Kulturea  III. urtea // 71. zenbakia

Gaitzerdi Teatroa, 15 urte eta saridun


"Urbe" lanak, Leioako Antzerki Azokan aurkeztu ostean, euskal ikuskizunik onenaren saria lortu eban. Gaitzerdi Teatroa, konpainiako kideen esanetan, “kaleko ikuskizunak aztertzearen bidetik, gure konpainiaren ildoak segiduten dituan lana da. Ez dogu kalejirarik egiten, eta ez dogu dinamizatzaile lanik egiten. Gure asmo bakarra da erakustea kalean antzerki oso-osoa egin leitekeala, eta aktore integralen zentzunean egiten dogu behar; hau da: aktore akrobatak, dramatikoak eta plastikoak izan behar dabe”. Gauzak holan, Gaitzerdi Teatroak aldatu egiten dau herriaren egiturea, horretarako aktoreak erabilten ditu: esan leiteke egitura urbanoak euren mesedetan ipinten dituala, farolak, bankuak edo parkeak antzerkiko elementu eszenografiko bihurtuz.

Beste alde batetik, Gaitzerdiren lanetako beste ezaugarrietako bat soinua eta irudiak diranez, Sevillako Espartinas Jaialdian saritutako "Naiz" ikuskizunean be elementu horreek zeresan handia hartzen dabe. Ez alperrik. Eurek adierazo daben moduan, “obra honegaz, 15 urteotan erabili izan ditugun elementu guztiak barriro plazaratzeko asmoa euki dogu: ura, harea, sua, argia gauetako ikuskizunetan edo irudi abangoardistak dira elementu horreetako batzuk”.

Gogoratu daigun, ganera, Gaitzerdiren "Girobira" obreak sari handia jaso ebala 2000. urtean, New Yorkeko Antzerki Jaialdian: antzerki koreografiarik onenaren saria, hain zuzen be.

Julen Gabiria

Gaitzerdi Teatroak 15 urte bete ditu aurton. 15 urte, eta beti abangoardian, Euskal Herriko produkzinorako desbardina dan antzerkia egiten. Beharbada obra gatxagoak dira, baina denporeak bakotxa bere lekuan iminten dauala esaten da, eta oraingoan, Bilboko konpainia honek sari bi jaso ditu: Leioako Antzerki Azokan bata, eta Sevillako Espartinas Jaialdian bestea. Sariok merezi izan dituen lanak, barriz, "Urbe" eta "Naiz", hurrenez hurren.

Antzerki talde beterano honek, batez be, kaleko ikuskizunen aldeko apustua egiten dau, eta aitatutako obrak be espazio horretan plazaratzeko asmoagaz sortu ziran. Aretoetan taularatzeko moduko obrak egitearen aukera sekula albo baten itxi ez badabe be, 1988tik, talde legez sortu ziran momentutik konturatu ei ziran askoz be errazago suertauko jakiela kaleko antzerkia egitea. Izan be, noiz edo noiz autortu izan dabenez, garai hareetan euren buruei larregi eskatzen eutsien, eta aretorako urte gehiago behar zirala pentsetan eben. Gaur egun be, ez dira larregi aldatu, 15 urteotako esperientziak lehen ez eukien sendotasuna emon badeutse be. Sendotasun horrek bultzatuta, hurrengo urterako daukien asmoetako bat Kepa Ibarraren “Gabriel-Gabriel” lana taularatzea da, eta modu horretan, batez be, aretoko antzerkian zentretea.