Izar handiak Bilboko jaietan, noren begientzako?
Pet Shop Boys taldea ekarteko euki dabezan antzeko arazoak euki dabez Asian Dub Foundation taldeagaz. Izan be, hasikera baten talde osoa etorriko zala esan ostean, oraintsu “sound system” moduan etorriko dirala iragarri dabe, hau da, kontzertu egunean bertara hurreratzen danak ez dagiala pentsau Asian Dub Foundation talde osoa ikusiko dauanik. Bi dj eta abeslari bat ikusteko aukerea baino ez dogu eukiko. Lotsagarria.
Jaietako bigarren zapatuan aurtengo beste izar handi baten moduan iragarrita agertzen dan talde bat ikusteko aukerea izango dogu, benetan ezaugarri horreek euki ez arren. Hau da, hasikera baten Earth, Wind & Fire disco-funk talde klasikoa Bilbora hurreratuko zala esan baeben be, jenteak argi euki dagiala ez dala talde hau etorriko, The Earth Wind & Fire Experience feat The Al McKay Allstars baino, hau da, taldeko kitarrajoleak daukan talde bat lehenengo abestiak joten dituana. Benetako taldea egun horreetan Estadu Batuetatik ibiliko da biran.
Honeen guztien artean Deluxe eta Sidonie, Bilbon hainbatetan jo daben taldeak Fermin Muguruza eta Fito Cabrales –seguruenik aurtengo Aste Nagusian jente gehien batuko dauan kontzertua-, La Mala Rodríguez, Susana Vaca, Jorge Drexler… ikusteko aukerea eukiko dogu.
Lerro honeek idazten hasi baino arinago Euskal Herriko egunkari baten bost lagunei egindako galdeketea irakurri dot. ‘Joango al zarie Pet Shop Boys-en kontzertua ikustera?’. Bostek erantzun dabe ezetz. Harrituta geratu naz! Seguru nago Pet Shop Boys-en kontzertura Euskal Herritik eta kanpotik hainbat eta hainbat lagun etorriko dirala, doban izanda ganera. Joan dan asteburuan Benicassim-eko nazinoarteko musika jaialdian kartel buru aritu ziran 35.000 lagunen aurrean. Inglaterrako pop musikeak emon dauan talderik esanguratsuenetarikoa dogu Pet Shop Boys, gustau edo ez. Zergaitik inkestautako bost lagun horreetatik bat be ez da joango ikusten kontzertu hau? Doban, nazinoarteko talde indartsua, estaduko jaialdirik garrantzitsuenean kartel buru izan dana, Inglaterrako pop musikearen ezaugarri, hainbat abesti ezagun dituana, ibilbide oparoa eta sendoa… Nik badakit erantzuna, baina beste egun baterako itxiko dogu, luze joko deusku eta.
Disfrutau jaiak!
Gotzon Uribe
Azken urteotan ikusitakoaren ondoren garbi geratzen da Bilboko Aste Nagusiko musika eskaintzea handia dala beste euskal urietako jai programazinoagaz konparauta. Azken urteotan atzerako begiradea botaten badogu, hainbat talde ezagunek jo dabela Bilbon ikusi geinke. Manu Chao bere gorengo momentuan egoanean, Bilbon kontzertua eskaeintzeak hoalako harrotasun bat sortarazo eban bai instituzinoetan, baita uritarren artean be. Manu Chao Bilbora hurreratu zan, globalizazinoaren kontrako mobimentuak gorengo momentuan egozan… Azkenean, kontzertu haren inguruan sortutako “psikosia” ez zan izan horrenbesterako eta lasai asko ikusi eta gozau izan genduan Gas plazako zelaian paristarraren kontzertua.
Handik urtebetera udaletxeko jai batzordearen handikeriak antzeko zeozer egin guran nazinoarteko beste talde indartsu bat ekarri eban Bilbora: Simple Minds. Inglaterrako rock musikan talde esanguratsua izandakoa baina gaur egun esateko gitxi daukana. Dirutza itzela pagau ostean, Londres-Bilbo zuzeneko hegaldi batean hurreratu zan taldea Bilbora. Bi hilabete lehenago Galizia aldean joten ibili ziran oso diru gitxiren trukean. 2003. urtean Primal Scream inglaterrako talde indie-aren izena agertu zan, baina azkenean ezer bez. Aurtengoan hainbat buelta emon ostean, jaiak hasteko bi edo hiru aste geratzen ziranean zarratu dabe Pet Shop Boys taldearen kontzertua, taldeari dirutza itzela pagau ostean eta azken egunera arte kontzertua kolokan egon ostean. Ganera, kontzertuaz gan, bikoteak eskatu dauazan hainbat kontu bete behar dauz jai batzordeak, batez be jatekoei jagokozanak. Izan be, mutil inglesak Bilbon joten dagozan bitartean, hotelean zer jan gura daben zehaztu dabe: saltxitxak eta arrautzak armozurako, mermeladea, eztia eta Danimarkako gailetakaz batera. Ganera, kontzertua akabetan danean lau pizza gura dabez jan, bi barazkidunak eta beste bi okeladunak. Garai baten izan eben oihartzuna kontuan hartuta, gauza asko ez dabela eskatzen esan geinke, gaur egungo ‘artista’ askogaz konparauta.