Erregeak, gerlariak, magoak eta ezpatak
Hona hemen, bada, aste honetatik aurrera errealismoz jantzita saldu deuskuen filmaren nondik norakoak. Orain ikusi beharko da ia publizidade kanpaina eta filmaren kalidadea bat datozen ala ez.
Joseba Terreros
Artur erregeak gitxienez berrogeita hamar film ingurutan hartu dau parte; era berean, filmetako generoak era guztietakoak izan dira, berbarako drama historikoa, komedia erromantikoa, abentura epikoa edo parodia erotikoa. Moldaketa lan honeek guztiak tradizino anglosaxoiak eta antxina-antxinako poeta handiek (Chrétien Troyes, Thomas Malory ed Geoffrey Monmouth ) sortutako mitoan oinarritu dira.
Mendeetan barrena Artur erregearen ganeko kondaira hau Britainiar nazinoaren sorrerea modu sinbolikoan azaltzeko erabilten izan da. Istorio klasikoa Camelot-eko guzurrezko erreinuan girotzen da eta haregaz batera elementu magikoak (Excalibur ezpatea), zalantzazko jatorria daukien pertsonak (Merlin magoa) eta asmakuntza politiko bitxiak (mahai biribila) agiri dira. Ganera, Ginebra erreginak, Lancelot zaldunak eta Artur erregeak berak osoturiko maitasun hirukia be badaukagu.
Gure pantailetara asteon ailegau dan “King Arthur” filma horreetatik guztietatik bereizten da errealidadeagazko konpromisoa hartu ei daualako. Lan honetako arduradunek Artur erregearen irudira hurreratzeko lehenengo pausutzat hartzen dabe. Gidoilariak, David Franzoni-k, erreferentziatzat hartu dauz gai honetako ikerlariek egin barri dabezan azkenengo azterlanak; horreen esanetan, kondaira hau erromatarrek Britainia menperatu eben azken sasoian sortu zan.
Halandaze, pelikula hau V. mendean kokatu dabe, inperio erromatarraren urte ilunetan. Inperioa desegiteko zorian dago eta Erdi Aroa oraindino ez da hasi. Artur soldadu profesionala da, erdi erromatarra erdi bretoia eta hainbat filosofia erlijiosotako aditua. Bretainian dago Erromako gudarosteko buru modura.