Bertsotan  III. urtea // 71. zenbakia

Begirale baten bitakora kaiera


Doinua: Andre txarraren bentajak

Guzur handirik ez baldin badot
nabarmentzen bertsoetan
barri barri bat ekarri gura
neuke oraingo honetan:
Ia hiru aste pasatu dodaz
bertso udalekuetan
eta jenteak ez daki ondo
zer dan hangoa benetan!

Esandako lez hiru bat aste
pasau dodaz Elgoibarren;
bueno, ez dakit, ha baserri ha
bertako mapak dakarren:
mendi punta bat aldapan behera
jaisten genduna pozarren,
baina hanka bat emongo neuke
barriz ez igotzearren.

Zenbat izerdi bota behar dan
begiraleen lanean,
batez be ume zantar talde bat
gobernau behar danean!
Ez egizue pentsatu dana
txarra zanik zuzenean;
aingerutxuek emoten eben
ohean egozanean.

Berrogei ume, lau artzain-txakur,
Jente asko alajaina!
Eta ispilu pare-parean
artalde haren artzaina.
Hiru asteko bakazinoak
azkar pasau zira, baina
umeek eurek gozau ebezan
euren gurasoek aina.

Ha baserriko uzabandreaz
esan gura neukez bi hitz,
bardin bi mila esanda bere
lotuko nintzake murritz.
Haren ondoan amabirginak
miraritan eskas dabiltz...
Mundua hobeto ibiliko zan
ha ministra izango balitz

Bertso-afari, bertsolinpiada,
eta beste bertso franko,
(eta gehiago egoten ziran
bertso-orduetatik kanpo)
normala izan ahal zan baina
ezer ez zan irten txarto;
Honi eskerrak paradisuan
ez jat lekurik faltako

Egon ziranez ez dakit zenbat
fetxoria eta zisko,
nik neuk bakarrik ezin goberna
neikez hainbeste idizko;
ondoan beti euki nebazan
lau lankide fin ta listo,
apostolurik barik bestela
alperrik zan Jesukristo!

Hogei egunez baserri baten
kapitan eta nagusi,
agintaritzaz aholku batzuk
emongo neutsozan Bushi,
nahiz eta guzur artean gauzak
inoiz pintatu itsusi,
inork sinisten ez baldin badeust
etorri eta ikusi.

Xabier Paia

Bi aste dira Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso-udalekuak amaitu zirala. Horreen ganeko informazinoa biltzeko asmoz, Bizkaiek ikerketa talde bat bialdu dau udalekuak izandako ingurura, Elgoibarreko Aubixa baserrira hain zuzen be, eta bertan topatutako materialen artean hau dokumentuau agertu da. Tripulazinoko buruaren kuadernoan idatzitako bertso batzuk dira, berak hogei eguneko bidaia zelan bizi izan eban azaltzen dabenak. Konklusinoak norbere kontura!