Antxina-barri  III. urtea // 71. zenbakia

Zerua ikutu eban bizkaitarra

Ignacio Solaren errekor olinpikoa


Giro honetan ba, Olinpiadak hasi ziran Mexiko urian, eta bertara joan zan Ignacio Sola be. Halan eta guztiz be, ez zan bere lehenengo olinpiadea: lau urte arinago Tokioko olinpiadetan be egondakoa zan, baina orduan 11. postua baino ezin izan eban lortu. Ordua zan ba, bere marka personala hobetzeko.

Solaren aukerea urriaren 16an heldu zan. Egun honetan egoazan aurreikusita pertika-jauziko saioak eta bertan parte hartzeko prestau zan Ignacio. ‘B’ multzoan egoan sartuta, Niwa japoniarragaz eta Maliautine errusiarragaz. Arratsaldeko 6rak ziran eta Mexikoko estadioan Solaren izena agertu zan, preparetan hasteko deia. Aurrean, ganetik pasau beharreko barrea bost metro eta hogei zentimetroan egoan iminita. Gaur egungoak ikusita, ez zan altuera handia, baina kontuan euki behar dogu orduko txapeldun olinpikoak, Hansen Estatu Batuarrak, 5,10 metrotan eukala errekorra. Hau gitxi ez balitz, Ignaciok berak eukon markarik onena be 4,40 zentimetrokoa zan. Gauzea ez egoan ba bape errez.

Bere alde, eta joku olinpiko honetan parte hartu eben guztien alde, Mexikoko estadioa kokatuta egoan lekua euken. Hau da, Mexiko nahiko altu dagoan herrialdea izanda, estadioa bera be 2.240 metrotan egoan eregita eta honek asko errezten eban batez be saltoan eta korrikan ebiltzazen kirolarien lana. Kontutan izan daigun joku olinpiko honek historian sartuko zirala, beste gauza batzuen artean, Bob Beamonek 8,90 zentimetroko jauzia egin ebalako.

Halan ba, aldekoak eta kontrakoak kontutan eukazala, Ignaciok aurre egin eutson bere saltoari. Pertikea eskuetan eukala, arineketan joan eta bere saltoa egin eban: lehenengo hankak, gero garria eta azkenean, burua eta besoak, bitartean pertikea jausten ixten ebala. Jausikeran oraindino aztia izan eban Solak barrea ikusteko eta guzurra emoten ba eban be, han egoan bere lekuan, geldi. Lurrera heldu zanean eta gorputza koltxoiaren ganean jausi zanean, Ignaciok baekien lortutakoa handia zala: errekor olinpiko barria, Hansenek jarritakoa baino hamar zentimetro gorago. Txaloak nonahi entzuten ziran eta bilbotarrak ezin eban sinistu be egin.

Baina Solaren errekorrak minutu batzuk baino ez eban iraun: kirol saioak aurrera egin eban eta Ignacioren atzetik beste zortzi kirolariek honen markea hobetu eben. Ignacio bera be ahalegindu zan, bost koma hogetabosteko markea baino hobea egiten, baina hiru ahaleginetan huts egin eta azkenean bederatzigarren postuagaz konformau behar izan eban. Dana dala, lau urte arinago Tokion lortutakoa baino postu hobea eta Estaduko errekor barria izan zan berea. Ganera, egindakoagaz orduan Espainiatik joandako hamar kirolarien artean onena izan zan Ignacio.

Txapelketea, eta urrezko dominea, Bob Seagren Estadubatuarrak lortu eban, 5,40 metroko jauziagaz, Schiprowski eta Norwig alemanek jauzi bera egin eben arren.

Dana dala, Ignacio Solak gure kirolak izan dauan errekor olinpiko bakarra lortu eban, minutu batzuk baino iraun ez ebazan arren. Eta hori beti egongo da Olinpiadetako historian jarrita. Bizkaitar batek lehenengo aldiz zerua ikutu eban unea.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria


Olinpiadetan erabat sartuta gagoz. Kirolagaz zerikusia euken beste gertakizun batzuk amaituta, berbarako futbol selekzinoen Europako Txapelketea, gure munduan dan kirol ekitaldi nagusiari hasikerea emon jako. Betiko legez, badira berton be euskaldunak, daukien onena beste bandera batzuren menpean erakutsi behar daben arren. Dana dala, ez da pentsetakoa euskaldunak errekor edo garaipen handiegirik lortuko dabenik.

Baina atzera begiradea botaten badogu, bada joku olinpikoen historian munduko errekorra eta ondorioz errekor olinpikoa lortu eban euskaldun bat. Ignacio Sola bilbotarra dogu berau.

Ignacio Sola Bilbon jaiotakoa zan. Gazte hasi zan kirolean. Kirol guztiak gustetan jakozan baina batez be pertika-jauzia, eta honeri ekin eutson. Hamasei urte eukazanerako Bizkaiko txapelduna genduan bilbotarra, eta 60ko hamarkadako lehenengo urteetarako Espainiako txapelketea be irabazita eukon. Urte askotan mantenduko eban txapelketea.

1968an olinpiadak egoazan deituta Mexikon. Kirol kontuetatik aparte “Black Power” edo “Baltzen Indarra” aldarrikatzeagatik ezagutuko ziran olinpiada honeek, Estadu Batuetako kirolari baltzek euren herrialdean arrazismoa zala eta biztanle baltzak bizi eben egoera jasangatxa aldatzeko egin eben ahalegina.