Izotzaren berbotsa
Gatxa da ha zelakoa dan esatea. Erraza da glaziarraren neurriak emotea. Horrek, baina, ez dau ezer adierazoten. Han egon gara isil-isilik, eta glaziarra entzun dogu berba egiten. Berbots berezia dauka: trumoi antzeko soinuak entzun doguz, uretan zeozer jausten danaren zaratea… Ez dago isiltasunik. Daukan berba-jarioa etenbakoa da: burrunbea entzun dogu asago, eta beste bat hori baino urrunago. Ez dakigu zerenak diran, baina.
Goitik begiratuta, glaziarrak mendiak atzean ixten dauazala eta ibar guztia hartzen dauala ikusi dogu. Edurra da, izotza da, baina dana ez da zuria: baltz-guneak be badagoz, hondarrarenak. Eta zuritasuna hain zuria danez, urdin be egiten da. Han egon zeintekez luzaroan, besterik egin barik: begiratu, entzun, egon. Begiratu eta begiratu, begiak kantzau barik. Gizakiaren Natura Ondarea da.
Seinaleek dinoe ez hurreratzeko. Izotz zatiak jausten dira uretara eta zati txikiren batek jo ezkero, hil zaitekez. Izan be, 32 persona hil dira azken 20 urteotan. Zati bat jausten ikustea sekulakoa da. Lehenengo, zatia hormatik banatzen da. Gero, astiro astiro, uraren kontra joten dau, eta zatirik handiena uraren azpian geratzen da. Eta orduantxe entzuten dozu zaratea, zarata handia, ikaragarria, trumoi itzel baten moduan: Brrrrrm!
Ingurua be polita da, arbola asko dagoz eta orriak kolorez aldatzen hasi dira, berdea, marroia, okrea, beilegia, horia, laranjea… Lakuak be kolore indartsua dauka, urdina, eta kontraste polita egiten dau glaziarragaz eta arbolen hostoen koloreagaz.
Perito Moreno glaziarra atzean itxi dogu eta taxian herrira joan gara, gaua egin dan bitartean. Han agertu jaku kotxeko argiaren aurrean erbi bat! Europako erbia da, beste gauza batzuen artean, hona ekarritako animalietako bat. Taxi-gidariak esan deusku gaur egun erbiak ehizatzen dabezala. Ehiztariak sei peso ordaindu behar dauz bala bakotxeko, eta bala kopuru jakin bat emoten deutsie. Erbikia Japoniara bialtzen dabe, eta han txakurrentzat eta katuentzat jatekoa egiten dabe.
Francisco Moreno peritoa 1852an jaio zan, eta 1919an hil. Glaziarrari haren izena emon eutsien. Argentinako Gobernuak kontratau eban Patagoniara joateko eta hango lurrak aztertzeko. Izan be, Txileren eta Argentinaren artean arazoak sortzen ziran mugearen ganean, eta gerrak be sortarazo ebazan. Moreno peritoa Patagoniara joan zan eta hango indioen laguntzinoagaz lurraldearen ganeko informazinoa batu eban: lakuak, errekak, mendiak, bideak… Danak islatu ebezan paperean. Gobernuak informazino hori eskuetan eukita, erraz izan eban hango lurren jaube izateko, eta militarrek indioen kontrako erasoak egin ebiezan. Informazino horri esker Moreno peritoa izen handiko gizon bihurtu zan. Indio ugari hil ebiezan, baita euren lurrak kendu, kulturea ezereztatu eta euren bizimodua aldatzera bultzatu be.
Gauean lekurik merkeenean egin dogu lo. Logelea txikia da, lau litera sartzeko lekua baino ez dago, gau-mahai txiki bat, eta bentana txikitxu bat (armairuak kanpoan dagoz). Ohe bana daukagu, eta laugarrena, motxilak ixteko. Etxunduta ondo egon gara, arazoa danok zutunik egon gura izan dogunean sortu da!
Iratxe Ormatza
Suaren Lurra itxi eta zerura joatea erabagi dogu, harrizko bideak behean itxi eta lainoen artean ibilteko. Islak eta mendietako edurra ikustea polita izan da. Ordubete egin dogu bertan eta Andeetan be egon gara. Gero, Calafatera etorri gara Perito Moreno glaziarra ikustera. Abioitik bajau eta taxiz joan gara glaziarrerantz, Ushuaian ezagututako Belgikako mutil bat, nebea eta hirurok. Ailegau baino lehenago, taxi-gidariak esan deusku: ‘kurba honeri zizpuruen kurbea esaten deutsie’. Eta bai, holan izan da, bueltea hartu eta "ai!" esan dogu. Jakinaren ganean egon arren, ezin izan deutsagu eutsi.
Aurre-aurrean izan dogunean… ez dago berbarik azaltzeko ikusi doguna. Mendien artean izotzezko errekea, 32 kilometro guztira. Horreetatik 14 uraren ganean, glaziarra Argentina lakuraino ailegetan da eta. Uraren ganean 50-55 metro arteko izotz-hormea daukagu. Zabalarea sei-zazpi kilometrokoa da. Glaziarrak metro bi aurrera egiten dau egunero-egunero, eta edurra galtzen ez dauan kontinenteko glaziar bakarra da. Izan be, edurra egiten dauanean, inguruko mendietan eta glaziarrean geratzen da. Gero, gitxi-gitxika, behera egiten dau, glaziarragaz bat egin arte. Glaziarrak aurrera egiten dau lotu barik, uraren ganean, lurra topau arte. Orduan, galziarra lurraren ganean lotzen da apur baten, eta gero apurtu egiten da. Gitxi gorabehera hamasei urterik behin pasetan da hori. Aurton hamaseigarrena izan da, eta guk ez dogu ikusi, baina benetan ikusgarria ei da.