Jan-edanak  III. urtea // 71. zenbakia

Ustezko bateraezintasun batzuk (II)


Almidoi-proteina bateraezintasuna

Bateraezintasun honen defendatzaileek dinoe proteinea giro azido baten asimiletan dauala gure gorputzak eta almidoia giro basiko baten. Baina gure digestinoaren fisiologia segidu ezkero, liseri aparatu osoan bai proteinak eta bai almidoiak, lehenengo azidotasuna eta gero giro basikoa, hau da, ez azidoa asimilau behar dabezala jakin badakigu; proteinen eta almidoiaren digestinoa heste mehean amaitzen da, pankresak isuritako zukuaren eraginaren ondorioz. Eta hau da gure gorputzaren funtzionatzeko modu naturala; holan ba, ez daukagu arau hau beteteko inongo arrazoirik.

Arau hau segidu ezkero, ezingo geunkez jan gure elikatzeko modu tradizionalean daukaguzan hainbat eta hainbat konbinazino:

·Lehenego platera eta bigarren platera jatordu berean, lehenengo platera barazkia danean bakarrik jan ahal izango geunke bigarren platera.
·Bigarren platera jan ezkero, galarazota legoke ogia jatea.
·Zer esanik ez, ogitartekoak.
·Gisaduko patata egosiak edo oilaskoagaz patata prijidu batzuk jatea ezinezkoa leiteke
·Esnea gailetakaz, zerealakaz edo ogi zopakaz, baita garai bateko morokila be, ezingo geunke jan.
·Marmitakoa edo patatak saltsa berdean moduko platerak eta garbantzuak oilo apur bategaz bez
·Arroz esnea edo flana gitxiago.

Konbinazino guzti honeek neurriz egin ezkero oso onak dira gure osasunarentzat.

Azukera-almidoi bateraezintasuna

Teoria honen arabera, azukerea urdailera heltzen dan momentuan almidoia badago, azukereak fermentau egingo da.

Fisiologiaren inguruko ikerketen arabera, azukerea ez da sekula urdailean fermentetan almidoia egon zein ez. Egitekotan, azukerea heste lodian fermentetan da, gure hesteetako mikroorganismoei esker; dana dala, hau oso gitxitan pasetan da, izan be, egoera normalean azukerea gure heste mehean sakarasa deitutako entzimearen bitartez digeridu eta absorbidu egiten da. Holan ba, gitxitan heltzen heste lodira.

Bateraezintasun hau egia balitz, begiratu zenbat gauza elkarregaz jatea txarra izango litzateken:
·Armozuko esneari azukerea bota ezkero, ogi tostadak, gailetak edo zerealak ezingo geunkez jan.
·Ogi gainean mermelada edo eztia iminita bez.
·Edozein gaileta, boilo, tarta edo bizkotxo bez.

Proteina-proteina bateraezintasuna

Teoria honen arabera, ezingo geunkez arraina, okelea, arraultzak eta esnekiak euren artean nahastu digestino txar bat sortu barik. Ikerketetan, barriz, gure urdailak edozein nahasketa eginda be, proteinak ondo digeridu leitekezala erakusten da.

Bateraezintasuna existiduko baleiteke, ezingo geunke inoz bigarren platera jan ostean gazta, yogurra edo esnerik hartu, edo ezingo geunke urrunetan eta arrautzetan pasetako lebatzik jan.

Zentzua daukan baieztapen bat dieta orekatuaren hurrengo oinarria da: kontuan euki behar dogu egunean zenbat proteina jaten doguzan eta urte askoan proteina larregi jan ezkero hainbat gaixotasun euki geinkez. Horregaitik, gogoratu bigarren platera, bai bazkarian eta baita afarian be, txikia izanda nahikoa dala.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Elikaduran Diplomatua

Hainbat eta hainbat teoria dagoz jakien bateraezintasunen inguruan. Dietetika ofizia-laren ustetan, gure liseri aparatuaren jario desbardinen funtzionamendua ikusita bateraezintasun honeek kontutan eukiteak ez dauka zentzurik. Nire lana honen barri emotea da, baina halan da be, era honetako arauak jarraitzen dabezan personak errespetau egiten dodaz; personek eretxiak daukaguz eta honeen arabera jateko orduan be erabagiak hartzen doguz. Hori bai, osasunarentzat arriskutsua dan arau bat jarraitu gura danean, orduan argi eta garbi ezetza adierazo beharko da. Sarritan bateraezintasunen arauak jarraitzen dabezan persona askok, adierazotako jakien nahasteak ez egitearren funtzeskoak diran elikagai asko ez dabez jaten eta euren dietea desorekatzen dabe.

Azidoak eta proteinak alkartezinak dira?

Gure urdailak proteinea digeridu ahal izateko azido klorhidrikoa (HCl) isuri behar dau. Azido-proteinen bateraezintasunen teoriek proteineagaz, janari berberean, azidoa dan zeozer jan ezkero gure urdaileko klorhidrikoaren isuriketa hori gelditu egiten dala dinoe.

Orain arteko esperimentuetan ikusi da janariaren azidotasun hori urdailekoagaz konparauta oso txikia dala eta gure urdailak ezin dauala modu naturalean sortzen dauan jariorik geldiarazo.

Azido klorhidrikoak, kopuru handian dagoanean, berak gelditzen dau jaioa urdailean (hau erregulazino sistema natural bat da). Urdaileko HClren jarioa gelditzeko Klorhidrikoa lako gogorra dan azido bat jan beharko geunke, baina era horretako elikagai batek gure ahoa eta esofagoa “erre” egingo leukez eta horregaitik ez dogu mueta horretako sustantziatik jaten.

Beraz lasai jan geinkez bateraezintasun honen arabera galarazota legokezan nahasteak:

·Arrain eta okelak (oilaskoa berbarako) limoi apur bategaz prepareta edo jateko orduan arrainari limoia botata.
·Bigarren platera jan ezkero ezingo geunke postre moduan frutu azidorik jan: laranjea, mailukiak, kiwia,….
·Bardina pasauko leiteke yogurra fruta azido zatitxoakaz jan ezkero.