Euskerea berbagai  III. urtea // 71. zenbakia

Geletatik kanpo euskerearen erabilerea indartzeko lorratzak (II)


Testuinguru horretan sakondu guran, hizkuntzearen normalizazinoa lortzeko, planteamendu sistematikoan oinarritzen diran plangintzak dira eragingarriak, ez ekintza bakartuak. Baina, planteamendu sistematikoaz ari garenean eskola mailako planifikazinoaz be ari gara. Borondaterik onenaz egindako eta burututako ekintza bakartuak eta egitasmo solteak egitea gaindituz, xedeak lortzeari begirako planifikazino baterako urratsak egin behar dira. Baina hori be ez da nahikoa. Izan be, ikastetxeetan, baten baino gehiagotan, euskerearen erabilerea –ustez– indartzeari begirako egitasmoak lantzen dira, halanda be, umeek eta gazteek ekintzetan ondo igaro arren, euskerearen erabilerea indartzeko benetan baliagarri izan ahal dira? Haor gelditu barik egin beharreko hausnarketea.

Euskerea umeek eta gazteek atsegin dabezan jarduerakaz (ez eroanezin edo obligazinoagaz) lotzeko urratsak egin behar doguz. Horretarako, gelaz kanpoko jarduerak ondo planifikau ezkero, erabakigarriak dira. Umeak eta gazteak euskerara hurreratzeko edota euskerea erabilteko formula eragingarriena ez da “egizu(e) euskeraz!” esatea, ezpada adinaren araberako halako edo bestelako jarduerak egitean era naturalean euskeraz jardutea dala konturatzea/ohartarazotea; espazio horreek euskerearentzat irabazteko urratsak egitea da kontua.

Horretarako, batu beharko dira, besteak beste, ikastetxe bakotxa eremu horretan zer egiten ari dan (zuzeneko eskaintzea edota beste erakunde batzuen partaidetzea tartean dala), ze hizkuntza erabilten dan, zelako bitartekoakaz (giza baliabideak, batez be), halakoetan ari direnek ze prestakuntzagaz, etab.. Era berean, burutzen dauazan edo burutu barik arrakasta euki leikien jarduerak identifikau beharko dauz. Datu horreei erreparatuz, besteak beste, helburuak definidu, hutsuneak non dagozan antzeman, begiraleen prestakuntzarako orientabideak zehaztu, ganerako zerbitzuetako (jantokia, etab.) profesionalen prestakuntzea edo aukeraketarako erispideak finkatzea eta abar egin beharko dau ikastetxeak. Erispide horreek euskerearen erabilerea indartzea helburu dauan urteko plangintzan jaso beharko dauz eta honeek ataloneek gehitu beharko deutsoz: eremua eta etapa –guztietan eragina izango dauan plangintzea zehazten ahalegindu behar dau–, helburuak, ekintzak, azpi-ekintzak, burutzeko behar dan denporea, arduradunak, baliabideak eta aurreikusten diran ebaluazino adierazleak.

Haor ba hainbat ideia, ikastola eta ikastetxeetan, besteak beste, euskerearen erabilerea indartzeko balio leikienak.

Erramun Osa

Eskolan gora (goiko kursoetara) egin ahala, gero eta zabalagoa dan gizartearen ordainbideei begira jarten dira ikasleak, horren ondorioz, oso gatx egiten jako eskoleari bertako ikasle zaharrenengan eragitea –nahiz eta halako euskera-maila bat daborduko eskuratuta euki–, eta gazte horreek, gelatik urten orduko, euren artean euskeraz egiten segidu dagien aseguretea edo bultzatzea. Halan, saio batzuk gorabehera, “gizarteak agintzen dauan” hizkuntza batera, bestera edo (okasinoaren edo momentuaren arabera) bietara jo ohi dabe ikasleek.

Era berean, hizkuntzearen ezagupena ez eze, dakigun hori eskolatik kanpo erabilteko daukaguzan aukera urriek euskereagazko atxikimendua makaldu, gaitasunean atzera egiten erreztu eta erderen aldeko jokerea indartzea be badakarre. Ingurumari horretan, zer egin leike eskoleak erabilerea elikatzeko? Besteak beste, hezkuntza komunidadearen hartu-emon sareetan (ikasleen artean, ikasle eta profesionalen artean, familian, etab.) euskerearen erabilerea trabatzen daben tapoiak eta etenak identifiketea eta gainditzeko estrategiak zehaztea, eta bere jentearentzako arnasguneak eratzen, bilatzen eta mantentzen beren beregi ahalegintzea.

Baina, ikastetxeak, bere jentearentzako arnasguneak eratze horretan, inguruan dagozan gizarte eragileakaz askotariko egitasmoak konpartitzea eta gizartean euskerearentzat espazioak irabaztea be badago egon. Halakoetarako, hiru erispide hartu beharko litzatekez kontuan: bat, leku bakotxean euskerearen belaunez belauneko transmisino sendoena bermatu leikeala begitantzen jakuzan ekimenak eta proposamenak aukeratu eta lehenetsi behar doguz; bi, ekimenak lehenesteko unean, egingarrienetatik hasi behar dogu, halanda ze, egitasmo handi eta batzuetan egiteko gatx diranak hurrengo baterako itxi behar doguz; hiru, erdal munduak lagundu ahal deusku, batetik, euskerearen kontra ez dagozala esaten badabe behin eta berriro, emon deiegun nahi beste aukera, behar dan errespetuz eta begirunez, euren ongura hori praktikara eroan ahal izateko, bestetik, bihurtu daigun euskereazko jarduketea irabazpide, erdal mundu hori be, modu batera edo bestera, euskalgintzearen erroberara hurreratzen saiatuz.

Komunikazinoak erreala izan behar badau ikasketa eragingarria bideratzeko, hainbat eremutan gela barruko beharra oso mugatua gelditzen da. Personarteko esparru informalean batez be, irakasleak bideratu leiken hizkuntz erabilera artifiziala eta antzua suertatu leitekelako. Jaubetze maila egokia lortu daiten berezko esparruetan eragin beharko dogu. Halan bada, eskolea eta bere ingurunea batzeaz ganera, gelaz kanpoko esparru sozial horreetan eragiteko estrategiak koordinau eta era koherentean diseinatzeko bidea emongo dauan plangintzea egin beharko da ikastetxeetan.