu dabe parte lantalde horreetan.
Nik neuk, Udaleko Buru legez, herritarrei eskatu behar deutset, ahal daben neurrian behintzat, parte hartu daiela guztion mesederako izango dan proiektu honetan.
Helburua ez da beste barik plangintza berezia egitea. Sakonean begitu behar deutsagu dagoanari, hau da, EBPren barruan, euskerea dakigunok behintzat gehiago erabiltea izango litzateke gure helburu nagusia; ez eizue ahaztu Igorren % 77 euskaldunak garala, baina erabili % 33k baino ez dogula erabilten; aldea nabarmena da eta, besteak beste, horregaitik erabagi zan Plan hau aurrera eroatea.'
Bonny
Igorre herri euskalduna izan da beti, baina hezkuntza sektorea izan da azken urteotan udalerriko euskerearen inguruan ardurea eragin dauena, udalerriko euskerearen erabilerearen ganeko ardurea hain zuzen be. Igorreko herritarren % 77,61 euskaldunak dira; baina igazko urrian SEI Alkarteak euskerearen erabilerearen ganean egin eban kale-neurketearen emoitzek erakutsi dabenez, euskerearen erabilerea % 32,9koa baino ez da. Horrezaz ganera, beste herri batzuetako jokera arruntagaz ezelako zerikusirik barik, Igorren gazteen artean erabilerea altuagoa da umeen artean baino. Badagoz, beraz, arduratzeko moduko arrazoiak.
Gauzak holan dirala, Udalak euskerearen erabilerea dinamizauko dauen egitasmoa jarri gura izan dau martxan, beti be, Eusko Jaurlaritzeak 1999. urtean onartutako plan estrategiko orokorra, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, oinarritzat hartuta. Kontuak kontu, Arratiko Mankomunidadeak Igorren, Euskara Biziberitzeko Plan Estrategikoa urte honen amaierarako onartuta egotea espero dau.
Jakingarriak
1996ko erroldako datuen arabera, Arratian 11.624 lagun bizi dira. Arratiko udalerri guztiak 5.000 biztanle baino gitxiagokoak dira. 1981-1996 bitarteko bilakaerea aztertu ezkero, Arratiak biztanleen % 5,3 galdu dau, eta esan behar da Arratiko gazteen portzentajea Bizkaikoa eta EAEkoa baino txikiagoa dala.
Arratiko lau lagunetik hiru euskaldunak dira (% 75,7), % 7,4 elebidun hartzaileak eta % 16,7 erdaldun elebakar. 1981etik 1996ra bitartean, 6 puntu igon da euskaldunen portzentajea. Adinaren arabera, euskaldun gehien 70 urtetik gorakoen artean eta 20 urtetik beherakoen artean dagoz.
Beste alde batetik, Arratiko biztanle multzorik handiena euskaldun zaharrena da (% 67,3), ondoren, euskaldun barriena (% 6,2) eta jatorrizko elebidunena (% 2,1). Euskaldun zaharrak nagusi dira adin talde guztietan, batez be, zaharrenen artean. Edadeak behera egiten dauen neurrian, euskaldun zaharren portzentajea txikiagoa izan arren, 20 urtetik beherakoen artean jokera-aldaketa nabarmena igarri da, euskaldun zaharrak gero eta gehiago dira-eta bertan.
Etxean euskeraz gehien egiten dabenak euskaldun zaharrak dira (% 80k euskeraz egiten dau eta % 16,4k euskeraz eta gaztelaniaz. Jatorrizko elebidunen % 52,5ek euskeraz egiten dabe, baina gaztelaniagaz batera. Euskaldun barrien artean, % 20,5ek euskeraz eta gaztelaniaz, eta % 10,7k euskeraz.
Familiako guztiak edo ia guztiak (% 80 edo gehiago) euskaldunak diranean baino ez dabe Arratiko biztanleek euskerea zabal erabilten etxean, eta kopuru horretatik beherakoa danean, nabarmen egiten dau behera euskerearen erabilereak.
Irakaskuntzearen arloan, Arratiko ikastetxe publiko zein pribatuetako ikasleen % 87,1a D ereduan dabil eta ganerako % 12,9 A ereduan. Hizkuntza ereduen bilakaereari jagokonez, Arratian D eredua nagusi izan da hasikera-hasikeratik (1985-86 ikasturtetik aurrera). B eredua 1998-99 ikasturtean desagertu zan eta haur hezkuntzan A ereduko ikaslerik ez da inoiz egon. Dana dala, Lanbide Heziketan nabarmentzekoa da D ereduko ikasleak % 19,6 dirala eta A eredukoak, ostera, % 80,4.
Gorago be esan dogu Arratia herri euskalduna dala, eta datu lez baino ez bada be, Arratian euskaltegi bakarra dago, AEKko euskaltegia hain zuzen be; bertan, 121 ikasle ibili dira euskerea ikasten 2000-01 ikasturtean. Azken 12 urteotako matrikulazinoan ez dago bilakaera argirik, gorabehera handiak izan diralako.
Azken buruan, kirol, kultura eta gizarteko beste sektore batzuetako alkarteetan sartu barik, Igorreko Ganoraz Euskera Alkartea eta oraintsu bizkaieraz, Arratiko azpieuskalkian, argitaratzen hasi dan Begitu Aldizkaria aitatu behar doguz.
Bidearen hasikerea
Bidea urratuta dago. Igorreko Udalaren eta Elhuyar aholkularitza-enpresearen alkarlana 2002ko martian hasi zan. Jarraipen Batzordea eratu eta logoa eta leloa sortzea izan ziran lehenengo beharrak. Apirilean, Urtzi Barrenetxea izentau eben planaren koordinatzaile, eta Euskara Biziberritzeko Plan Estrategikoa gizarte-eragileei aurkezten eta dinamizatzaile taldea osotzen hasi ziran. Maiatzean, herritarrak inpliketako zereginagaz, dinamizatzaile taldea beharrean hasi zan, eta planaren barri emon jaken herritarrei eta komunikabideei. Bagilean, planaren diseinuan buru-belarri ibili dira eta batzarrak egin dabez sektoreka banatutako lantaldeek. Garagarrilean eta abuztuan, batzarretan ataratako ideia eta sektorekako diagnostikoak modu egokian jaso eta hurrengo faseetarako oinarriak jarriko dabez. Hortik aurrera, batzar eta balorazino gehiago etorriko dira eta, arestion adierazotakoaren arabera, abenduan Plangintza Estrategikoaren txostena plazaratzeko eta aurkezpen publikoak egiteko asmoa dago.