Zinea  III. urtea // 71. zenbakia

La grande seduction


Zinegile batek film honetan agiri diranen moduko antzezleak daukazanean, muntaia gelan baztertu ezinezko ohikotasun sinisgarri bati egin behar izango deutso aurre. Hori berori pasetan da pelikula honetan; izan be, “La grande seduction” film fresko eta erakargarria da, baina egiatan dana baino askoz irudi hobea emoten deusku.

Germain (Raymon Bouchard) nostalgiaz eta iraganaren gomutaz beteta bizi dan arrantzale ohia da. Une honetan Sainte-Marie-La-Mauderne herriko biztanlerik gehienak behar barik dagoz, arrantza daborduko jarduera errentagarria ez dalako. Duintasuna berreskuratzeko daukien aukera bakarra zera da: herrira plastikoen fabrika bat erakarri ahal izatea. Baina, horretarako herrian bertan bizi eta lan egingo dauan mediku bat behar dabe. Hainbat zorigaitzen ostean, Christopher mediku gaztea ailegauko da herri txiki-txiki honetara. Handik aurrera, herri honetako biztanleek eginahalak egingo dabez osagilea bertan geratu eta ahalik eta erosoen bizi izan daiten, legezkotasunaren muga guztiak gaindituz.

Puntu honetatik aurrera, “La grande seduction”-en fotogramak alkarren ondotik abiatuko dira barrez lehertzeko moduko pasarteak eta guzti. Ez dira faltan izango ukutu dramatiko batzuk, ez eta dotoretasunez betetako momentuak be. Gauza ikaragarria ez bada be, ondo be ondo pasetako ganorazko edo jaseko filma da, antzezpen ezin hobeez horniduta.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Jean-François Pouliot.
- Herrialdea: Kanada (Quebec) .
- Iraupena: 108 minutu.
- Antzezleak: Raymond Bouchard (Germain Lesage), David Boutin (Christopher Lewis), Benoît Brière (Henri Giroux), Pierre Collin (Yvon Brunet), Rita Lafontaine (Hélène Lesage), Clémence DesRochers (Clotilde Lesage), Lucie Laurier (Éve Beauchemin), Bruno Blanchet (Steve Laurin), Marie-France Lambert (Sylvie Auger), Donald Pilon (Mr. Dupré), Ken Scott (Richard Auger).
- Gidoia: Ken Scott.