Mafalda, zer pentsetan dozu gurearen ganean?
Sozialisten Herriko etxeen kontrako erasoak, Donostiako kaleetan bildurra manifestaldi baten ondoren, bonbak Kantabria eta Asturiasen. Edadeko gizon bat zauritu egin dau bonba batek. Izua eta etsipena nagusi barriro. Hau guzti hau zergaitik eta zertarako?
Ez dago erantzuterik ez dagoalako fundamentuzko erantzunik. Uste neban nik bestelako gaien ganean berba egiteko unea heldu zala. Gure arazo politikoa, normalizazinoa, klonazinoa, garapen ekonomikoaren eredua, untziolen krisialdia,… baina hori guztia alde batera laga egin beharko dogu, indarkeriak gainontzeko guztia jan egiten daualako. Zoritxarreko protagonismoa hartzen dau zoritxarreko indarkeriak.
Etorri daitela Manolito eta galdetu daiala zein dan guzti honen probetxuzko etekina. Etorri daitela Susanita eta galdetu daiala ia politagoak garan atentaduen ondorioz. Etorri daitela Felipe eta berba egiteko kapaz izan barik begira geratu daitela. Etorri daitela Mafalda, irratia amatau ostean, Beatlesen kantea amaituta, (All you need is love kantea, hain zuzen) eta koittadu aurpegia jarrita galdetu beharrekoa galdetu daiala. Ez dot uste erantzunik eukiko dabenik. Nik, behintzat, ezin dot honeen aurrean fundamentuzko erantzunik emon.
Iñaki Atxutegi
Joan dan asteko alean Mafaldaren ganeko erreportaia goxoa irakurri genduan Bizkaien. Nekez ahaztuko dogu Quinok sortutako koadrila hippy argentinarra. Beatlesen musikea jantzan, pop kulturearen bestelako elementuak barneratzen, arte modernoa kenduta, zopea gorrotatzen eta munduaren inguruko hamaikatxu galdera bihurri eta hausnarketea sakon egiten ezagutu doguz Mafalda, Guille, Libertad eta ganerakoak.
Pertsonaia horreen zorroztasuna izan gura neuke nik gure artean edo gure salbazinorako izan diran ekintzen ganeko galderak egiteko orduan. Pozarren agertu izan ziran aurreko asteetan eragile politiko eta sozialak urte bete atentadu barik pasau eta gero. Itxaropenaren suak biztuta ikusi doguz barriro. Madrileko sarraskien ostean, indarkeriak iraganeko kontua emoten eban. Zorioneko su etenaren ganean berbetan hasiak ziran bat baino gehiago. Gure itxaropenak zapuztuta geratu dira.