Jan-edanak  III. urtea // 71. zenbakia

Krisia Frantzian


Ardaogintzeak garrantzia handia dauka Frantzian, izan be, 300.000 personak egiten dabe lan sektore honetan. Pasadan urtean Frantziako upategiek 5.700 miloi euro mogidu ebiezan. Adituen arabera, esportazinoen beherakadeak (guztiaren % 25a) da krisiaren arrazoi nagusia. Kontuan hartu behar dogu ardaogintzan ‘mundu barria’ deitutako ardaoek (Txile, Australia edo Argentina berbarako) indar handiagaz sartu dirala, kalidade eta prezio oso onean ganera.

Esportatzaile frantziarrei gero eta gatxagoa egiten jake euren ardaoak kanpora ataratea. Enpresa multinazionalek publizidadean eta marketinean diru asko gastetan dabe eta ardaoak prezio bajuan saltzen dabez. Horren aurrean, upategietako jaubeek ez dakie zer egin barriro be lehengo merkadua lortzeko.

Mahastizainen arabera, arazo honen errudunetariko batzuk agintariak dira, martxan imini dabezan seguridade eta osasun kanpaina dirala eta. Izan be, gaur egun autoa hartu eta txikito bat edan ostean alkoholemia kontrol batean geratu eta positiboa emoten badozu delitua leporatzen deutsue. Ardaoa eta beste alkohol guztiak parekatu eta boltsa bardinean sartzea txarto ikusten dabe mahastizainek, eta publizidadea egiteko be arazo ugari daukiez upategiek.

Krisi hau geldiarazoteko batzar ugari egin dabez agintariek eta upategien alkarteek. Lehenengo erabagia mahastiak landatzeko baimenak geldiarazotea izan da, larregi dagoz eta.

Espero dot euskaldunok holako krisirik ez eukitea, baina azken ikerketak ikusita Euskal Herrian gero eta ardao gitxiago edaten da, eta ez badogu ezer egiten, krisia hona be helduko dala aurreratu geinke.

Bukatzeko, galdera pare bat agintari, upategi, mahastizain, enologo, ardao komertzial edo enofilo guztiei. Ezer egin barik geratuko gara? Zergaitik ez doguz Frantziako krisia bertora heldu ez daiten lanean hasten eta neurriak hartzen?

Mikel Garaizabal,
enologoa

Frantziako mahastizainak eta ardaoaren munduan dabilzanak oso larri dagoz. Oraintsu batzarra egin dabe gobernuko agintariakaz, krisiari urtenbidea emoteko. Izan be, Frantziako industria emblematikoena krisian dago. Pasadan urteko esportazinoak % 10 bajatu dira eta barruko salmentak (aurtengo udan ardao gorrien salmentak igon egin dira) % 5 bajatu dira.

Argitaratu diran azken ikerketen arabera, bataz beste 2003. urtean frantses bakotxak 58 litro edan ditu, orain 40 urte ehun litro edaten ebazan bitartean. Datu honekaz esan geinke, orain dala gitxi nire lankide Imanolek idatzi eban legez, Espainian eta Frantzian arazo bardina dago, hau da, gero eta ardao gitxiago edaten da.

Frantzian, 1980. urtean, biztanleen % 61ak erregulartasunez edaten eban ardaoa. Gaur egun, barriz, % 37k baino ez dau edaten. Jatetxeetan be ardaoaren konsumoak behera egin dau, eta % 20 bajatu da kopurua.

Ardao konsumoa txikiagoa dan legez, prezioek ere behera egin dabe. Berbarako, 2002. urtean Bordeleko hektarea mahasti bat 37.000 eurotan pagetan zan. Gaur egun, antzeko lur zati bat 23.000 eurotan eros geinke. Adituen arabera, Bordelen 600 - 1.000 upategi porrot egiteko arriskuan dagoz. Nork esango eban Bordeleko ardaoak honelako garaiak pasauko ebazala?