Antxina-barri  I. urtea // 6. zenbakia - 2002ko garagarrilaren 15a - Hamaboskaria

Esklabutzea Hondarribian 1648an


Goragokoa, anekdota bat baino gehiago da. Danok gara bardinak eta danok egin geinke Leopoldo II.ak, Millán Astrayk edo Tomas Eizagirrek egin ebena, bardin edo antzera. Ona da jakitea, hamaikatxu ikusiko doguz eta.

Iñaki Goiogana,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.

Etorkinak doguz aho-mihinean aspaldi honetan nongura. Frantziako presidentea aukeratzeko hauteskundeak, Holandako eskuin muturreko hautagaiaren hilketea, Sevillako goi bilerea eta bestelakoak; horreetan guztietan eta gehiagotan ez da beste gairik izan hamaikatxuka ei jatorkuzan kanpotarren kontua baino. Iruntsi egingo ei gaitue eta hori dala-eta ateak zarratu behar ei jakez madarikazino guztien sortzaile diran edo izango ei diran baltzaran edo begitxiki horreei.

Gurean, aspalditik edo, soziologia azterketak zabaltzen hasita dagoz 'arrazistak ete garan' edo antzeko galderei erantzuteko. Sarriago entzuten doguz itaunok kanpotarrei zuzenduta alkarrizketaren bat egiten deutsenean. Batzuetan, emoten dau kazetariek gurago dabela etorkinaren guganako eretxia Euskal Herrira etorri dan horren barri jakin baino. Pozik geratzen gara, ganera, 'ez, euskaldunok esku zabalak zarie' entzuten dogunean. Halan da be, egia ete da?. Ez dakit ba.

Egunotan, liburu bi darabiltaz mesanotxetik eskuetara eta, zati bat irakurri ondoren, biharamon gauera arte euren atseden lekura bueltetan. Bata zein bestea lotirik handienari amesik txarrenak eragiteko modukoak. Bata, belgikarrek, edo hobeto esanda euren errege izan zan Leopoldo II.ak, Kongon egindakoak aztertzen dituana eta, bestea, Espainiako ejerzituak Marokon egin eta sufridutakoak kontetan dituana. Kontu bata nahi bestea pasadizo gitxi ezagunak eta artikulu honen irakurleak kolonialismoaren atal bi horreen barri ez badauka, ideia arin bat egin daian esango dot hamarkada bi eskasetan, Kongon 10 miloe afrikar hil zituela edo hil zirala zurion eraginez eta, beste kasuan, Marokokoan, arma kimikoak erabilteraino heldu zala Espainiako ejerzitua.

Historia honeek irakurrita etorkinei kargu hartzeko moduan gagoz gu europarrok. Eurek bai jakin behar leukie nora datozen eta zelakoak garan zuriok.

Baina baten batek itaunduko dau Kongokoek eta Marokokoek zer ikusi daben gugaz. Gu ondo ikusten gaitue kanpotik jatorkuzanek. Bai, bai, momentuz bai. Baina, aurrerantzean be bardin izango ete da?. Hoba holan balitz. Baina, ni neu ez nago hain ziur.

Zaharkin zalea izateak hara zer dakarren: lankide batek eta biok txikitu behar daben etxe baten sartzeko eta bertan behera itxi behar ebena aprobetxagarri egoan ala ez ikusteko gogoa geunkan eta duda barik zuzen joan ginan bertara. Ez genduan sapra handirik egin, pare bat liburu baino ez. Baina, hara non liburuotako baten, Pako Aristiren 'Bezperan entregatu nituenak' artikulu bilduman, ondokoa azaltzen zan: 1648an, Hondarribian, herri guztiaren aurrean, herriko plazan, sasoi haretan egin eitekean publizidade guztia emonda, inongo lotsa barik, gizon baltz bat enkantean saldu eben. Gizon honek, Eiza Audalak, esan ebanez, berak eta beste batzuk eroien itsasontzia preso hartu eta esklabu bihurtu eben ingeles batek erosita. Ingeles horrek errukia hartu antza eta Andaluzian itxi eban; gizajoa handik oinez etorri zan gureraino gero, Frantziara pasetako asmoagaz, Frantziatik Berberiara, bere herrira, joatea errazago izango ebalakoan.

Baina, gurean Tomas Eizagirregaz topo egin eta, honek egin eutson kristinau dotrinearen ganeko galdeketeari artez erantzun ez eutsonez, euskaldun harek inorena ez zan basapizti modura beretzat hartu eban eta saldu, zaldi, mando, asto, behi edo beste edozer balitz legez, herriko agintari guztien bedeinkazino eta legeek arautzen eben zerga eta guzti.